Mankomunitatearen ‘Gurot’ tribial lehiaketak sariak izango ditu Dendak Bai elkarteari esker
Bizkaiko gazteen artean arrakastatsuenetakoa den jolas hau berriro ere bueltan da. Oraingoan edizio berritua eta osatua dakar, dagoeneko 11 eskualdetara zabaldu dena. 2023an 3.200 gazte bizkaitar aritu ziren Gurot aplikazioarekin jolasten. Mankomunitatearen tribial lehiaketak sariak izango ditu Dendak Bai elkarteari esker
Bere helburua, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeaz gain, gazteei euren aisialdirako jolas edo tresna egoki bat eskaintzea da, galderei erantzunez sariak irabazteko aukera emanda.
Hil honetan bertan, otsailaren 26an, abiatuko da taldekako lehiaketa. Lehiaketa horretan parte hartzeko, gazteek hiru laguneko taldeak osatu beharko dituzte eta, behin hori eginda, ahalik eta galdera gehien erantzun. Udal edo mankomunitate bakoitzeko talde bi onenek herriko sariak irabaziko dituzte, eta lehenengoa final handira pasatuko da. Final handi hori, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundua, San Mamesen jokatuko da apirilaren 26an.
Banakako lehiaketa
Taldekako lehiaketa horren aurretik, irailetik abendura bitartean, banakako lehiaketa jokatu zen. Lehiaketa hori Bizkaiko honako herri eta mankomunitate hauek antolatu zuten: Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Lekeitio, Mungia, Sestao eta Enkarterri, Durangalde eta Txorierriko mankomunitateak; Aldundiaren zerbitzu den Alkarbideren lankidetzarekin.
Fase horretan gazteek banaka erantzun zituzten Gurot-ek batzen dituen galderak, gai
ezberdinen ingurukoak, Euskal Herrikoak eta mundu zabalekoak. Galdera horiek gazteentzat egokituak daude eta aldian-aldian berritzen dira. Gaur egun 3.000tik gora
galdera eskaintzen ditu Gurot-ek eta apurka-apurka gazteentzat erakargarri eta intereskoak izango diren galdera gehiago sartzea aurreikusi da.
GUROT 2024, berritua eta zabalagoa
Proiektua hartzen ari den dimentsioaren jakitun, aurten programa informatikoa berritzea erabaki da, bisualagoa eta erakargarriagoa izan dadin, punta-puntakoa den enpresa baten eskutik (“Egunean Behin” programa ezaguna sortu duena). Eguneratze horretan inbertsio handia egingo da aurten.
Eta lehenago aipatu denez, 2023ko udagoienean Bizkaiko hainbat herritara zabaldu da Gurot, hain zuzen ere 11 udal eta mankomunitatera. Bizkaiko mendebaldetik hasi eta ekialderaino, oso ezberdinak diren herrietako gazteak batzen ditu Gurot-ek. Hurrengo geltokia: San Mameseko final handia eta Bizkaia osoa.
Finalean sari paregabeak lortzeko aukera egongo da: asteburu pasak Madrilgo Warnerren, Irri Sarri Landen eta Miarritzeko Cité de LÓceanen, besteak beste.