Larunbata,
2024ko Apirilak27

MugaKultura

loader-image
Durango
5:40 pm,
temperature icon 14°C
Humidity 93 %
Ráfagas de viento: 20 Km/h

Korta edo saroien misterioak azaleratzen dituen erakusketa zabalik dago Elorrion

Erakusketa honetan, lehenengoz, korta edo saroien misterioak azaleratzen dituen ikerketa bat jasotzen da. Mendi eta herri-lurretan oinarritutako antolaketa baten esparruan sortu ziren, eta ondasun publiko baten erabilera pribatizatzeko lehen moduetako bat izan ziren. Lurrok hiribildu eta kontzejuenak ziren eta abeltzaintza-ekonomia sustatzeko lagatzen zituzten. Iturri Kultur Etxean dago zabalik, otsailean.

Euskal Herrian forma biribila dute ezaugarri, esparruaren erdian kokatutako harri handi batetik abiatuaz trazatzen dena. Gertakari orokortu baten ikuspegia eskainiko da erakusketa gelan. Izan ere, ez da gure lurraldearen katastro-ordenamenduko kuriositate hutsa, lehen ia mendi-lur guztiak hartzen zituen-eta, nahiz eta gaur egun bakarrik izan zenaren % 20 baino ezin dezakegun ikusi.

Zehatz esanda, mendi-lur horien jatorriak, egiturak, neurketa- eta mugaketa-erak, tipologiak eta erabilerak, kokapenak zein garapen historikoak aztertzen ditu erakusketak. Izan ere, saroiek abizenak, baserriak eta paisaia eman zizkiguten. Guk sortu genituen, eta inguruan ditugu.

Panelak, dokumentu historikoak, pieza originalak, aireko argazkiak, kartografia eta ikus-entzunezko materialak batzen ditu erakusketak. Adibidez, kortabasoei buruzko XVII. eta XVIII. mendeetako krokisak, Iurretako Udal Artxibo Historikoak bildutakoak eta banakakoek dohaintzan emandakoak. Horrez gain, antzinako zenbait autoreren testuak jaso dira, hala nola Juan Ramón Iturrizarenak eta Pedro Bernardo Villarreal de Berrizenak, eta Bizkaiko Foru Zaharraren alerik antzinakoena ikusteko aukera ere eskaintzen du.

MUGARRIAK

Bestalde, zenbait mugarri zentral jarri dira ikusgai, kortarriak eta austarriak, horietako bakoitza dagokion idazkunarekin. Gainera, ortoargazkiak, katastroak eta gaur egungo kartografiak aireko ikuspegitik ikusi ahal izango dira, eta Xabi Crespo zuzendari eta dokumentalistak Makoletako kortabasoari (Arrieta, Bizkaia) buruz egindako film laburra ere bai.

Azken finean, gure arbasoen ordenamendu eta lurralde-okupazioko ereduen oinordetza dira, zeinak espazioaren ikuskera biribil bat erakusten duten: mendia lurzati biribiletan antolatzeko modu sistematizatu bat, gure mendi-paisaia kulturalaren oinarrizko geruza dena.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu