Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
2:52 am,
temperature icon 19°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

Durangoko Udalak gustu eta adin guztietako ekintzez beteriko Gabonetako egitaraua aurkeztu du

KULTURA DURANGO

Durangoko Udalak gustu eta adin guztietako ekintzez beteriko Gabonetako egitaraua aurkeztu du. Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz Herritarren zinegotziak eta herriko elkarteetako ordezkariekin batera eman dute durangarrek datorren Gabonetan izango dituzten jardueren berri, eta eskerrak eman dituzte «tokiko elkarteek eta Udaleko teknikariek egiten duten lanagatik», ekitaldi guztiak aurrera ateratzeko.

«Durangoko elkarteen eskutik landutako egitaraua da, ilusio eta gogo handiz prestatua, festa hauekin guztiok goza dezagun, gure udalerriari bizia emango dioten ekitaldiekin. Programak etxeko txikienentzako, gazteentzako eta helduentzako jarduerak aurreikusten ditu. Parte hartzera eta haiekin gozatzera animatu nahi dugu «, adierazi du alkateak.

Gabonetako ekintzak larunbat honetan, abenduak 16, hasiko dira Inurri Eskaut taldearen Gabonetako Jaiarekin. Egun horretan bertan Magdalenako kanpaiak ere ospatuko dira, Auzo Alairen eskutik eta Montevideori keinu bat egingo dion showcooking bat ere izango da. Iaztik Durangorekin senidetutako hiria da Montevideo.

Kontzertuak eta jolas egunak

«Musikak eta herriko elkarteek presentzia handia dute Gabonetako programazioan eta elkarte askoren kontzertuekin gozatu ahal izango dugu», nabarmendu du Ruizek. Honela, abenduaren 16an Durango Kantari ekitaldia ospatuko da Egundo taldearekin eta Azcona anaien El mayorazgo de Basterretxea (1928) film mutua proiektatuko da, Arandoño Kultur Elkarteak antolatutako saioan. Abenduaren 30ean eta 31n ere ikusi ahal izango da film hau. Bestalde, abenduaren 17an Jaizale Durangaldeko Txistulari Elkarteak eta Tabira musika bandak Gabonetako kontzertu tradizionalak eskainiko dituzte. Gainera, abenduaren 23an Durangoko Orfeoiaren eta Doinuzahar Abesbatzaren txanda iritsiko da eta abenduaren 29an, Dantzaroren programazioaren barruan, Lorratz taldeak joko du. Musikak protagonismoa izango du berriz ere urtarrilaren 13an, Bogoroditsie abesbatzaren emanaldiarekin.

Txikienek ez dute aspertzeko astirik izango datozen Gabonetan. Izan ere, Jolas Egunak izango dira udalerriko hiru auzotan. «Auzo-elkarteak eta auzoak dinamizatuz eta hauek bizitzaz betez lan egiten duten bizilagunak balioan jarri nahi ditugu», gaineratu du zinegotziak. Hala, Tabira parkeko Jolas Eguna abenduaren 23an izango da, talo tailerrarekin, San Fauston, abenduaren 26an, egitura iragankor eta etxola ibiltariekin, eta abenduaren 27an, Muruetatorren, zuhaitzak apaintzeko saio batekin.

Artisau azoka, izotz pista naturala eta txu-txu trena

Musikaz eta jokoez gozatzeaz gain, artisautza maite dutenek Eixu elkarteak abenduaren 22an eta 23an Santa Maria elizpean antolatutako Artisautza Azokan izango dute hitzordua. «Aurten ezagutzera eman dugun bezala, izotz-pista naturala jarriko dugu berriro, eta abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra bitartean izotz gainean patinatzen gozatu ahal izango dugu», adierazi du Ruizek.

Denok Bai merkatari elkarteak ere lan handia egiten du Gabonetako jaiak dinamizatzeko eta txu-txu trena antolatu du abenduaren 26 eta 27rako. Halaber, Landako guneak haurrentzako parkea hartuko du abenduaren 28, 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an. Bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ez gara jaitsiko! ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 26an eta bi emanaldi izango dira, 16:00etan eta 19:00etan. Sarrerak 5 eurotan salduko dira ostiral honetatik aurrera, abenduak 15, Durangoko Arte eta Historia Museoan, Intxaurrondon edo Kutxabanken bitartez.

Aurten ere ez dira faltako Olentzero eta Mari Domingiren desfilea, Erregeen kabalgata eta Jaiotza Ibilbidea. Azken hau urtarrilaren 7ra arte luzatuko da eta Luis Ibañezek ostegun honetan, abenduak 14, bisita gidatua eskainiko du. «Luis Ibañezi eskerrak eman nahi dizkiot egiten duen lanagatik. Gure udalerriko jaiotzazale eztabaidaezinak ehunka ordu ematen ditu ekimen hori sortzen eta antolatzen, eta pasioz eta dedikazioz egiten du”, azaldu du Herritarren zinegotziak. Bestalde, JAED Laguntza Solidarioa elkarteak 60 urte bete ditu eta premia larrian dauden pertsonei babesa ematen die. JAEDek urtarrilaren 6an egingo du zozketa solidarioa.

Gabonetako argiztapena eta 2024ko egutegia

«Gabonetako argiak joan den asteartean, abenduaren 5ean, piztu ziren eta gaur eta igandea bitartean zoruko apaingarriak jarriko dira. Jarri ahala, argiztatu egingo dira. Abenduaren 18rako, astelehenerako, denak jarrita egongo dira», ziurtatu du zinegotziak. Berritasun gisa, aurten Durangok 8 metroko kono bat izango du eta Muruetatorren jarriko da.

Eguberri honetan, halaber, 2024ko egutegia banatuko da, herritarren artean arrakasta handia izaten duena, eta oraingo honetan Durangoko paisaia eta txokoekin apainduta egongo da. 8.000 ale banatuko dira eta udal bulegoetan egongo dira eskuragarri (HAZ, turismo bulegoa, Andragunea, liburutegia, museoa, D.kirolak, euskaltegia, musika eskola, adinekoen zentroa, Oinarrizko LH, Intxaurrondon) eta 2.000 ale inguru Dendak Bai-ren tokiko saltokietan.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu