Asteartea,
2024ko Apirilak16

MugaKultura

loader-image
Durango
1:49 pm,
temperature icon 11°C
Humidity 95 %
Ráfagas de viento: 24 Km/h

Zubiaurretarren familia kide guztiak Garain egongo dira asteazkenean

KULTURA GARAI

Mexikon sei hamarkada eman eta gero, Ricardo Gutierrez Abascalen gorpuzkiak familiaren Garaiko panteoira ekarri dira, Ricardoren ondorengoen nahia beteta. Kultura arloan, Juan de la Encina ezizenez ezaguna zen eta 1963ko azaroaren 22an hil zen, duela 60 urte, Mexikoko erbestealdian. Orain, Ricardo Gutiérrez Abascal Juan de la Encina zenaren omenezko ekitaldi egitea proposatu dute Gutiérrez-Zubiaurre familiak, Garaiko Udalak eta Gerediaga Elkarteak, urteurren horren eta gorpuzkien itzuleraren kariz. Ekitaldia, azaroaren 22an, arratsaldeko 19:00etan egingo da Garaiko udaletxean. Bertan parte hartuko dabe Pilar Gutierrez Zubiaurrek, Ricardoren biloba eta Miriam Alzurik Ricardoren bizitza eta lana ikertu duen Bilboko Arte Ederretako historialariak.

Ricardo Gutiérrez Abascal Bilbon jaio zen, 1883ko urriaren 6an, eta Mexikon hil, 1963ko azaroaren 22an. Arte modernoaren defendatzaile sutsua, Espainiako gerra zibilaren aurreko arte kritikari ezagun eta itzal handienetakoa izan zen, baina abangoardia artistikoei buruzko erreparoak ere agerian utzi zituen. Eusko Ikaskuntzak, 1918an, Oñatin antolatu zuen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarrean parte hartu zuen eta bi hitzaldi eman zituen, gerora La trama del arte Vasco lanean argitaratu ziren. Liburu hori 1919an argitaratu zen eta euskal artearen historiografiaren funtsezko lanetako bat da. Pilar Zubiaurre idazle eta kultur ekintzailearekin ezkondu zen, hau da, Valentin Zubiaurre musikariaren alaba eta Ramon eta Valentin Zubiaurre margolarien arrebarekin, eta Zubiaurre familiako kide garrantzitsua izan zen. 1931tik 1936ra, Arte Modernoko Museo Nazionalaren −egungo Reina Sofia Museo Nazionalaren aurrekoa− zuzendari izendatu zuen Espainiako Errepublikako gobernuak. Gerra zibila hasita zegoela, 1938an, erbestera joan behar izan zen, Espainiako Errepublikaren alde agertzeagatik. Parisen eta New Yorken izan zen, baina, azkenik, Mexikon finkatu zen, eta irakaskuntzari loturiko ibilbide garrantzitsua izan zuen herrialde hartako Unibertsitate Nazional Autonomoko Arkitektura Eskolan.

Neba-arrebak

2000an, Garain egin zen Ezpatadantzari Egunean, omenaldia egin zitzaien Zubiaurre neba-arrebei eta Leopoldo Gutierrezek, Ricardoren semeak, familiako kide guztien gorpuzkiak Garaiko kanposantuan dagoen familiaren panteoira ekartzeko nahia agertu zuen. Ordurako bertan zeuden Pilar Zubiaurre bere amaren gorpuzkiak, baina gainerako senideen gorpuzkiak Madril eta Mexiko artean sakabanatuta zeuden. Gerediaga Elkarteak familiaren nahi betetzen laguntzeko bideari ekin zion eta egindako lanei esker, 2002ko uztailean, Valentin Zubiaurre Urionabarrenetxea musikariaren, haren emazte Mª Paz Agirrezabal Etxazarretaren eta bi seme Valentin eta Ramon margolarien gorpuzkiak ekarri ziren Garaira Madrilgo San Isidro Sakramentaletik. Ricardo Gutierrez Abascalen gorpuzkiak Mexikotik ekartzeko kudeaketak ere hasi ziren, baina arazo burokratiko batzuk tartek lehenengo eta COVIDaren pandemiaren eraginez gero, gorpuzkien lekualdaketa atzeratu egin zen. 2017an Leopoldo Gutiérrez bera zendu zen eta 2014an zendutako Mercedes Garcia-Urtiaga emaztearekin batera, Garaiko familiaren panteoian eman zitzaion lur.

Ricardo Gutiérrez Abascal Juan de la Encina-ren gorpuzkiak Mexikotik ekarri dira, eta dagoeneko Zubiaurre familiako kide guztiak Garain daude ehortzita.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu