Astelehena,
2024ko Azaroak11

MugaKultura

loader-image
Durango
7:13 pm,
temperature icon 14°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 17 Km/h

ARRIZABALAGA BERTAN · Bosteko 23 erakusketa ibiltaria azaroaren 22tik abenduaren 12ra izango da Amorebietan

Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari Begoña de Ibarrak eta Arrigorriagako alkate Maite Ibarra Gotik “Bosteko 23” erakusketa ibiltaria inauguratu dute gaur arratsaldean, Arrigorriagako Euskaldun berria erakusketa aretoan. “Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak” izenburupean, María Alonso Páez, Gorka Gondra eta Víctor Arrizabalagaren lanak bildu dira erakusketan. Egileak inauguraziora bertaratu dira, Iñigo Sarriugarte erakusketaren komisarioarekin batera.

“Bosteko” erakusketaren hogeita seigarren edizioa Arrigorriagan abiatuko da, eta, gero, lekukoa Basauriri emango dio, urriaren 11tik 30era. Getxo izango da lekukoa hartuko duen hirugarren udalerria, azaroaren 2tik 19ra. Ondoren, Amorebieta-Etxanon izango dute ikusgai, azaroaren 22tik abenduaren 12ra, eta Leioa izango da erakusketa hartuko duen azken udalerria, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra.

«Bosteko 23» erakusketa ibiltariaren programazioa Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Amorebieta-Etxano eta Leioako Udalen lan koordinatuari esker egin ahal izan da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

‘KAOSETIK KOSMOSERA: UNIBERTSOKO PAISAIAK’

Antzinako Greziatik, «caos» terminoa, erakusketaren izenburuaren hasieran dagoena (‘Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak’), unibertsoaren jatorrizko egoeran zegoen desordenarekin lotzen da, eta, beraz, kosmosa sortu aurretik zegoen hutsunearekin; bertan, materiaren eszenaratzeak artikulazio abstraktu eta informala zuen. Hortik abiatuta, unibertsoaren beraren antolamendua konfiguratu zuten askotariko egiturak eta izar-konposizioak sortu ziren, kosmosa finkatzeko. Hasieran hutsunea zen nagusi, baina unibertsoaren bilakaera hasierako nahasmenetik urrunduz joan zen ordenara bideratzeko, hau da, kaosetik kosmoserako igarobidea sortu zen, non elementu bakoitzak bere lekua eskuratu zuen, kausaren eta efektuaren legeari lotutako arrazoi baten pean.

Kaos hori María Alonso Páezen pinturan (Getxo, 1959) sinbolizatuta agertzen da, eta, era berean, entropiarekin lotzen du naturan dagoen desordena- eta nahasmen-maila aztertzean, bai eta termodinamikaren bigarren printzipioarekin ere, sistema bati datxekion nahasmenduan oinarrituta. Jatorrizko kaos horretatik abiatuta, unibertsoak haztapenerantz eta orekarantz jo du, eta faktore horiek sinbolizatzen dituzte Gorka Gondraren lan abstraktu geometrikoek (Mungia, 1978) eta Víctor Arrizabalagaren pieza organikoagoek (Mañaria, 1957), unibertsoan ezkutuan dauden sosegua eta egonkortasuna koka­tzea ahalbidetzen duten proposamenen bidez.

Caos-cosmos printzipio biak bereizi ezinak dira; hori dela eta, kontzeptu-premisa horren pean biltzen dira hiru artisten proposamenak. Binomio alterno horren bidez adierazitako unibertsoaren indarrek izar-formak sortzea eragiten dute, eta, aldi berean, suntsitzea, eta energiaren sakabanaketa eta horren ondorioz­ko irudikapen informal eta kaotikoa sortzen da. Hori, berriz ere, pintore getxotarraren paisaia sideralek bermatzen dute; azken batean, kaos berri batean desintegratzen diren sistema ordenatuak dira. Unibertsoaren eraikitze- eta suntsitze-ziklo hori bera sinbolikoki jasotzen da erakusketa-lagin honetan; izan ere, kaosetik ordenara eboluziona­tzen da, berriro ere ordenarik gabe geratzeko eta espazioaren ziklo hori etengabe berrabiarazteko.

Eremu astronomikoetan zera ulertzen da: orientazio guztietan bideratzen diren gas-emanazio galaktikoak kaotikoak izan ohi dira hasieran; horregatik, María Alonso Páezen margolanak prozesu hori bera erakusten du, eta, aldi berean, forma oro sortzen duen magma bezala azaltzen da, sistema bat domeinu mota konplexuago baterantz bultzatzen duen hitzaurrea sortuz. Kaosak aukera ematen du ordena kosmiko berera igarotzeko, eta hori modu adierazgarrian bultzatzen dute Gorka Gondra eta Víctor Arrizabalagaren proposamenek. Autore horien estetika konformazio abstraktu batean oinarritzen da, aldaera geometriko eta organikoetan, hau da, berau osatzen duten sekzioen arteko egitura-sistemez osatutako lengoaia batean.

ARTISTAK

VÍCTOR ARRIZABALAGA

Víctor Arrizabalagak (Mañaria, 1957) Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatura eskuratu zuen 1980an, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, ondoren, Arte Ederretako doktore-titulua lortu zuen 2015ean, erakunde berean, El coleccionismo de arte en Bizkaia y Álava durante el siglo XX izeneko doktore-tesiari esker.

Ibilbide luzea izan du artistak, bai eta diber­tsifikatua ere, formatuei, teknikei eta gaiei dagokienez. Alderdi piktorikoa eskultorikoarekin konbinatzeaz gain, diseinuarekin eta haren alternantzia hibridoekin lotutako eremuetatik igarotzen da, eta horrek ikerketa-aukerak eta -prozesuak zabaltzeko beharra bermatzen du.

Magnitudeei beldurrik izan gabe, tamaina txikiko piezak egiten ditu eskultura publikoen kategoria hartzen duten proiektuetan, non eskakizun teknikoa kuantitatiboki handitzen den Altzairua da bere lanen osagai nagusietako bat, eta material horren askotariko manipulazio-aukerak eta -aldakortasunak aztertu ditu.

Oraintsuko bere lanean, letrak objektualizatutako zeinu abstraktu gisa erabiltzeko interesa nabarmentzen da, baita idatzizko hizkuntzaren ispiluan begiratzen den eskultura-metahizkuntza bat sortzeko nahia ere. Hizkiak eraikuntza-modulu bihurtzen dira, eta hizkuntzaren adierazpen-aukerei buruz galdetzen duten egitura arkitektonikoak era­tzeko balio dute.

Era berean, artistak planoak egituratu eta izurtzeko jolasak egiten ditu, egitura modularren konposizioari mesede egiten diotenak, eta zeru- eta eguzki-gorputzak simulatzen dituzte, argi- eta kroma-inpaktuarekin. Lan abstraktu eta organiko horrek konstante zirkularrak eta eliptikoak dituzten sekzioak sistematizatzea eskatzen du, eta proposamen plastikoen funtsezko marka bihur­tzen dira. Horiek guztiek kosmosaren ordena- eta oreka-dinamika iraunkorrak indartzen dituzte, unibertsoa osatzen duten egituren eta dimen­tsioen zentzu matematikoa nabarmentzen duten sistemak, hain zuzen.

MARÍA ALONSO PÁEZ

María Alonso Páezek (Getxo, 1959) goiz ekin zion ibilbide piktorikoari, artisten familiatik zetorrelako, eta gainerako bilakaera profesionalean zehar ere artista jardun du. Formari eta koloreari buruzko hainbat ikerketa egin zituen, eta, azkenean, pintura materikoak eta pigmentu naturalen esponentzial kromatikoekiko loturak garatu zituen luzaroan eta modu iraunkorrean.

Margolaritzaren ezagutzan eta azterketaz aritzeaz gain, autodidakta izan da eta laurogeiko hamarkadaz geroztik munduko hainbat tokitan bidaiatzeko beharra ase zuen. Bereziki, artistak azpimarratzen du oso garrantzitsuak izan zirela Himalayaren oinetan dauden monasterioetan egindako egonaldiak; Indian, Nepalen eta Butanen egindakoak, hain zuzen. Horrek bere ikuskera artistikoa eta intelektuala aberastu du, eta, beraz, margolanen sorreran islatu da.

Artista getxotarraren serie-kopuru handi batek argudio mitologikoetara garamatza, eta horietako bat kaosaren gaian zentratzen da, materiaren jatorri eta sorkuntza demiurgikoa den aldetik, hau da, unibertsoaren beraren jatorria bera, zeinak, bere bilakaeran, geroagoko forma sideralak hezurmamitzen baititu. Haren konposizio primitiboak eta jatorrizkoak, gorputz zeldarioen hedapenaren eta zehaztapenaren hasierako eta ernamuineko erreferente gisa, modu sinbolikoan ulertu behar dira, aplikazio abstraktu baten bidez.

GORKA GONDRA

Gorka Gondrak (Mungia, 1978) Arte Aplikatuetako eta Diseinu Grafikoko ikasketak egin zituen Shillington College-n (New York). Horri esker, ibilbide piktoriko batean kontzentratzeaz gain, aukera izan du diziplina askoko diseinatzaile ari­tzeko; hainbat proiektu egin ditu, eta proiektu horietako batzuek nazioarteko dimentsioa izan dute. Izan ere, Estatu Batuetan, Suitzan, Herbehereetan eta Ekialde Ertainean bizi eta lan egin du, besteak beste. Gaur egun, Bilbon bizi da.

Bere ibilbide piktorikoa hainbat neurritako formatutan banatuta dago; izan ere, planteatutako konposizioak hartu eta gaindimentsionatzea ez da arazo bat, baizik eta errealitate bat, azpian dena eta oztopo handirik gabe artikulatzen dena. Hortik aurrera, bere proposamen abstraktu eta geometrikoetan jarraikitasun formala eta konposiziozkoa izan du.

Bai zuri-beltzaren inguruko proposamen erredukzionistek, jolas antagoniko gisa eta, aldi berean, existentziarako beharrezkoak direnak, bai ikusmen-dibertsitate handiagoko konstanteek, aukera ematen dute izar-gorputzak eratu daitezen hainbat prozesu gertatzeko, unibertsoko fenomeno eta indar latenteei lotutako kromatismoetan oinarrituta. Planteamendu saretsuenak uztartzea edota forma zirkularrak egotea, dena kokatzen da ordenamendu handiago baten barruan. Are gehiago, azken egitura horiek erradianteak diren alternantzia kromatikoak dituzte zenbait lekutan, horiak zein gorriak, espazioko hainbat lekutatik dardara egiten duten argi-sortekin bat.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu