Asteartea,
2024ko Abenduak10

MugaKultura

loader-image
Durango
12:08 pm,
temperature icon 7°C
Humidity 91 %
Ráfagas de viento: 12 Km/h

Saroa Bikandik “familian disfrutatzeko” bi tailer eskainiko ditu Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan

Jon Baraja
KULTURA DURANGO

Bihar, irailak 20, bukatuko da Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan ikasturte honetarako antolatu diren tailerretan izena emateko epea. Programatu diren ekintza ugarien artean, Saroa Bikandi López literatur bitartekari durangarrak eskainiko dituen bi jarduera daude: Azalerako Ipuinak -0 eta 36 hilabete bitarteko umeen irakurzaletasuna suspertzeko tailerra- eta Liburuen Poltsa -3 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako irakurketa kluba-. Bietan, parte-hartzaile gaztetxoak pertsona heldu batekin joan behar dira. “Familian disfrutatzeko tailerrak dira”, dio Bikandik.

Saroa Bikandi.

Azalerako Ipuinak tailerra hilean behin egingo da: urriak 17, azaroak 14, abenduak 12, urtarrilak 16, otsailak 20, martxoak 12, apirilak 16 eta maiatzak 14. Adinaren arabera bi talde sortuko dira, bat 17:00etan eta bestea 18:00etan. Ekimen honetan “ukimena sartzen da, adin tarte horretan arreta maila oso txikia delako”, azaltzen du ipuin-kontalari durangarrak. Masajeak eskaintzen duen hitzez besteko komunikazioaz baliatuz, eta ipuinek, poemek, hitz-jokoek, kantuek, jolasek eta liburuek eskaintzen dizkiguten beste komunikazio mota batzuk erabiliz, haurren beharrizanak asetzea eta haiekin komunikazio-bide berriak zabaltzea da ekimen honen helburua.

Libururen Poltsa

Liburuen Poltsa ere hilean behin programatu da eta bi talde egingo dira. A taldearen saioak urriaren 3an, azaroaren 7an eta 28an, urtarrilaren 9an, otsailaren 6an, martxoaren 5ean, apirilaren 9an eta maiatzaren 7an garatuko dira. B taldearenak hurrengo egunetan izango dira: urriak 24, azaroak 21, abenduak 19, urtarrilak 23, otsailak 27, martxoak 19, apirilak 23 eta maiatzak 21. 3eta 5 urte bitartekoen saioak 17:00etan egingo dira eta 6 eta 8 urte bitartekoenak 18:00etan. Ipuinak, kantak, poemak, jokoak edota eskulanak tresna egokiak izango dira fantasia elikatzen laguntzeko. Parte hartzaileek biblioteka ezagutuko dute eta ipuinen munduan murgilduko dira. “Tailer honetan sormena asko lantzen da”, zehazten du Bikandik.

“Adin hauetan gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da literaturarekiko atxikimendu bat sortzeko. Haur-literatura ezagutaraztea eta plazerretik zelan egin ahal den erakustea da jarduera hauen helburua. Eta nola ez, umeek tarte gozo bat pasatzea”, azpimarratzen du. “Oso pozik etortzen dira. Ikasturte osoan egiten denez, aldaketa nabaritzen joaten da eta oso polita da egoten den eboluzioa ikustea”, gehitzen du ipun kontalaritzaren munduan 9 urte daramatzan durangarrak. “Kultur ekintzak egiten zituen elkarte batean nengoen eta nire tailerra sortzera ausartu nintzen”, gogoratzen du.  Durangon ez ezik, beste udalerri batzuetan ere ematen ditu tailerrak, hala nola Amorebieta-Etxanon, Iurretan, Basaurin, Arrigorriagan eta Eibarren.

Durangoko Udalak Bizenta Mogel Bibliotekan antolatu dituen ekintzetan parte hartzeko formulario hau bete ahal da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu