Astelehena,
2024ko Maiatzak20

MugaKultura

loader-image
Durango
5:08 pm,
temperature icon 17°C
Humidity 62 %
Ráfagas de viento: 16 Km/h

EZTANDAP: “Gure disko berriak oso ondo islatzen du izan dugun eboluzioa”

JON BARAJA

KULTURA AMOREBIETA-ETXANO

Eztandap rock talde zornotzarrak bere bigarren lana argitaratu du: Eta ni begira. Disko honetako zortzi abesti berriak zuzenean entzuteko lehen aukera ostiral honetan, maiatzak 10, helduko da Bilboko Rocket aretoan eskainiko duten aurkezpen kontzertuari esker. “Gero, ia astebururo kontzertu bat izango dugu eta uztailaren 19an Amorebietako jaietan joko dugu”, aurreratu digu Aratz Longo bateriak.

Eztandap taldea.

Asier Fernández (gitarra), Ion Ander Agorreta (baxua), Aratz Longo (bateria) eta Jonathan Santos (ahotsa eta teklatua) zornotzarrek eta Eako Asier Goikoetxeak (gitarra) osatzen dute  Eztandap musika taldea. Boskoteak 2019an ekin zion ibilbideari eta, bi urte geroago, 2021ean, Kondor deituriko lehen lana atera zuen. Orain dela egun batzuk bere bigarren diskoa argitaratu berri du: Eta ni begira. Rock doinu indartsu eta alaiez jositako zortzi abestiz osatuta dago, sei euskaraz eta bi ingelesez. “Diskoak oso ondo islatzen du izan dugun eboluzioa, bai bakarka bai talde bezala. Beste sendotasun bat daukagula ikusten da eta oso gustura geratu gara gure lanarekin”, azaldu dio MUGA-ri Aratz Longok.

“Gure musika rock estiloaren barruan sar daiteke, baina ez dira abesti oso gogorrak”, adierazten du zornotzarrak. Euren letrak “nahiko introspektiboak dira, sentimenduetan oinarrituta”, zehazten du. Eta ni begira Silver Recordings estudioan grabatuta dago Martin L. Guevararen gidaritzapean, zuzenean grabatzeak dakarren freskotasunarekin. Lan honetarako Sua taldeko Aneren kolaborazioa izan dute Run Child abestian, eta Gaur ere deiturikoan Ekhi (Nevadah) eta Baini (Feline) musikariena. Azken kanta honekin bideoklip bat sortu dute, taldearen YouTube kontuan ikus daitekeena.

Abesti berriak datorren ostiralean, maiatzak 10, aurkeztuko dituzte zuzenean Bilboko Rocket aretoan emango duten kontzertuan. Jaialdia 19:30ean abiatuko da eta beste talde bik parte hartuko dute: Kruddö bermeotarrak eta Blanco y en Botella zornotzarrak. “Pasa den asteburuan kontzertu berezi bat eman genuen Zornotzako Musika Bandarekin eta primerako beroketa izan zen ostiral honetako hitzordurako. Oso polita izango da beste bi talderekin egotea, normalean ez ditugulako horrelako aukerak izaten”, onartzen du Longok.

AGENDA

Ostiral honetako kontzertuaren ostean pilo bat gehiago etorriko dira: maiatzaren 18an Basaurin, 24an Bilborocken, 25ean Gasteizen, ekainaren 1ean Donostian… Eta Amorebieta-Etxanoko jaietan kontzertua eskainiko dutela baieztatu diote komunikabide honi! Uztailaren 19an izango da, seguruenik Zubiondo plazan.

Zergatik animatu beharko ginateke Eztandap taldearen kontzertu batera joatera? “Oihartzun handia ez dugun taldeei aukera eman behar zaigula uste dut. Asko eskertzen dugu.  Rock taldeetan bereziki, zuzenezko kontzertuek musika beste era batera bizitzea ahalbidetzen dute. Gainera, gurekin jotzen duten taldeak deskubritzeko aukera polita da ere”, nabarmentzen du musikari zornotzarrak.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu