Durangoko Udaleko Berdintasun sailak antolatutako abesti feministen lehiaketara aurkezteko epea zabalik da
EMAKUMEOK DURANGO
Durangoko Udaleko Berdintasun sailak abesti feministen lehiaketarako lanak aurkezteko epea zabaldu berri du. VI. edizioan musikako adierazpen eta sormen feminista sarituko dira beste behin. «Gazteei zuzendutako abesti feministen lehiaketa indartzen eta antolatzen jarraitzea funtsezkoa da hurrengo belaunaldia ahalduntzeko, sormena inspiratzeko eta musikaren bidez genero-berdintasuna sustatuko duen elkarrizketa inklusiboa sustatzeko», azaldu du Jesica Ruiz Herrigintzako zinegotziak.
Lehiaketara emakumeak eta haien eskubideak ardatz dituzten era guztietako musika-konposizioak aurkeztu ahal izango dira. «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna irudikatzen eta erretratatzen duten abestiak bilatzen ditugu, honako helburu hauek bultzatzen dituztenak: genero-aniztasunak eta -identitateak gorestea; desberdintasunak azaleratzea; maitasuna jabekuntzatik ulertzea; genero-estereotipoak sahiestea; ahaldundutako emakumeak erakustea; historian zehar emakumeen protagonismoa erreklamatzea; emakumeen arteko laguntza, adiskidetasuna, ahizpatasuna goraipatzea eta emakumeen aurkako indarkeria salatzea», zehaztu du Ruizek.
Herri-bozketa telematikoki lehen aldiz
Udalak bi kategoriatan banatuko ditu sariak. 16 eta 30 urte bitarteko pertsonen kategorian, abesti bakarlari onena (600 euro) eta talde-lan onena (600 euro) sarituko dira. Bigarren kategorian, 30 urtetik gorakoei zuzendutakoan, abesti bakarlari onena (500 euro) eta taldean aurkeztutako onena (500 euro) ere sarituko dira. Bi kategorietan, norberaren sorkuntzak diren abestiak positiboki baloratuko dira (letra eta musika originala). Gainera, bi kategorietako taldeek eta bakarlariek beste sari batzuk ere jasoko dituzte: publikoaren saria 350 euroko abesti onenari, 350 euroko euskarazko abesti onenari saria eta 150 euroko aipamen bereziak. Publikoak bere abesti gogokoena aukeratu ahal izango du herri bozketaren bidez martxoaren 4tik 14ra, eta lehiaketan lehen aldiz, herri-bozketa telematikoki egin ahal izango da, www.partehartu.durango.eus plataformaren bidez. Durangon erroldatutako 16 urtetik gorakoek eman ahal izango dute botoa. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.
Epaimahaiak Berdintasun teknikari batek, Durangoko Berdintasun/Mugimendu Feministako Udal Kontseiluko bi emakumek eta musikan esperientzia duten bi pertsonak osatuko dute, eta gehienez ere 12 talde edo interprete hautatuko ditu, azken sailkapenera pasatzeko. Jatorrizko kantuak kategorian plagioa antzemanez gero, proposamena automatikoki baztertuko da lehiaketatik.
Amaiera kontzertua martxoaren 16an 12 finalistekin
Hautatutako 12 talde edo bakarlariek amaiera kontzertu batean joko dute martxoaren 16an, 19:00etan, Plateruena Kultura Aterpean, lehiaketako sariak eskuratzeko.
Aurreko edizioetan proposamenak aurkeztu dituzten pertsonek edo taldeek ezin izango dute berriro abesti bera aurkeztu kategoria bakar batean ere. Talde edo bakarlari bakoitzak gehienez bi abestirekin parte hartu ahal izango du, gehienez 10 minutuz.
Lanak aurkezteko epea otsailaren 15ean amaituko da eta, lehen aldiz, modu elektronikoan izapidetu beharko da inskripzioa. Horretarako, I. eranskineko eredua bete beharko da, Durangoko Udalaren egoitza elektronikoan, udalaren webgunean (www.durango.eus), dirulaguntzen atalean. Grabazioak Youtuberako loturaren URL bidez aurkeztuko dira.