Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
5:30 am,
temperature icon 18°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Amorebieta-Etxanoko herritarrak Gabonetako programa zoragarrian murgilduko dira asteburu honetan

KULTURA AMOREBIETA-ETXANO

Aste bukaera honetan jada bete betean murgilduko gara Eguberrien ospakizunean. Amorebieta-Etxanoko kale zein etxeetan jada nagusi da Gabon giroa eta haurrek ere irrikaz itxaroten diete dagoeneko jai egun berezi hauei.

Izan ere, Gabonak festa egun bereziak dira guztiontzat, baina bereziki maiteak dira gaur, nerabe eta gazteentzat eta horregatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak arreta eta azpimarra berezia eskaini die guztiei Gabonetako ekintza-egitarauan, aisialdiaz gozatzeko aukera berriak eskainiz, Eguberrien magia herrira ekarriaz.

Hori horrela, Gabonetako programaren baitan dozena bat hitzordu baino gehiago jasotzen dira haur, nerabe eta gazteei zuzenduta, familian zein lagunartean, Gabonez Amorebieta-Etxanon gozatzeko.

Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak

Urtero bezala, Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoen etorrerak ere ikusmin handia pizten du etxeko txikienengan. Aurten ere abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi kalejiran ibiliko dira herrian zehar haurrak agurtzen, Udazken txistulari taldeaz, Triki Piu eta galtzagorriz lagunduta. 18:00etan Gudari kaletik irtengo dira eta honako ibilbidea egingo dute: Nafarroa, Ibaizabal- San Migel, Herriko Plaza.

Antzekoa izango da Erregeen kasua, urtarrilaren 5ean. Kasu honetan, baina, kabalgata Zubiaur Musika Eskolako Hip-Hopeko ikasleez eta Triki Piu taldeaz lagunduta egingo da, Gudaritik Herriko plazaraino.

Paje izateko interesa duten 10 urtetik gorako haurrek izena eman dezakete abenduaren 29a arte, Gazte Informazio Bulegoan.

Haur parkea, zinea, antzerkia, gazteen esparrua eta beste hainbat hitzordu

Urteroko kabalgata horiez haratago, Amorebieta-Etxanoko haur, nerabe zein gazteek beste hainbat hitzordu izango dituzte aukeran.

Zinea edota antzerkia gustuko dutenek aukera zabala izango dute datozen bi asteetan: abenduaren 26an, ‘La Navidad en sus manos’ pelikula, ‘Muna’ antzerkia, hilaren 28an, Pin Pang antzerkia ere abenduaren 29an eta ‘Bo jauna’ eta ‘Kutxartean’ antzezlanak, urtarrilaren 3an eta 4an hurrenez-hurren. Ekitaldi guztiak 17:30ean eskainiko dira, Zornotza aretoan.

Horrez gain, hainbat ekintza berezi ere izango dira Amorebieta-Etxanon. Abenduaren 22 eta 23an, esaterako, ihes gela ibiltaria egingo da Zelaieta parkean. Ostiralean, abenduak 22, 17:00etatik 21:00etara bitartean eskainiko da eta larunbatean, hilak 23, ordutegia ondorengoa izango da: 10:00-14:00 eta 17:00-21:00. Izen-ematea oraindik zabalik dago Euskaraz barra-barra webgunean.

Jolasa nagusi abenduaren 26tik 30era, baita urte hasieran ere

 Abenduaren 26tik 30era, halaber, haurrentzako jolasak izango dira nagusi herrian. Egunotan, Amorebieta IV frontoian 0-12 urte bitarteko umeentzako Gabonetako parkea jarriko da, 11:00-14:00 eta 16:30-21;:00ak bitartean, egunero. Eguneko sarrera 4€koa izango da, lau eguneko bonoa 12€koa eta 5 egunekoa, aldiz, 15€koa.

Era berean, abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra bitartean, txu-txu trena ibiliko da herrian barrena, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 bitartean. Tren honek, herria modu berezian zeharkatzeko aukera eskainiko die etxeko txikienei, baita helduei ere. Sarrera doakoa izango da eta Gudari kaleko autobus geltokian izango du irteera eta helmuga.

Horrekin batera, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era bitartean, ‘Gauero Gabonetan’ deituriko gazteentzako Gabonetako esparrua eskainiko da, doan, 17:00etatik 21:30era Zelaietako Kontzertu gelan.

Gaztetxokoan eta ludotekan ere, aisialdia barra-barra

 Urtarrilaren 2tik 5era bitartean ere ondorengo ekintzak gauzatuko dira Gaztetxoko zein ludotekan: Tranpantojo: Fake Food, 11:30-13:30 bitartean Gaztetxokoan eta eskulan tailerrak 17:00-20:00 bitartean Zelaietako ludotekan.

Tranpantojo ekintzarako izen ematea dagoeneko itxita dago baina eskulan tailerretan parte-hartu nahi dutenek abenduaren 22a arte dute izena emateko aukera, Ludotekako egitarau berezian.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu