AROA BLANCO ETA MAITE LÓPEZ: “Denok ondo pasatzea eta barre egitea da ‘Euskaldungak’ ikuskizunaren helburu nagusia”
JON BARAJA
KULTURA DURANGO/AMOREBIETA-ETXANO
Zergatik kostatzen zaie hainbeste euskaldun zaharrei euskaldun berriak zuzentzea? Eta euskaldun berriek zergatik diote halako beldur izugarria akatsak egiteari? Mota honetako galderak erantzutea da Aroa Blanco durangarrak eta Maite López berriztarrak sortu duten ‘Euskaldungak’ antzezlanaren erronka zaila. Estreinaldia Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan izango da otsailaren 16an, ostirala, 20:00etatik aurrera. Bertan, bi aktoreak lehen aldiz igoko dira elkarrekin eszenatoki batera, euskararen mundu liluragarrian bizitako abenturak modu dibertigarrian kontatzeko.
Zer esango dute euskaldun berri batek eta euskaldun zahar batek euskarari buruz? Pasa den Durangoko Azokan bertsio laburra aurkeztu ostean, Aroa Blanco durangarra eta Maite López berriztarra lehenengo aldiz igoko dira elkarrekin eszenatokira umorez beteriko ‘Euskaldungak’ lana eskaintzeko. “Komedia erabiltzen dugu gure historia, edo istorioa, kontatzeko”, esan diote MUGA-ri Maitek eta Aroak. Estreinaldia Zornotza Aretoan burutuko dute otsailaren 16an, baina emanaldi gehiago izango dituzte. Momentuz, baieztatutako datak dituzte Galdakaon -martxoaren 15ean-, Durangoko San Agustin Kultur Gunean -martxoaren 21ean- eta Gernikan -maiatzaren 31ean-. Antzezlanak ordubete inguruko iraupena du.
Pasa den udan hasi ziren ideiari forma ematen eta testua idazten. “Aspaldi ezagutzen gara. Ez genuen esaten, baina oholtzara biok batera igotzeko gogo handia geneukan. Hitz egiten hasi genuen eta aurrera jarraitu genuen”, nabarmentzen dute Taulelak deituriko konpainia sortu duten bi aktoreek. “Bakoitzak bere proiektua dauka: Taula (Maite) eta Las Paralelas (Aroa). Biak batuz, Taulelak. Egia esanda, ez genuen izen bat sortzeko asmorik, baina Durangoko Azokarako Arantza Arrazolak, San Agustin Kultur Guneko arduradunak, izen bat behar zuela esan zigun eta, orduan, nahaste hori egin genuen”, azaltzen dute.
“Denok egingo ditugu kriston barreak»
Zergatik joan behar gara ‘Euskaldungak’ ikustera? Hona hemen egileen erantzuna: “Denok egingo ditugu kriston barreak, bai euskaltegian dauden pertsonak bai euskaldun zaharrak asko identifikatuko dira gurekin. Helburu nagusia hori da, ondo pasatzea eta barre asko egitea”. Hori posible izango da ere ikuskizunaren kanpoko begirada egin duen Patricia Urrutiaren lanari esker. “San Agustin Kultur Guneari eta Arantza Arrazolari eskerrak eman nahi dizkiegu ere, asko lagundu digutelako”, gehitu dute artistek.
Hau da Aroa eta Maiteren lehen lan bateratua, baina ziurrenik ez da azkena izango. “Ideia pilo bat ditugu eta kimika oso ona dago gure artean. Izan ere, proiektu hau amaitu barik, hurrengoan pentsatzen hasi ginen. Gauza berriak egiteko asmoa badago, baina pausoz pauso joango gara”, aurreratu diote komunikabide honi.