Astelehena,
2024ko Azaroak11

MugaKultura

loader-image
Durango
5:38 pm,
temperature icon 15°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 19 Km/h

‘Bizkargiko Eguna: atzotik gaurkora’ dokumentalaren estreinaldia urriaren 26an izango da

Amorebieta-Etxanoko Udalak Ondarearen Europako Jardunaldiak (2023) egitasmoaren baitan antolatutako ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoa eman du gaur, ‘Ondare bizirik!’ lelopean. Ainhoa Salterain alkateak azaldu duenez, Bizkargi Egunarekin lotutako bi jarduera izango dira, «biek Amorebieta-Etxanoko kultur ondarearen zati baliogabe bat nabarmentzea eta babestea izango dute helburu». Harekin batera, prentsaurrekoan izan dira Jon Artabe (Idazkaritza, Funtzio Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotzia, Euskara, Berdintasuna eta Arkalaz!-en zeharkakotasunaren koordinatzailea) eta Igone Etxebarria (Labayruko zuzendaria).

Prentsaurrekoaren hasieran, Ainhoa Salterainek adierazi du ekitaldi nagusietako bat bereziki horretarako sortutako dokumental baten aurkezpena izango dela: «Bizkargiko Eguna: atzotik gaurkora dokumentalaren emanaldia; urriaren 26an izango da, 20:00etan, Zornotza Aretoan (sarrerak Zornotza Aretoan eskuratu behar dira, debalde). Dokumental honek Bizkargi Eguna urteetan zehar ospatzearen jatorria eta bilakaera jasotzen ditu. Bizkargiko erromeriak aldaketak izan ditu bere historian zehar, eta garai berrietara egokitu da. Halaber, gune estrategiko hau markatu duten gertaerak jasoko dira dokumentalean». Salterainek nabarmendu du proiektu hau Labayru Fundazioarekin elkarlanean gauzatu dela, eta hark funtsezko zeregina izan duela dokumentalaren ikerketan, dokumentazioan eta sorkuntzan: «eskerrak eman nahi dizkiet Labayrutik gaur aurkeztuko dugun dokumentala sortzen lagundu duten pertsona guztiei».

Era berean, gehitu du: «Dokumentalaren proiekzioaren ondoren, hitzaldi/mahai-inguru bat egingo da, hainbat  pertsona protagonista izango dira bertan.  21:30ean hasiko da, eta aukera paregabea izango da Bizkargiko erromeriaren historia eta garrantzi kulturala sakonago aztertzeko».

Bestalde, Jon Artabe zinegotziak azaldu du dokumental hau sortzeko ekimena Ondarearen Europako Jardunaldien baitan Udalak hartutako etengabeko konpromisotik sortu dela; Jardunaldi hori Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen du, www.ondareabizkaia.eus webgunearen bidez: «Aurten, Jardunaldiek ‘Ondare Bizia: Ondare Immateriala’ gaia dute ardatz, eta Amorebieta-Etxanok bere tradizioa nabarmentzea erabaki du, Bizkargiren erromeria, tokiko komunitatearen bihotzean sakon errotuta baitago, nahiz eta hainbat lekutako pertsonak erakartzen dituen».

Era berean, eta Layburu Fundazioko zuzendariari hitza eman aurretik, Artabek azaldu du dokumentalaz gain erakusketa bat ere egongo dela Zelaieta Zentroan: «erakusketa horrek aukera emango die herritarrei Bizkargiko erromeriarekin zerikusia duten dokumentuak xehetasunez aztertzeko. Erakusketa urriaren 16tik 27ra egongo da zabalik”.

18 testigantza

Bestalde, Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioaren izenean, Bizkargiko eguna: atzotik gaurkora dokumentala aurkeztu du: «jaiaren historia aberatsa ardatz duen ekoizpen bat da, eta ospakizun bakar honen bilakaera eta garrantzi kulturala partekatzea du helburu».

Igone Etxebarriak azaldu duenez, Santi Kurutz ospe handiko lekua izan da Amorebieta-Etxanoko pertsonen oroimenean, eta baita inguruko herrietan bizi direnentzat eta urrutitik etortzen direnentzat ere: «luzaroan, maiatzaren 3an ospatzen zen erromeria baten helmuga izan da Bizkargi. Gerora, tradizioak berak eboluzionatu eta «errepikapenaren eguna»-k hartu zuen indarra, festari hurrengo igandea gehituz eta ospakizunari ñabardura berri bat eginez».

Hala ere, Etxebarriak adierazi duenez, eta dokumentalean jasotzen den bezala, Bizkargi jai-giroko lekua baino gehiago da: «memoriaz eta aldarrikapenez betetako lekua da. Gerra Zibilean, mendi hori gune estrategiko bihurtu zen, Bilbo babesteko eraikitako hesitik gertu zegoelako. Gatazkan gudari asko hil ziren, eta Bizkargi Bizkaiko hainbat herritako pertsonen oroimenerako eta omenaldirako gune bihurtu zen».

Bizkargiko eguna: atzotik gaurkora dokumentala 18 herritarren testigantzetan eta denboran zehar partekatu izan dituzten bizipenetan oinarritzen da: «ikus-entzunezko hunkigarri honek, ia ordubeteko iraupenarekin, Bizkargik izan dituen alderdi ezberdinetan sakontzen du, urteroko erromerian eta memoria historikoaren kontserbazioan izan duen papera nabarmenduz».

Horrela, Etxebarriak azpimarratu du dokumentalak Bizkargiren bi aldeak aztertzen dituela: «alde batetik, erromeria dago, urtero-urtero, maiatzaren 3an ospatzen dena. Sasoi baten, jendetza batzen zen egun horretan Bizkargin. Letanian igotzen ziren. Parrokia bakoitza bere taldearekin. Familiek bazkaria eta guzti igotzen zuten. Giro itzela sortzen zela kontatzen dute dokumentalean. Eta erromeria itzela egiten zala mezaostean. Bestetik, Gerra Zibilean gertatutakoak eragin zuzena izan zuen lekukoen artean. Erromeriarako lekua izateaz gainera, memoriarako leku ere bihurtu zen Bizkargi. Era berean, frankismoaren azken urteetan eta Franko hil ostean bizi izan zen giroaz ere mintzatuko dira lekukoak. Jaia antolatzen hainbat talde ibili dira. Horren berri ere ematen da ikus-entzunezkoan”.

Horrela, Etxebarriak laburbildu du dokumental honek jorratzen dituen hiru gai nagusiak honako hauek direla: «Bizkargi, erromeria leku paregabea», «Bizkargi, memoria lekua» eta «Bizkargi, elkarlanetik antolatutako jaia».

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu