DA! · 23 eragileren 90 lan eskuragarri izango dira ‘Durangaldeko argitalpenak’ erakusmahaian
KULTURA DURANGO
Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesarekin, 58.Durangoko Azokan ere Durangaldeko argitalpenek leku berezia izango dute.
Dagoeneko 19 urte bete dira Gerediaga Elkarteak eskualdeko sortzaileen ikusgarritasunerako eta parte hartzea errazteko ekimena martxan ipini zuela. Urte guzti hauetan Mankomunitateak laguntza eskaini du. Aurten ere, Gerediaga Elkartearen erakusmahaien ondoan izango du kokapena eta Gerediaga Elkartea arduratuko da kudeaketaz.
Guztira, 23 eragilek izango dituzte argitalpenak erakusmahai berezian. Eragileen artean daude udalak, elkarteak eta norbanakoak. Denen artean, 90 argitalpen ekarriko dituzte azokara eta horietako 10 nobedadeak dira, aurten argitaratutakoak.
Argazki zaharren egutegia 28.enez
Gerediaga Elkarteak, bestetik, nobedade moduan 2024ko egutegia eta Astola aldizkariaren 17. zenbakia izango ditu azokan. Urtez urte, dagoeneko argitaratzen duen 28. egutegia da. Egutegiaren kasuan ere, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa da babesle nagusia. Urtero legez, argazki zaharrak izango dira orriz orri eta egutegi berrian Ignacio Ansorenaren bildumakoak erakutsiko dira. Ansorenaren familiak Gerediaga Elkartearen esku utzi ditu Ignacioren bildumako argazkiak digitalizatu eta elkartearen dokumentategian erakusgai jartzeko. 2024ko egutegia bildumako argazkiekin jantzita, aitortza egin nahi zaio argazkilariak eskualdeko eta bereziki Durangoko
historia grafikoa jasotzen egin duen lanari.