Asteazkena,
2024ko Maiatzak22

MugaKultura

loader-image
Durango
4:17 pm,
temperature icon 17°C
Humidity 89 %
Ráfagas de viento: 13 Km/h

DA! · 58. Durangoko Azoka anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa izango da

KULTURA DURANGO

Durangoko Azoka fantasia hutsa da, sormenaren eztanda magikoa delako, euskal kulturaren jai ikaragarria delako eta amets egiteko espazio bizia delako. Aurtengo edizioan ere horrela izango da, abenduaren 6tik 10era bitartean. 265 ekitaldi egongo dira aukeran, eta 950 nobedade eskura.

Beñat Gaztelurrutia Gerediagaren koordinatzaileak ilusioz berba egin du aurkezpenean, eta euskal kulturaren alde elkarlanean aritzeko prest daudela adierazi du. “Euskarak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boladan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin”.

Aurtengo Durangoko Azoka mamitsua izango da, aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituena. Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Egitarauaren ezaugarri bi nabarmenduko nituzke: anitza eta gaztea”, azaldu du Gaztelurrutiak. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Eta aurtengo azoka gaztea izango da, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.

Landako barruan, liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa egongo da eskura. 257 erakusmahaitan banatuta, 170 partaide izango ditugu. Horietatik zenbait autoekoizleen stand berezian. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez.

Herritarrei Durangoko Azokara etortzeko deia egin die Gerediagako koordinatzaileak: “Etor zaitezte euskal kulturari bultzada ematera, nobedadeak dastatzera, sortzaile berriak ezagutzera, zuzeneko emanaldiekin gozatzera, sormenaren magia sentitzera, eta gurekin batera, itzarrik amets egitera… Etor zaitezte Durangoko Azokaren fantasian murgiltzera!”.

Hemen kontsulta daitezke ekitaldi guztiak: Egitaraua

Hemen aurtengo produkzioaren katalogoa: Nobedadeak

 

OHARRAK

Egitarauaren aurkezpenean zenbait ohar ere eman dituzte antolatzaileek:

– DA! PRO topaketa: Azaroaren 28an eta 29an sortzaileak eta programatzaileak batzeko topaketa ospatuko da. Programatzaileek azaroaren 27ra arteko epea dute izena emateko.

– Azaroaren 24an baDA!bil izeneko podkasta estreinatuko du Durangoko Azokak, EITBrekin elkarlanean. 30 minutuko bost atal izango ditu, eta bakoitzean hiru sortzaile gonbidatuko izango ditugu: Izaro Andres, Uxue Razkin, Lide Hernando, Julen Apella eta Aner Peritz, esaterako.

– Azoka Telebistak Fantasia DA! izeneko magazina ekoitziko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahalko da: tokiko telebistetan, azokaren webgunean eta youtuben.

– Aurten ez da online salmentarik egongo, azoka presentzialaren aldeko apustua egingo delako.

– Doako autobus zerbitzua martxan egongo da Iurretako autopista irteetako parkinetatik Landako inguruko Olleria kaleraino, 30 minuturo. Baina, abenduaren 10ean, domekaz, ez da erabilgarri egongo.

– Abenduaren 10ean 18:00etan itxiko dira Landakoko ateak, gainerako egunetan baino ordu bi lehenago. Hala ere, guneetako egitarauak martxan jarraituko du iluntzera arte.

– Durangoko Azoka itxi eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko da. Azokako nobedadeak Euskal Herriko 88 dendatara helduko dira, eta horietatik 27tan liburu aurkezpenak egingo dituzte.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu