DA! · Hamazazpi musika taldek lehenengo diskoa plazaratuko dute Ahotsenean
Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetako ekintzekin, 58. Durangoko Azoka fantasia izango da. Abenduaren 6tik 10era bitartean, 49 talde igaroko dira Ahotseneko oholtzatik (Plateruenean); nabarmentzekoa da, 49 talde horietatik 17k lehenengo diskoa plazaratuko dutela. Sortzaile berriei ate bat zabalduz, euskal kultura indartzen jarraitzea da Durangoko Azokaren helburua.
Kulturaren plaza da Durangoko Azoka, sortzaileen lanak kulturazaleekin partekatzeko topagunea. Ahotseneak musika eta literatura aurkezpenak jasotzen ditu, euskal musikari eta idazleen erakusleiho bihurturik. Musikaren arloan, ibilbidea hasita duten taldeak eta hasiberriak batuko ditu. 17 taldek lehen diskoa plazaratzeko ametsa beteko dute Durangoko Azokan. Hauek dira: Akaleia, Eider, Eire, Etxepe, Haira, Haize-arrosa, Ithaka, Kadira, Karma, Ke lepo, Lilo, Mamu, Muare, Nakar, TRB, Txopet eta Zatibi.
Gainerako 32 taldeei dagokienez, askotariko estiloak jorratuko dira. Nøgen taldeak labetik atera berri duen diskoa aurkeztuko du, adibidez. Musikan 30 urtetik gora daramatzan Leihotikan taldea indarberrituta dator, Gorka Urbizuren ekoizpenarekin eta kolaborazioarekin. Rock estiloaz harago, Amorante eta Ibil Bediren proposamenak aipatu daitezke, besteak beste. Hurrengoak dira 32 taldeak: Amorante, Arima, Braulio, EKG, Esanezin, Ezezez, Feline, Ibil Bedi, Intza, Jabi Patxon eta Kofradia Rock, Kemaronte, Konpost, Kuma No Motor, Leihotikan, Lotura, Marlik, Miren eta Roberto Etxebarria, Modus Operandi, Moxal, Murgi, Muzak, Nøgen, Otoi, Postal Kolekzionistak, Rukula, Sara Zozaya, Silitia, Toc, Yogurinha Borova, Xabi San Sebastian, Zeker eta Zukan.
Emanaldi guztiak streaming bidez ere ikusi ahal izango dira, webgunen honetan bertan.