Igandea,
2024ko Apirilak28

MugaKultura

loader-image
Durango
9:08 am,
temperature icon 7°C
Humidity 89 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

GEREDIAGA ELKARTEA: «Durangoko 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketetako 213 biktimei izen-abizenak jarri dizkiegu»

GEREDIAGA ELKARTEA

Hiru urtez burutu dugun lanean, 1937ko Martxoaren 31n, Durangoko bonbardaketetako biktimak identifikatzea izan dugu helburu nagusia. 2021ean, Durangoko Udaleko memoria mahaian hobi komunetan ehortzitako 84 pertsonak identifikatu eta euren familiak bilatzeko lana egitea adostu genuen. Lanaren sustatzaileak Gerediaga Elkartea eta Durango 1936 Kultur Elkartea izan ginen, udalaren babesarekin eta Gogora Institutuaren dirulaguntzarekin. Ikerketa lana egiteko, Jimi Jimenez historialari durangarra izendatu genuen.

Jimi Jimenez atzo Durangoko Museoan. IBAN GORRITI

Lehen ikerketa horren ostean, Durangoko bonbardaketan hildakoak aipatzen ziren zerrendak aztertu beharra ikusi genuen, eta horretan ibili gara beste bi urte.  Ikerlanerako oinarri Jon Irazabal historialariak 2001ean argitaratutako liburuan jasotzen dituen 334 biktimak izan dira. Liburuko zerrendarekin batera, Eusko Jaurlaritzak 1937an kaleratutako bonbardaketetako biktimen txostena ere erabili dugu.

Bikoitza izan da lanaren helburua: batetik, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketetako biktima kopuruaren berrikuspen zehatza egitea, eta bigarren euren identifikazioa.

Ikerketa lan honetara heltzeko, Jon Irazabalen lana eta 2001ean argitaratutako liburua funtsezkoak izan dira. Durangaldean gerra zibila ikertzen bera hasi zen 80ko hamarkadan eta bidea ez zen erreza izan. XX. Mende amaierara arte iraun zuen isiltasuna eta hitz egiteko beldurra traba handiak izan ziren.

Ondorio nagusiak

BIKTIMA KOPURUA

Ikerketan baieztatu ahal izan dugun biktima kopurua 213 izan da. Horien artean daude, oraindik, ezazagun jarraitzen duten 13 pertsona.

Orain arte Durangoko bonbarbaketetako biktimatzat genituen zenbait ez dira egun horretako biktimak, nahiz eta batzuk gerrako biktima izaten jarraitzen duten. Aztertutako zerrendetatik 77 izan dira beste kausa baten ondorioz hil zirenak. Gerra egoerak eta unearen ziltasunak Durangoko bonbardaketen biktima ez ziren hildakoak zenbatzea eragin zuela ondorioztatu dugu.

Biktima askoren identifikazioa txarto egin zen. Erregistro ezberdinetan arakatuz, biktima askoren izen-abizenak zuzendu dira. Identifikazio berriak ere egin dira: 16 guztira. Eta errepikatutako biktimak ere aurkitu ditugu, arrazoi ezberdinengatik birritan kontatuta (54)

« Abadiñoko bonbardaketan” hildako moduan erregistroetan agertzen diren 4 lagun ere identifikatu ditugu. Horiek Durangoko bonbardaketako biktima moduan mantentzea erabaki dugu, Durango erasotzeko operazio militar berean izan zirela uste dugulako (kontuan izan behar da, Abadiño Durangoren herri mugakidea dela eta erasoak ekialdetik mendebaldera hasi zituztela)

Durangoko bonbardaketetako biktima kopurua zehaztu eta gehienak identifikatu arren, zerrenda irekia izango da beti. Ziurtasunez, ezin dezakegu esan bonbardaketetako biktima guztiak orduko zerrendetan jaso ziren edo ez.

BIKTIMEN IZAERA

1937ko martxoaren 31n Durangoko bonbardaketetan hildako %74 zibilak izan ziren, horietatik %65 emakumeak, 16 urtetik beherakoak %15 eta 60 urtetik gorakoak %17. Beste %26 Euzko Gudarosteko batailoi ezberdinetako gudariak ziren, eta 19 eliztarrak (tartean Santa Susana komentuko 14 monja)

Datu hauek frogatzen dute azpiegitura estrategikoak suntsitzeaz gain, populazio zibilaren kontrako eraso garbia izan zela, herritarrak izutzeko helburuarekin.

Ikertzen jarraitzeko beharra

Berriro azpimarratu nahi dugu, berrikusitako biktimen zerrenda irekia dela. Ezin dugulako ziurtasun osoz esan, bonbardaketetako biktima guztiak erregistratu zirela. Gainera, oraindik 13 pertsona identifikatu barik daude. Horrek biktimetan oinarritutako ikerketa lerroa zabalik uzten du.

Gainera, Abadiñoko bonbardaketetan hildako lau pertsona identifikatu direla aintzat hartuta, 1937ko martxoaren 31n, Abadiñon zer gertau zen aztertzea eta gerra garaiko azterketa sakonagoa egitea komenigarritzat jotzen dugu.

Ikerketa lana Gerediaga Elkartearen webguneko dokumentategian kontsultatu daiteke hemen.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu