Asteazkena,
2024ko Urriak16

MugaKultura

loader-image
Durango
10:00 am,
temperature icon 19°C
Humidity 93 %
Ráfagas de viento: 53 Km/h

DA! · Ehun argitalpen baino gehiago Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko museoen Durangoko standetan

Durangoko Azokak ehun argitalpen baino gehiago izango ditu erakusgai (tartean hamar berritasunetik gora) Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Museoen standetan, gure lurraldearen kulturaren nahiz museoen aberastasunaren erakusgarri.

Argazkia · EUSKARAREN ETXEA

Durangoko Azokaren 58. edizioak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko museoen 100 argitalpen baino gehiago izango ditu ikusgai, Bizkaiko kultura-aberastasunaren erakusgarri.

Bizkaiko Foru Aldundiaren standa Barrenkaleko 26,27 eta 28 postuetan egongo da, eta argitalpen ugari izango ditu gai askori buruzkoak: kirola, gastronomia, paisaiak, ikusizko arteak, natura, mitologia, mendia eta beste.

Lan horiek guztiak Aldundiaren standean erosteko aukera izango da, eta berdin erosi ahal izango dira Bizkaiko Foru Aldundiaren argitalpenen webgunean: www.bizkaia.eus/argitalpenak.

Era berean, Bizkaiko museoen standak, 37. eta 38. postuetan, 65 argitalpenez osaturiko bilduma bat eskainiko du: lurraldearen alderdi historikoak jasotzen dituzten aleak dira, Bizkaiko museoen lanaren fruitu.

Durangoko Azokarako aurkezpenak

Guztira, hogei nobedade baino gehiago aurkeztuko dira. Haietariko batzuk areto nagusian (Talaia gunean) merkaturatuko dira estreinakoz. Esate baterako, abenduaren 8an, 18:30ean, Txakomic aurkeztuko da, komikia eta txakolina lotzen dituen liburu biko argitalpena. Aurkezpenean, Mikel Begoña gidoilariak eta Kike Infame ilustratzaileak parte hartuko dute, eta eurekin izango dituzte Aixa Gaztelu, Txakolingunearen zuzendaria, eta Maider Zalduondo, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitura Arautzeko Kontseiluaren ordezkaria. Beste alde batetik, 19:30ean, Joseba Sarrionaindia idazleak, Esteban Montorio ilustratzaileak eta Leire Irazabal Euskal Herria Museoaren zuzendariak Markos Gimenoren 101 Letrakartel argitalpena aurkeztuko dute. Horrez gainera, egun berean, 18:00etan, Joseba Sarrionandia Bizkaiko museoen standean egongo da, aleak sinatzen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, bi liburu aurkeztuko dira, eta Bizkaiko museoen erakustokian erosi ahal izango dira: Txakomic eta Markos Gimenoren 101 letrakartel. Bigarren argitalpen hori Pamiela argitaletxearen standean ere egongo da salgai.

Txakomic

Txakolin Museoa – Txakolingunea, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen museo bat da, eta Txakomic aurkeztera dator Durangoko Azokara: txakolina eta komikia konbinatzen dituzten bi argitalpen berri. Uztartze horren ondorioa aparteko zaporea duten bi liburu dira: Bizkaiko txakolinaren benetako eta ia behin betiko historia eta Txakolin zaporedun istorioak: Mikel Begoñak eta Kike Infamek sorturiko bi liburu, hamar bat euskal ilustratzailerekin batera onduak, eta zenbait erakunderen lankidetza jaso dutenak: Mendibile Jauregia Elkartea, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitura Arautzeko Kontseilua eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapenerako Elkartea.

Markos Gimenoren 101 letrakartel

Markos Gimenoren lana bildu eta argitara ekartzeko asmotik abiatuta, besteak beste, liburu bat plazaratu da eta erakusketa bat antolatu, Markos Gimenoren Karteletrak, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan bisita daitekeena, 2024ko apirilaren 28ra bitartean. Gimenok ehunka, milaka palindromo asmatu edo eraiki zituen. Joseba Sarrionandiak haietako 101 aukeratu ditu. PAMIELAk argitaratutako liburu horretan, palindromo bakoitzak interpretazio grafiko bat izango du. Lan horretan, Esteban Montorio (Monti) ilustratzailearekin batera, beste asko egongo dira (Jose Antonio Azpilicueta, Unai Iturriaga, Gotzon Garaizabal, Sonia Gonzalez, Roscubas…). Horregatik du izenburuan LETRAKARTEL palindromoak. Joseba Sarrionandiak erreplika literarioa eman dio palindromo bakoitzari. Beraz, palindromoaren, irudiaren eta Joseba Sarrionandiaren testuaren arteko narrazio bat da.

58. Durango Azokarako argitalpen berriak

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Museoen standek argitalpen berriak jarriko dituzte salgai.

Martxanterak liburuak, Marta Goikoetxeak idatzi eta Iñaki Landak ilustratuak, emakume nekaezin batzuen historia kontatzen du: Durangoko Andra Mari elizaren arkupean, uda izan zein negu, euren bizitzako hamarkada luzeak ume eta nagusien ahoak eztitzen igaro zituzten emakumeena. Martxanterak, eguna joan eta eguna etorri, han egoten ziren goizean goizetik gozoki, jostailu eta litxarreria saltzen euren postu ibiltarietan. Alaia eta haren familia dira protagonistak saltzaile haien lan neketsua omentzeko asmoz idatziriko kontakizun honetan. Amaren urtebetetzea helduta, Alaiak ez du oraindik topatu harentzako opari egokirik, eta Boniren laguntza funtsezko suertatuko zaio opari eder bat topatzeko. Durangoko azken martxanterak erakutsiko dio, hain zuzen ere, pazientzia eta pertseberantzia ezinbestekoak direla edozein helburu lortzeko. Diabolorarekin jolasean ari dela jasoko ditu irakaspenok Alaiak.

 

Juan de Zubileta, abentura itzela komikiak Juan de Zubiletaren historia kontatzen digu: Magallaesekin eta Elkanorekin batera Moluketara eginiko zeharkaldian itsas bide berriak aurkitzen lagundu zuen marinela. Zoriak aukeratua, bera izan zen munduari lehen itzulia egiteko hautatuetariko bat. Baina Zubiletaren abentura, beharbada, berak herrian, Barakaldon ezaguturiko beste pertsona batzuenarekin batera kokatu beharko genuke, edo berak entzutez ezagutu zituenenarekin batera.

‘ERTIBIL Bizkaia 2023’ Ikusizko Arteen Erakusketa Ibiltariaren katalogoa ere (XLI edizioa) nobedadea izango da Durangoko Azokaren 58. edizioan.

‘Goiko’ Jon Andoni Goikoetxearen liburuak denboraren tuneletik barrena daramatza irakurleak lehen gizakiengana, hizkuntzaren egitura sakonera, eboluzioaren aurreko Homo Sapiens espeziearen komunikazio-sistematzat hartutako hizkuntzara, gizakiarengana unibertsoko beste animalia bat bezala; «Espezie bakoitzak Bere Hizkuntza Unibertsala dauka», gizakia haren zati infinitesimal bat bezala, Goikok dio bera izan zela lehenengo; harria, gero harra, eta gero kilkerra, eta horregatik du «buruan ideien kilker kaiola… idealista larritu bat… unibertsoaren zati ñimiño bat, horren eboluzio guztiekin, edozein gizaki bezala». Halaber, sumendi, sardina eta marrubia izan zen bere homo sapiens egungo fasera iritsi aurretik,… «nik neure baitan nabaritzen dut nire sumendi garaia, neure baitan nabaritzen dut nire sardina garaia, nire marrubi garaia, horixe izan naizelako eta barruan daramadalako».

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak Jorge Lamasen Pilares Invisibles liburua ere aurkeztuko du. Atzera begirako argazki-liburu bat da, joan den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan ateratako erretratuak biltzen dituena, gehien-gehienak Bilbo Handiko industria-gerrikoan atereak. Lamasen lanean azaltzen diren irudiak zuri-beltzean osaturiko artxibo analogiko baten parte dira, askotariko formatuak dituztenak eta orain arte inoiz positibatu edo erakutsi gabeak. Garai hartako emakume «ikusezinetan» sakontzen duten erretratuak dira, batzuetan eskasa izaten zen ekonomia baten benetako euskarri ez aitortu haietan, egin zituzten sakrifizio eta ahalegin guztiak egin arren Euskadiren mende amaierako motor ekonomikoan guztiz ahazturik geratu baitziren emakumeok.

Museoetako berritasunak

Bizkaiko Foru Aldundiak Gernika-Lumon duen Euskal Herria Museoak beste kontakizun bat dakar azokara, Markos Gimenoren 101 Letrakartel liburuaz gainera: Gernika Uruguain, fruitua zabaltzen. Gernikako Arbolaren lehen kimuak Uruguain sartu zireneko historia kontatzen du, bai eta arbolak urruneko lurrotan duen sinbolismoa ere.

Arkeologi Museoak Santimamiñeri buruzko gida bat aurkeztuko du: haitzuloaren inguruko paisaian murgiltzeko gida, hango aurkikuntza, ikerketa eta giza okupazioei buruzko xehetasunekin. Bere margolanengatik Gizateriaren Ondare izendatua izan den kobazuloa ezagutzeko liburua. Horrez gainera, museoan une honetan ikusgai dagoen erakusketa bati buruzko liburua ere egongo da salgai: Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak. Megalitismoaren historia arakatzen duen liburu bat da, garai horretako eraikuntza, lurperatze eta errituak aztertzen dituena.

