Asteartea,
2024ko Abenduak10

MugaKultura

loader-image
Durango
8:03 pm,
temperature icon 6°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 9 Km/h

Zaldibarrek azterlan bat eskatu du kaperako Aranoaren margolanen kontserbazio egoera ebaluatzeko

ONDAREA ZALDIBAR

Urteetako mantenu faltaren ondorioz, Zaldibarko Osasun Mentaleko Ospitaleko kaperan dauden margolanen egoera kaltetzen joan da. Eneritz Azpitarte alkatea Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariekin batu da gaur han bertan, horma irudiak behatzeko. Aldundiak margolanen egoerari buruzko txostena egingo du.

Zaldibarko Udalak pauso berri bat eman du herriko ondarea babesteko norabidean. Eneritz Azpitarte alkatea Osasun Mentaleko Ospitaleko kaperan izan da goiz honetan, bertako freskoen egoera gainbegiratzen. Alkatearekin batera Bizkaiko Foru Aldundiko hiru teknikari eta praktiketan dabiltzan bi arte ikasle izan dira kaperan. Bertaratzearen arrazoia honako hau da: Juan de Aranoak kapera neorromanikoan margotu zituen freskoen kontserbazio egoera bertatik bertara ezagutzea. Hemendik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartuko du margolanen egoera ebaluatuko duen txostena egiteko ardura, Zaldibarko Udalaren eskariz.

Izan ere, urteetako mantenu faltaren ondorioz, margolanen egoera kaltetzen joan da. Sarritan, pinturen arrastoak topatu izan dira kaperako zoruan. Pelikula piktorikoaren zatiak batzuetan, eta horma irudien kaltetzeagatiko hautsa beste hainbatetan. Gainera, kaperako estalkiak hainbat hezetasun arazo izan ditu hamarkadetan zehar. “Gobernu talde honentzat lehentasunezkoa da herriko ondarea zaintzea eta berreskuratzea. Kaperako margolanekin bide horretan sakonduko dugu, hain zuzen ere. Horregatik, gaur Foru Aldundiarekin hasitako lankidetza bezalatsu, gure esku dauden tresna guztiak eskainiko ditugu margolanok zaintzeko eskuduntza duen instituzio publikoari, Eusko Jaurlaritzari, bidea errazteko”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.

XX. mendeko lehen hamarkadetan ondutako lana

Juan de Aranoa Carredano margolaria Bilbon jaio zen 1901ean. Ikasketak Bizkaiko hiriburuko Arte eta Lanbide Eskolan egin ondoren, Parisen eta Italian garatu zuen artearen inguruko jakintza. 1928an ekin zion Zaldibarko ospitaleko kaperako margolanak egiteari. 1930ean bukatu zituen horma irudiak. Horietan Amabirjinari buruzko eszenak, Kristoren haurtzaroa eta bere Pasioa irudikatu zituen.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu