Euskal Herriko zazpi lurraldeetan aldi berean estreinatuko da ‘Bizkarsoro’ filma ostiralean
KULTURA DURANGO
Durangaldeko euskalgintzak babestuta, gaur, Bizkarsoro ikus-entzunezkoaren estreinaldiaren aurkezpena egin dute Durangoko Zugaza zineman. Ostiralean, aldi berean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan estreinatuko da filma. Bertan, Josu Martinez, lanaren zuzendariarekin batera, eskualdeko euskalgintzako elkarte ezberdinetako ordezkariak egon dira. Durangon, Zugaza zineman, bi emanaldi izango dira. Ostiralean, areto nagusian arratsaldeko 18:30ean. Emanaldiaren ostean, Hibai Castro Egia argazki zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango da. Herriko bigarren proiekzioa, igandean, 19:30ean.
PRENTSA OHARRA
BIZKARSORO · Euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizigogoaren historia
Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da Bizkarsoro. Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak.
1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna.
Bizkarsoro gogoeta eta eztabaida sozialerako
Gure helburua Bizkarsoro Euskal Herri osoko ahalik eta herri gehienetan proiektatzea da. Gure helburua, proiekzioarekin batera, filmaren mamiaz gogoeta eragitea da:
· Euskaldunak eta euskarak pairatu duen eta egun pairatzen duen jazarpenari buruz. Filma joan den mendean kokatuta egonik ere, bertan kontatzen direnek ez dute gaurkotasunik galdu. Gaurko nerabe batek identifikatzeko moduko egoerak gertatzen dira Bizkarsoron.
· Euskarazko sorkuntzak Euskal Herriaren historia eta oraina kontatzeko duen ahalmenaz.
· Herri-zinemaz: Bizkarsoron parte hartu duten guztiek, bai kameren aurrean bai kameren atzean parte hartu dutenek, euskaraz egin dute.
· Emanaldiak elkarlanean antolatu
Gure helburua emanaldiak Euskal Herri osoko euskalgintzako, kulturgintzako eta herrigintzan ari diren bestelako eragileekin zein tokian tokiko euskalgintzako, kulturgintzako eta herrigintzan ari diren bestelako eragileekin elkarlanean antolatzea da.
· Estreinaldia, urtarrilaren 12an, Euskal Herriko lurralde guztietan
Zazpi lurraldeetan estreinatuko da aldi berean Bizkarsoro filma. Herrialde bakoitzeko herri eta leku bakarrean izango da. Hona hemen zerrenda:
Araba: Gasteiz, Florida
Bizkaia: Durango, Zugaza
Gizpukoa: Tolosa, Leidor
Lapurdi: Baiona, Atalante
Baxe Nafarroa: Garazi, Le Vauban
Nafarroa Garaia: Altsasu, Lortia
Zuberoa: Maule, Maule Baitha
Durangoko estreinaldia euskalgintza arloko eragileek babestuta
Gerediaga elkarteal, Berbaro elkarteak, Durangaldeko AEK eta Korrikak eta Euskal Herrian Euskarazek bat egin dute Bizkarsoro filmearen estreinaldia babesteko.
Durangon, Zugaza zineman, bi emanaldi izango dira. Urtarrilaren 12an, ostiralean, areto nagusian arratsaldeko 18:30ean. Emanaldiaren ostean, Hibai Castro Egia argazki zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango da. Durangoko bigarren emanaldia, urtarrilaren 14an, 19:30ean egingo da.