Bilboko Arte Ederren Museoak bi argitalpen berri ekarriko ditu jendaurrera. ‘Corinne Vionnet, Vanessa Winship, María Azkarate. Bilbao Metropoli 30-30-30’: erakusketa bisual bat, 78 argazkitan erakusten duena azken hiru hamarkadetan Bilbo eta metropolialdean izan diren aldaketak, ikuspegi bakanetatik begiratuta eta askotariko interesetatik abiatuta. Horrekin batera, Bilboko Arte Ederren Museoak Miriam Alzuriren eta Oier Etxeberriaren «That Time» katalogoa erakutsiko du: Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman inspiraturik, arteari eta memoriari buruzko kontakizun berezi bat proposatzen du, Samuel Beckett-en antzerki-piezaren izenburua baliatuta.

Enkarterrietako Museoak ere erakusketa bati loturiko argitalpen bat dakar:  ‘G.A. Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean’. George Alexander Dick-ek margoturiko paisaien ikusizko kronika bat, eskualde horren XIX. mendeko historia eta edertasuna erakusten dituena.

Euskal Abertzaletasunaren Museoak Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza, 100 urte izeneko argitalpena dakar 58. Durangoko Azokara. Emakume Abertzale Batzaren mendeurrena ospatzeko, mugimendu horren ekarpenak eta ibilbidea aztertzen ditu, eta Hego Euskal Herriko gizartean izan duen rola nabarmentzen.

Plasentia de Butrón Museoak bi argitalpen berri izango ditu azokan. Alde batetik, Historia Local y Marítima de Plentzia. XX Estudios. Inéditos, Plentziako historiari buruzko 20 artikulu biltzen dituena, hainbat arlo ukituz: etnografiatik hasi eta arkeologia, artearen historia eta tokiko erakundeetaraino. Beste alde batetik, Vicente Blasco Ibáñezen El Intruso eleberriaren egokitzapen bat, irakurketa errazerako moldatua. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak berrargitaratu zuen, 2021ean, Sarkina. Irakurketa erreza izenburuarekin.

Bizkaiko Museoen stand-ean aurkitu ahalko dira, halaber, Abel Ariznabarretaren argitalpen bi: ‘Auzobizitza Diman 1800-1936’ eta ‘Etnokaierak’. «Espazioa eta denboraren dimentsioak bizitza tradizionalean» da Antzasti Museoa duela bi urtetik hona garatzen ari den proiektu nagusietariko baten izenburua. Museoan lantzen diren gaiekin eta haren jarduera-eremuarekin lotutako ezagutza sortzea du oinarri proiektu horrek. Lan horren emaitza da, hain zuzen ere, «ETNOKAIERAK» argitalpen bilduma. Hiru koadernoz osaturiko bi sorta argitaratu dira jada, eta bertan bildu da Arratiako eta, zehazki, Dimako etnografiari eta eremu soziologikoari buruzko ikerketa-lan oso bat. «Auzobizitza Diman 1800-1936» izenekoan, esaterako, XIX. mendetik 1936ko gerra zibilaren hasierara arte Dimako elizateko landa-komunitate txikiaren gizartean izan ziren aldaketa handiak ageri dira. Lan horrek Bizkaiko jaurerrian gertatu ziren aldaketa horiek guztiak ikusarazi nahi ditu, egitura sendoa zuen hasierako agertoki batetik abiatuta. Egitura horretan, pertsonak gizarte-harremanen munduan txertatzen dira, etxearen bitartez. Izan ere, etxea da norbanakoak eta haien eskubideak eta betebeharrak identifikatzeko erreferentzia nagusia, inguruko, auzoko eta udalerriko gizarte-esparruan eta beren erakundeetan (kofradian eta elizatean) parte hartzeko orduan.

Azkenik, berrikuntzen artean, Euskararen Etxearen Hostopostoak argitalpena ere aurki daiteke Bizkaiko museoen standean. Miren Agur Meabe Plaza idazleak egindako album ilustratu bat da, Asier Iturralde Gastonek ilustratua.

Hostopostoak basoan esnatu dira, baina euretariko bat falta da. Tximeleta urduri dago: gaur ilargi-festa da, eta oraindik ez dute afaririk prestatu.

Itsasmuseumek dakar stand-ean egongo den beste berritasunetariko bat: Ondare-Ibilbideak Bilboko Itsasadarrean 10: Maritimidades bilduma. Colección Especializada de Estudios Marítimos. Isusko Vivaas Ziarrustaren eta Amaia Lekerikabeaskoa Gaztañagaren argitalpen bat. Maritimidades bildumaren argitalpen berri honetan, itsasadarraren alderdi etnografiko, ikonografiko eta estetikoak jorratzen dituen ikerketa bat jasotzen da.

Azokan eskainiko diren lanek aukera bakana eskaintzen dute Bizkaiko historia eta kultura aberatsa eta gure lurraldeko paisaiak ezagutzeko, eta ezagutza hori aberasten eta irakurketa sustatzen laguntzen dute. Lan guztiak egongo dira eskuragarri Durangoko Azokan, eta, hala, bisitariek aukera izango dute eurekin eramateko lurraldearen historia liluragarriaren eta ondarearen zati bana.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu