Larunbata,
2024ko Apirilak27

MugaKultura

loader-image
Durango
10:48 pm,
temperature icon 9°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Zubiaurreren ‘La Pasión de Nuestro Señor Jesucristo’, mende eta erdi geroago editatua, grabatua, estreinatua eta argitaratua

 · Grabazioan, Bilboko Koral Elkarteak ez ezik, Ana Otxoa, Beñat Egiarte, Julen García, Juan Laborería, Alberto Sáez Puente eta Ander Marzana artista nabarmenek ere parte hartu dute, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean

 

Bilboko Koral Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Valentin María Zubiaurre konpositorearen (Garai, Bizkaia, 1837ko otsailak 14 – Madril, 1914ko urtarrilak 13) La Pasión de Nuestro Señor Jesucristo diskoa aurkeztu dute. Maisulan hau, inoiz grabatu eta jendaurrean interpretatu gabea, 1874an konposatu zuen Zubiaurrek, Erromako Espainiako Akademian egin zuen egonaldiaren ordainetan, erakunde horren lehen bekaduna izanik. Grabazioan, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, artista nabarmenek hartu dute parte, hala nola Ana Otxoak (sopranoa), Beñat Egiartek (tenorra), Julen Garcíak (baritonoa), Juan Laboreríak (baritonoa), Alberto Sáez Puente (pianista eta organista) eta Ander Marzanak (pianista). Era berean, Tramak gorrian azalaren diseinua Manu Muniategiandikoetxea artistak egin du, hura ere Erromako Espainiako Akademiaren bekaduna, 2023an; partitura Ángel Brizek editatu du, eta soinu-erregistroa Jean Michel Olivares teknikariak, 2022ko azaroan, Bilboko Santa Monika komentuan.

Grabazio honen atzean, Otilia Fidalgo musikologo ospetsuak zuzendutako ikerketa zehatza dago, eta diskoko oharrak ere hark idatzi ditu. Haren lanak Zubiaurreren partituraren garrantzi historiko eta artistikoa azaleratu du, konpositorearen bizitzari eta obrari buruzko xehetasun liluragarriak ezagutarazteaz batera. Azkenaldian XIX. mendeko musika berreskuratzeko ahalegina egin bada ere, erlijio-musikaren alorreko hutsune historiografikoak esanguratsuak dira oraindik. Valentin Zubiaurre berriz ezagunak izateko zain dauden garai hartako konpositore nabarmenetakoa da. Izan ere, haren erlijio-corpusa ahanzturaren loaldian izan da artxibategietan gaur egun arte, eta orain hasi da musikologiaren eta zenbait musika-erakunderen interesa pizten; hala, hura berreskuratzeko hainbat ekimen abiatu dira.

Musikagilea balioesteko eta bidegabeki ahaztutako musika-corpusa agerian jartzeko nahiak hainbat erakunde motibatu ditu, hala nola ehun urtetik gorako Bilboko Koral Elkartea eta Erromako Espainiako Akademia, bere 150. urteurrenean, baita Bizkaiko Foru Aldundia, Etxepare eta Eusko Jaurlaritza lurraldeko erakundeak ere. Leku horiek konpositorearen ibilbide musikaleko une gorenak ondo baino hobeto laburbiltzen dituen ardatza osatzen dute. Garaik jaiotzen ikusi zuen, Bilbok musikaren munduko ateak ireki zizkion, Nicolás Ledesma maisuaren eskutik Santiago Elizako kaperako kantari hasi zenean, aldi berean hiriko udal musika-eskolan trebatzen ari zela. Bestalde, Erromak Europari angelu berrietatik begiratzeko beharrezko ikuspegia eman zion. Azkenik, bere ibilbide profesionala Madrilen sendotu zen, lau hamarkadan Errege Kaperako maisua izanez, eta leku horretan bertan entzun ziren lehen aldiz, 2023ko martxoan, obra honen akordeak.

Oratorio hau, Valentin María Zubiaurrek maisuki konposatua, bederatzi mugimenduz osatuta dago; modu hunkigarri eta dramatikoan, Gure Jaunaren pasioaren gertaerak San Mateoren arabera kontatzen dituzte. Preludio ikusgarriarekin hasita, obrak In illo tempore dixit Jesus sakonarekin jarraitzen du, non tenorraren ahotsa eta korua uztartzen diren. Ondoren, Et fecerunt discipuli iradokitzailea dator, protagonista baritonoa eta korua dituena, eta gero Et accipiens calicem solemnea, tenorrak, baritonoak, baxuak eta koruak abestua. Jarraian, Et assumpto Petro hunkigarriak sopranoaren ahotsa nabarmentzen du, eta At illi tenentes Jesum zirraragarriak ahots guztiak batzen ditu konposizio txundigarrian. Principes autem sacerdotum pasartea, tonu ilunagoa duena, baxuak eta koruak kantatzen dute. Horren ostean, Postquam autem crucifixerunt eum lazgarriak ahots-hirukotea dakarkigu bizitasun emozional sakoneko unean. Azkenik, Finale dotoreak berriro sopranoaren, tenorraren, baxuaren, baritonoaren eta koruaren ahotsekin ematen dio amaiera obrari.

EUSKAL MUSIKA-ONDAREA

Grabazio honekin, Bilboko Koral Elkarteak aurrera jarraitu du euskal musika-ondareko ahaztutako beste lan batzuk berreskuratzeko eta zabaltzeko helburua betetzeko bidean, eta, nahiz eta diskoa ez dagoen salgai, Bilboko Koral Elkarteko bazkideei eta erakundearen babesleei eskerrak emateko testigantza baliotsua da, publikoaren eskura Spotify banaketa digitaleko plataformaren bidez dagoena.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu