Astelehena,
2024ko Maiatzak06

MugaKultura

loader-image
Durango
12:27 pm,
temperature icon 15°C
Humidity 87 %
Ráfagas de viento: 14 Km/h

Zein sei herritatik igaroko da larunbatean hasiko den Durangaldea Uztabarritzen IV. bertso zirkuitoa?

JON BARAJA

KULTURA DURANGALDEA

Eskualdeko zein ‘inportazioko’ 24 bertsolarik parte hartuko dute Durangaldeko Bertso Eskolak laugarren aldiz antolatutako ekimen honetan. Sei jaialdiz osatuta, bakoitza herri desberdin batean, lehena Elorrioko gaztetxean burutuko da larunbat honetan, apirilak 13, 20:00etatik aurrera. Maitzaren 17ra arte luzatuko den zirkuitoaren beste bost geldialdiak Otxandio, Izurtza, Ermua, Arrazola eta Zaldibar izango dira aurten.

Ander Elorriaga durangarra Berrizko Topa tabernan.

Durangaldea Uztabarritzen IV. bertso zirkuitoa hastear dago. Eskualdeko zein inguruetako jenerorik onenaz osatutako uzta berriaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du larunbat honetatik, hilak 13, maiatzaren 17ra arte ospatuko den Durangaldeko Bertso Eskolak antolatutako dinamika honek. Ibilbidea Elorrioko gaztetxean hasiko da, iaz ere egoitzetako bat izan zen lekua. Bittor Salterain durangarra, Txaber Altube abadiñarra, Aroa Arrizubieta gasteiztarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra oholtzara igoko dira 20:00etan. Gai-jartzaile lanetan Paulo Salterain durangarra arituko da.

Larunbatetik aurrera, astero saio bat egingo da edizioa amaitu arte. Bigarrena Otxandioko bolalekuan izango da apirilaren 20an, 18:00etan, non eskualdeko Janire Arrizabalaga, Gorka Lazkano eta Igor Galarzarekin batera Amets Arzallus hendaiarrak kantatuko du. Hortik Izurtzako Argintxu elkartearen egoitzara igaroko da zirkuitoa apirilaren 26an, 20:00etan. Oraingo honetan, Bittor Altube, Eneko Abasolo Abarkas eta Unai Iturriaga izango dira Durangaldeko bertsolariak eta Villabonako Oihana Iguaran, ‘inportaziokoa’.

Laugarren geralekua Ermuako Eskilarapeko Ateneoan egingo da maiatzaren 3an 20:00etan. Bertan Irune Basagoiti, Aitor Bizkarra eta Araitz Katarainekin batera eskarmentu handiko Andoni Egaña zarauztarrak kantatuko du. Arrazolako Amillenean burutuko da azkenaurreko jaialdia, maiatzaren 11n, 18:00etan. Iruri Altzerreka, Erika Lagoma eta Ander Elorriaga izango dira eskualdeko ordezkariak eta kanpoko gonbidatua Julio Soto nafarra.

Azken saioa Zaldibarko gaztetxean ospatuko da maiatzaren 17an 20:00etan hasita. Durangaldeko Ixone Asategi, Gorka Pagonabarraga eta Igor Elortzarekin batera, Onintza Enbeita muxikarra igoko da oholtzara edizioari bukaera emateko.

Pasa den urtean Elorrioko gaztetxean egindako saioa.

Durangaldeko Bertso Eskolak 2021ean sortu zuen Uztabarritzen ekimena bertsolaritzari bultzada bat emateko asmoz, pandemiak eragindako egoera zailaren ondorioz plaza ugari galdu zirelako. Zirkuitu honen bitartez eskualdeko bertsolariei oholtza bat eskaintzen zaie, kanpoko bertsolariekin partekatzeko aukera emanez. Urtero leku eta herri desberdinak aukeratzen dira bertsolaritza ahalik eta plaza gehienetara eramateko eta ahalik eta zale gehienengana heltzeko helburuarekin.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu