Asteazkena,
2024ko Urriak16

MugaKultura

loader-image
Durango
10:33 am,
temperature icon 19°C
Humidity 93 %
Ráfagas de viento: 53 Km/h

Urmeneta, Maia, Duhalde, Urdangarin, Tapia edo Zabala egongo dira Xabier Amurizari antolatutako omenaldian

KULTURA AMOREBIETA-ETXANO

Gaur goizean, ‘Euskal Herriko Doinuak 2023 Etxano – Xabier Amuriza, Torreburutik Euskal Herrira kantuz’ programa aurkeztu da Etxanoko Andra Mari auzo elkartearen instalazioetan. Bertan izan dira Ainhoa Salterain (alkatea), Jon Artabe (Idazkaritza, Funtzio Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotzia, eta Euskara, Berdintasuna eta Arkalaz! -en zeharkakotasunaren koordinatzailea) eta Olaia Hormaetxea (Etxanoko Andra Mari auzo elkarteko ordezkaria).

Agerraldiaren hasieran, Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu nahi izan du gure herrian jaio diren eta gure komunitateari ekarpen esanguratsua egin dioten pertsonaia ospetsuei omenaldia egitearen garrantzia: «gaur hemen gaude Xabier Amurizari omenaldia azaldu eta honen harira antolatu den programa aurkezteko. Xabier Amuriza Amorebieta-Etxanok eman duen figura nabarmenetako bat da, gure historian aztarna ezabaezina utzi duena eta gure euskal nortasunari eta kulturari ekarpen handia egin dion pertsona aparta. Neurri honetako pertsonaiei omenaldia egitea ez da soilik errekonozimendu eta esker oneko ekintza bat, baizik eta haien ondarea etorkizuneko belaunaldientzat gordetzeko modu bat ere bada. Xabier Amurizaren lorpenek eta ekarpenek erakusten digute potentzial handia duen komunitatea garela”.

Halaber, Salterainek gaurko prentsaurrekoaren kokapena azpimarratu du: «gaur Etxanora etorri gara, bere jaioterrira, bertan ibilbide oparoa izan baitu Amurizak bertsolari, euskaltzale, irakasle, idazle, itzultzaile, ikertzaile, musikari eta politikari gisa. Aurrerago Olaiak bere ibilbide profesionalari buruz gehiago hitz egingo badizue ere, ez dut ahaztu nahi Xabier Amurizak bertsolaritzaren munduan izan duen eragina eta euskalgintzaren alde egin duen lana. Harro egoteko moduko motiboa da zornotzar guztiontzat, ez bakarrik beren lanengatik, baita bi alorretan ekarri dituen iraultza eta berrikuntzagatik ere. Etxano etxea da Xabier Amurizarentzat, eta hemen, Etxanon, hasi zen dena. Anekdota bezala, gogora ekarri nahi dut bere lehenengo bertso emanaldia Etxanoko Azutzagane tabernan izan zela, bere aitarekin batera».

Bestalde, Jon Artabe zinegotziak esker oneko hitzak izan ditu Etxanoko Andra Mari Berri auzo elkartearentzat, Xabier Amurizari antolatutako omenaldiagatik: «horrelako aitorpenak hainbat funtzio betetzen dituzten. Batetik, pertsonaiak berak  merezitako aitortza jasotzen du; eta bestetik,  belaunaldi gazteenei funtsezko balioak transmititzen dizkie. Xabier Amurizak, bere bizitzaren eta obraren bitartez, norberaren lanak, dedikazioak, ahaleginak eta pasioak duen garrantzia erakutsi digu. Baita ere erakutsi digu, gure ingurunetik abiatuta lorpen handiak lor ditzakegula eta munduan ezberdintasuna markatu. Ondare hori inspirazio-iturri da gu guztiontzat «.

