Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
2:10 am,
temperature icon 19°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

Aitor Mendilibar eta Jon Aramendiren ‘Habana Glass’ filmak Zilarrezko Antzarra irabazi du Lekeition

Euskal Zine Bilerak sari banaketa ekitaldian eman dira ezagutzera aurtengo irabazleak. Guztira 19 ziren Sail Ofizialeko Lehiaketarako sailkatu ziren filmak. Hauek urriaren 19tik 21era bitartean ikusi ahal izan ditugu Ikusgarri zine aretoan.

 

Bost sari. Bost irabazle. Hogei lanen artean bost izan dira sari bat eskuratu ahal izan dutenak. Alde batetik, Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta Gazte22 saria izan ditugu. Hauen irabazleak erabakitzearen arduradunak Ramon Agirre, Nerea Alberdi eta Alaitz Arenzana zinegileak izan dira, zalantzarik gabe, esperientzia handiko epaimahai anitza izan dugu edizio honetan. Erronka handia izan dute irabazleak aukeratzean, maila handiko filmak aurkeztu baitira. Bestalde, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikuslearen saria erabaki dute.

Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena, Gazte22 eta EITB Ikusleen saria

Film onenaren saria, Julen Zubieteren “Agur Artzai” lanarentzat izan da. Epaileek adierazi dutenez “pelikula koherentea, unkigarria, xamurra, poetikoa eta ederra da. Errespetu osoz azalarazten du artzaiaren bizitza eta pentsamendua, heriotza ta denboraren iragana naturaltasunez begiratuz. Gai asko ukitzen ditu sakontasunez, ikusleoi hausnartzera eramaten gaituelarik: nola bizi garen, zein balore ditugun, nondik gatozen eta nora goazen.” Epaimahaikideek  trebetasun handiko film baten aurrean gaudela azpimarratu nahi izan dute. Hortaz, berarentzat 46. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Aitor Mendilibar eta Jon Aramendi-ren “Habana Glass” filmarentzat izan da. Epaileek zera azpimarratu dute: Bi zuzendariek airean eramaten gaituzte lehen segundutik amaiera arte. Alor filmiko guztien bikaintasunagatik izan da aukeratua. Kasurako, pelikularen erritmoa, musika, soinua, muntaia, aktoreen zuzendaritza eta irudia maila altukoak direla azpimarratzen dugu epaimahaikideok”. Haientzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria, Ane Zulaika-ren “Emakumeak Blai” filmak eraman du. Epaileek hurrengo adierazi dute: “Artxiboko irudiak, elkarrizketak, irudi garaikideak eta edukiaren interesak gidoi borobil batean uztartzen dira. Pelikula honek memoria eta etorkizuna berreskuratu egiten ditu  emakumezko sareginen  testigantzen bidez. Itsasoarekiko harreman anitzak azaltzen ditu, ahots ezberdinen bidez kontakizun ahalduntzailea eraikiz”. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Gazte22 saria, Unax Alcubillaren “KosmosPolita” lanarentzat izan da. Sari honen irabazleak 22 urte edo gutxiago izan behar ditu. Epaimahaiak adierazi duenez “Gazteen indarra eta gogoa mundua aldatzeko azaleratzen digu; norbanakotasuna alde batera utziz gazteek taldean ere lan egiten badakitela erakusten du. Gizartelanaren bidez eskubideak errebindikatzen dituen pelikula da.” Berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazlea zein izan den ezagutu dugu. Ikusleek haien botoekin erabaki dute irabazlea Ekaitz Vertizren “Hitza eman nion” izatea, batez beste 5etik 4,41 puntu lortuz. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Euskal Zinemaren Begirada: Elena Irureta eta Ana Gabarain

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begiradarekin Elena Irureta eta Ana Gabarain euskal aktoreak omendu nahi izan dira. Aurten, bi aktore handiren bideak berriz gurutzatu nahi izan ditu jaialdiak eta merezi duten aitortza egin eta ospatu. Hamarkada guzti hauetan, gure iruditegia osatzeko egindako ekarpena eta euskal ikus-entzunezko ondarean utzitako lorratzaren gainean jarriko da Euskal Zinemaren Begirada. Biak bietara euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak dira.

Zinearen lorratza jarraituz

Aurtengo jaialdia amaitutzat ematen dugu, baina 2024an berriz ere euskarazko zinema bultzatzen jarraituko du Euskal Zine Bilerak. Era berean, irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi dira, haien lanetan erakutsitako trebezia eta originaltasunagatik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun Ikusgarri zine aretotik jaialdia jarraitu duten ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi zaizkie antolakuntzatik.

Gogoratu, Euskal Zine Bileraren egitarauak urriaren 22an ere jarraituko duela. Egun osoan zehar, Sail Ofizialeko Lehiaketaren film irabazleak ikusi ahalko dira zinebilera.eus orrialdean. 12:00etan, Artium museoarekin elkarlanean, zine elkarrizketak izango ditugu hiru filmen proiekzioarekin. 16:30ean, Kameratoian ekoiztutako filmak ikusi ahalko ditugu. Eta jaialdiari amaiera emateko, 18:30ean, “20.000 especies de abejas” filmaren zuzendaria den Esti Urresola-rekin egongo gara solasaldi interesgarri batean.

Azkenik, aurtengo jaialdiaren parte izan diren laguntzaile eta babesleak ere gogorarazi nahiko genituzke. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eitb, Eusko Label, Euskaltzaleen Topagunea, Hitza, Euskadiko Filmategia, Zinegoak, Silken Uribarren hotela, Artium museoa, Kitto merkatari elkartea, Zinea.eus, Arragua, Lekittoko Zinemazaleak izan dira Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilera aurrera eramateko laguntza eta babesa eskaini duten eragileak.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu