Euskaraz barra-barra kanpaina sustatzeko ‘17.logela’ egingo da Amorebietan bihar eta etzi
Herriko establezimenduetan euskararen erabilera sustatzeko eta Euskaraz barra-barra ikurrari ikusgarritasuna emateko, ‘17. Logela’ izeneko ihes gela egingo da abenduaren 22an eta 23an Amorebieta-Etxanon. Ostiralean, abenduak 22, 17:00etatik 21:00etara egongo da irekita ihes gela, eta larunbatean, abenduak 23, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Zelaieta parkean egongo da.
Ihes gelan parte hartzea doakoa izango da, baina derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea https://euskarazbarrabarra.eus/ihes-gela/ helbidean. Guztira 12 txanda egongo dira bi egunetan, eta izena ematerakoan zehaztu egin beharko da zein txandatan parte hartu nahi den. Txanda bakoitzean gehienez bost pertsonako taldetan parte hartu ahalko da.
Ihes-gelak intrigazko istorio bat aurkeztuko die parte hartzaileei. Thotel izeneko luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritar ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar. Urteurren borobil horretan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izaretan lo egiteko pribilegioa eskaintzeko. Parte hartzaileek 40 minutu izango dituzte ihes gelan planteatzen den arazoa ebazteko.
Establezimenduetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea
Euskaraz barra-barra Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak babestutako ekimena da. Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da marka honen erronka nagusia,eta honako helburuak ditu: Euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez; Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta bermatzea; Euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea; eta euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.