Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
6:09 am,
temperature icon 18°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

“25 urte hauetan Karrikatik pasa den jende guztia gonbidatu nahi dugu urtarrilaren 20an ospatuko dugun ekitaldira”

JON BARAJA

KULTURA DURANGO

Durangoko Karrika Antzerki Taldeak 25 urte bete ditu bukatu berri den 2023an. Urteurren berezi honen ospakizunak borobiltzeko, jai ekitaldi bat antolatuko du urtarrilaren 20an ibilbidearen errepasoa egiteko asmoarekin. San Agustin Kultur Gunean burutuko da 19:30etik aurrera eta mende laurden honetan konpainiatik pasa diren pertsona guztiei bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi diete. “Gurekin kontaktatzeko 667923891 telefonora deitu edo info@karrikaantzerkitaldea.eus helbide elektronikoa idatzi ahal dute”, zehazten du hasieratik taldeko kide den Maite Lopez Zabalak.

Karrika Antzerki Taldea 1998an jaio zen Durangon. Berbaro, Insitutua eta Kurutziaga Ikastolaren arteko proiektu bat bezala hasi zen, euskal antzerkiak zeukan gabeziari aurre egiteko eta euskara bultzatzeko helburuarekin. “Jendea sartzen eta irtetzen zen urte bat edo bi egon ondoren, baina apurka talde bat sortu zen geratzen joan ginenen pertsonekin: Uxuri Gallastegi, Nazaret Froufe, Naiara Lopez, Garazi Magunagoitia, ni…”, gogoratzen du Maite Lopez Zabala durangarrak. Izan ere, bera da hasiera-hasieratik dagoen bakarra.

MILAKA ANEKDOTA

Une honetan hamar pertsonek osatzen dute Karrika, baina sortu zenetik ia ehun antzezle igaro dira Durangoko konpainia amateur honetatik. Urtarrilaren 20an San Agustinen egingo den jaian ahal diren gehienak batzea dute helburu. “Gure ibilbidearen errepaso bat egingo dugu 45 minutuko ekitaldi batekin. Gero, hallean ardo bat hartuko dugu eta hitz egiteko aukera izango dugu”, azaldu dio Lopezek MUGA-ri.

“25 urte hauetan milaka anekdota bizi izan ditugu. Batzuk aukeratu ditugu eta antzeztuko ditugu”, aurreratzen du. Haien artean ez da faltako ‘Martxoak 31’ lana prestatzerakoan gertatu zitzaiena. Normalean aurrekontu gutxi izaten dute, baina ikuskizun horretarako Europatik zetorren diru-laguntza bat lortu zuten. “Bat-batean, dirua geneukan! Inbertitzen hasi genuen… eta Guardia Zibilaren kuartelean amaitu genuen, Bartzelonatik eskatu genituen errifle-erreplika batzuengatik”, azpimarratzen du Karrikako kideak.

30 BAT IKUSKIZUN

Guztira, 30 bat ikuskizun taularatu ditu konpainiak mende laurden honetan. Berezienen artean ‘Fartsa’ dago, lehena izan zelako eta “pila bat gauza ikasi genituelako”. ‘Deshakesperazioa’ beste lan oso garrantzitsu bat izan zen, Txotxek zendu aurretik zuzendu zuen azkena. “Oso barruan daramagu obra hori, Shakespeareren testuetan oinarrituta”. Aipatzekoa da era ‘Karrikan’ ikuskizuna, Patricia Urrutiak zuzendutako lehena. “Konpainia amateurrak ezin ginen bildu pandemiarengatik eta taularatzeko asko itxaron behar izan genuen”, azaltzen du Lopezek.

Azken hilabeteetan hainbat lanetan murgilduta ibili dira: Txosnaguneko txupinazoa, Gau-baltza, Durangoko Azoka… Hala ere,  2024rako erronka berri bat dute Karrikako kideek. “Aurten antzezlan berri bat aurkeztuko dugu, oraindik ez dauka izenbururik, baina sorkuntza-lanetan gabiltza”, aurreratu dio Lopezek MUGA-ri.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu