Amorebieta-Etxanoko ‘Lima’ arropa dendak irabazi du Bizkaiko erakusleiho lehiaketa
Amorebieta-Etxanoko Lima arropa dendak irabazi du Bizkaidendaken erakusleihoen lehiaketa. Bizkaiko Merkataritzaren Galak XV. urteurrena ospatu zuen Durangoko Plateruena Kultur Aterpean, eta bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak eta baita Bizkaiko hogeita hamar alkate eta zinegotzi baino gehiago, parte hartu zuten saltoki guztiak babestuz.
Jaione eta Aintzane Lejarraga ahizpak izan dira bosgarren edizio honetako irabazleak. Lima denda duela sei urte ireki zuten Amorebieta-Etxanoren erdigunean, San Miguel kalean. Hala, 16 urtez leku berean egon zen aurreko establezimenduaren lekukoa hartu zuten, A la lima y al limón izena zuena. «Schockean» eta «oso pozik eta eskertuta» agertu dira berri handiarekin eta saria galan jaso ondoren. «Agerian egotea gustatzen ez zaigun bi pertsona gara, baina poz handia hartu dugu. Gainera, pertsona askoren babesa jaso dugu «, adierazi dute. «Urte gogorrak izan dira, baina urte askotan zehar borrokan jarraitzeko eta gure dendaren buru izaten jarraitzeko gogo handia dugu. Herritarren fideltasunak ere laguntzen du. Denda txikia entzuteko lekua da, eta denoi gustatzen zaigu entzunak sentitzea. Merkataritza txikia hurbiltasuna eta elkartasuna da «, gaineratu dute.
Urre koloreko uztai ikusgarria
Gabonetako erakusleihoa apaintzeko, Lejarraga ahizpek hainbat ikastarotan eskuratutako ezagutza aprobetxatu dute, eta hiri handietako Gabonetako erakusleihoei erreparatu diete. «Metalezko uztai handi bat jarri genuen, eta jendeak esan digu ederra geratu dela. Urre kolorekoa da, distiratsua, Gabonekin oso lotua eta ikusgarritasuna ematen digu daukan argiarekin «, azaldu dute.
Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatea, Merkataritza eta Ostalaritzako zinegotzi Amaia Aurrekoetxeak eta Dendariak Amorebieta-Etxanoko merkatarien elkarteko ordezkariek udalerriko merkataritza eta ostalaritzako ordezkariak lagundu zituzten galara. Alkateak Amorebieta-Etxanorentzat horrelako lehiaketa garrantzitsu batean bertako saltoki batek lehen saria jaso izana «harro» egoteko modukoa dela nabarmendu du. «Tokiko merkataritzak ez dio Amorebieta-Etxanoko ekonomiari bakarrik laguntzen. Hari esker mantentzen dira bizirik gure kultura eta ohiturak. Gure udalerriaren bihotza eta arima da. Amorebieta-Etxanon ekintzaletasunak eta bertakoarekiko grinak negozio asko haztea eta aurrera egitea ahalbidetu dute eta horren lekuko izan gara. Lima da horren adibide argia da. Nire zorionik beroena eta nire errekonozimendurik handiena zuen espiritu ekintzaileari eta zuen gogo handiari. Ondo merezitako saria duzue. Zorionak! «, gaineratu du alkateak.
Bizkaidendakeko presidenteak, José Andrés Cebrecosek, eman zion lehen saria Lima dendari, eta «kaleko merkataritzaren, hurbileko merkataritzaren, Bizkaiko auzo eta herrietakoaren eta gure kaleei argia eta zerbitzuak ematen dizkieten establezimenduen garrantzia» azpimarratu du.
Bizkaiko erakusleihoen lehiaketako bigarren saria Abadiñoko Enxebre Ogidenda okindegiak jaso du, hirugarrena Astrabudua-Erandioko Pollería Charo-k eta boto herrikoia Trapagarango Maxi ‘m Peluqueros –ek.
Bizkaidenda elkarteak lehiaketan honetan bi sari berri banatu zituen lehen aldiz osteguneko galan: Etorkizuna eta Berrikuntza, Urdulizko Hiart Intxaurtieta establezimendu bioestetikoak jaso zuena. Eta Ibilbide Profesionalaren saria Bermeoko Farmazia Itxasne Gabilondo -k jaso zuen. Familiak 202 urte baino gehiago daramatza farmazia horretan lanean, toki berean.
Amaitzeko, omenaldi hunkigarria egin zitzaien Bizkaidendak sortu zuten zortzi elkarteei, besteak beste, Dendariak Amorebieta-Etxanoko merkatarien elkartea. Gaur egun 43 elkarte, zonalde eta gremio federatuk osatzen dute Bizkaidendak.