Horrela, eta elkarteak antolatutako egitarauari erreferentzia eginez, Artabek hainbat jardueratan parte hartzera gonbidatu ditu zornotzarrak:  “adin guztietako herritarrei eskatu nahi diet Xabier Amurizaren bizitzaren eta lanaren inguruan antolatutako jardueretan aktiboki parte hartzeko. Jarduera hauen bitartez, Amurizaren ondarea eta gure komunitateari egiten dion ekarpena bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute».

Xabier Amuriza, Torreburutik Euskal Herrira kantuz

Bestalde, Olaia Hormaetxeak, Etxanoko Andra Mari auzo elkarteko ordezkariak, Xabier Amurizaren lorpen ugarietako bat azalduz hasi du agerraldia, Oskorri talde mitikoaren ‘Euskal Herrian Euskaraz’ abestiaren letra, ereserki bihurtu dena: «1980an, Oskorri talde ikonikoak ‘Euskal Herrian Euskaraz’ abestia kaleratu zuen, euskaldunentzako himno bihurtu zena. Bere eduki errebindikatiboaz haratago, abesti honek musika gustagarri eta goxoa ere badauka. Eta letra? Maisulana da! Abesti honen egiletza eta beste hainbat abesti aipagarri askorena gure Xabier Amurizarenak berarenak dira. Eta «gurea» azpimarratzen dut, Etxano udalerri independentea zen garaian, Xabier Amuriza Torreburubarri baserrian jaio zelako, euskarari eta gure herriaren aberastasun kulturalari ekarpen handia egin dion tokian. Era berean, hainbat sari lortu ditu euskararen eta gure kultura partekatuaren maitasunaren alde egindako ibilbidean zehar. Harro egoteko moduan gaude, bai horixe! Xabier, benetan sinetsita gaude zorretan gaudela zurekin eta eskaini diguzun guztiagatik aitorpen xume bat egin beharrean gaude».

Etxanon urtero antolatzen dugun Kultur Asteburuaren baitan, Hormaetxeak jarraitu du, «aurten ‘Kantua’ aukeratu dugu ardatz nagusitzat. Hori horrela azaroaren 10etik 12ra izango den egitaraua aurkeztu nahi dizuet: ostiralean haurren kantaldia izango da, larunbatean egun osoko egitarau betea izango dugu, eta igandean, irrintzi ikastaroaren ondoren, Etxanoko auzotarren eta Amorebieta-Etxanoko abesbatzen kontzertuarekin amaituko dugu».

Xehetasun gehiagoz, Hormaetxeak azpimarratu du larunbateko omenaldia asteburuko une garrantzitsuenetako bat izango dela: «egun osoa hartuko duen egitarau oso batekin burutuko da. Goizean, Xabier Amurizak idatzitako ‘Bizitza bat oroimenean’ liburu autobiografikoaren pasarte bat antzeztuko dugu Bizkargin, Autzaganen, Torreburun eta Etxanoko elizan; antzezpen honen amaieran, Brioletak abesbatzak parte hartuko du Etxanoko elizan. Ondoren, bideo bat proiektatuko dugu eta goiza bazkari herrikoi batekin itxiko dugu. Arratsaldean, bazkalostean, Eneko Larruzearen errezitaldia izango dugu. Iluntzean, Amorebieta IV pilotalekuko sarreran, Soinu Txikik emanaldi txiki bat egingo du; ondoren, 21:30ak aldera, euskal herriko hainbat gonbidatu berezirekin ikuskizun bat izango da: Asisko Urmeneta, Jon Maia, Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Agus Barandiaran, Josu Zabala, Iban Ibarretxe eta bertako musikariak”.

Amaitzeko, azaldu du Hormaetxeak, «Etxanoko auzo elkartetik, Amorebieta-Etxanoko herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu, euren adina edozein dela ere, ‘Euskal Herriako Doinuekin, Torreburutik Euskal Herria Kantuz gozatzera’ lelopean egingo diren ekintzetan parte hartzera”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu