Ostirala,
2024ko Uztailak26

MugaKultura

loader-image
Durango
1:26 am,
temperature icon 19°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

‘Zornotzan’ gidaren edizio berria argitaratu du Udalak, prestakuntza, kirol, gizarte eta kultura eskaintzarekin

Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Zornotzan’ gidaren edizio berria aurkeztu du prentsaurrekoan, 2023ko irailetik 2024ko urtarrilera bitartean aurreikusitako programazioarekin. Ainhoa Salterain alkateak azaldu duen bezala, gida honek dokumentu bakar batean biltzen du Amorebieta-Etxanoko datozen lau hilabeteetarako prestakuntza, kirol, gizarte eta kultura eskaintza: «Amorebieta-Etxanoko bizilagunek dagoeneko jaso dute beren etxeetan programazio osoa biltzen duen gida, eta, Udaletik hura kontserbatzea gomendatzen dugu. Hala ere, eskuragarri egongo da udal webgunean».

Horrela, Salterainek azpimarratu du aurkeztutako gidaren helburua dela herritarrentzat tresna bat izatea, pasio berriak aurkitzeko, trebetasun berriak ikasteko, ongizate pertsonala hobetzeko eta Amorebieta-Etxanoko garapen kolektiboan laguntzeko: «gida honetan jasotako eskaintzek bat etorri behar dute zornotzarren behar eta nahiekin. Horregatik, adin eta gustu guztietarako eskaintzak biltzen ditu, zuen gustukoak izatea espero dugu, ahaldundu eta genero-berdintasuna lortzeko, euskara ikasi eta hobetzeko, kirola eginez zuen osasuna eta ongizatea hobetzeko, eta horrek modu aktiboagoan eta bizi-kalitate handiagoarekin zahartzea ahalbidetzeko, ipuinak irakurtzen eta entzuten gozatzeko, eta noski, baita ere eskainitako ikastaroekin, musikarekin, bisita gidatuekin eta erakusketekin disfrutatzeko».

Emakumeen ahalduntzea

Bestalde, eta dokumentuari erreferentzia eginez, Koldo Bilbao Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotziak azaldu du gida Berdintasun Sailak antolatutako tailer, ikastaro eta hitzaldiekin hasten dela: “tailer, ikastaro eta hitzaldi horiek guztiak emakumeak ahalduntzera eta beren burua zaintzera bideratuta daude. Horrela, autoestimuari eta parte-hartzeari buruzko tailerrak programatu dira, eta bertan emakumeek beren autoestimua eta trebetasunak landuko dituzte, eta errespetuzko eta elkartasunezko leku batetik jendaurrean adierazten eta hitz egiten ikasiko dute.

Kulturari eta arteari buruzko tailerrak ere izango dira, bi diziplina horiekiko interesa eta nahia duten emakumeak musikara eta argazkilaritza hurbiltzeko; biak ikuspegi feministatik abiatuko dira.

Era berean, mitoak eta mendekotasuna apurtzea helburu duten bi tailer programatu dira. Gogoratu behar dugu lana sexuaren arabera banatzea historikoki egindako eta onartutako praktika izan dela. Tailer horien bidez, hautsi egin nahi da emakumeek tresnak eta teknologia berriak erabiltzeko duten ezintasunaren ideiarekin.

Era berean, eta ‘Emakumea eta Osasuna’ programaren barruan, bi ikastaro antolatu dira Osasun Zentroarekin lankidetzan. Bata, zoru pelbikoa indartzeko eta gorputza ezagutzeko, eta bestea, hilekoaren zikloarekin eta klimaterioarekin lotutako ezagutzak eskuratzeko.

Gizonekin lan egiteko tailerra ere antolatu da, gurasoei zuzenduta. Ahalduntze-eskola gizonekin lantzea garrantzitsua denez, tailerrera joaten diren gizon gurasoek maskulinitate-eredu berriak landuko dituzte, ikasitako jarrera matxistak, rolak eta estereotipoak ulertzeko eta deseraikitzeko.

Herritar gazteenei zuzenduta, ikastaro bat eta tailer bat antolatu dira. Ikastaroa 18 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta ‘Drogak, sexua eta generoa’ izenburupean, emakumeen osasuna eta kontsumoa landuko dira, prebentzioan arreta edo ardatza jarriz. Bestalde, ‘Autodefentsa feminista’ tailerra izango da, 14 eta 16 urte bitarteko emakume gazteei zuzenduta.

Eta, azkenik, aholkularitza sexologikorako zerbitzuari buruzko informazioa ematen da gidan. Bertan, emakumeek sexualitatearekin lotutako edozein zalantzari buruzko kontsultak egin ahal izango dituzte. Zerbitzua hainbat modutan eskainiko da: aurrez aurre, ostiraletan 18:30etatik 20:30etara Zelaietan; 644 770 031 telefonoaren bidez; edo posta elektronikoz gazteaholkularitza@amorebieta.eus helbidera idatziz».

Euskara ikasi eta praktikatu

Bilbaok azaldu duenez, Zornotza Udal Euskaltegiak euskara ikasteko, hobetzeko edo praktikatzeko eskaintzen dituen ikastaroak ere jasotzen ditu gidak: «euskara azterketak gainditu nahi dituzten zornotzarrei zuzendutako aurrez aurreko ikastaroak egongo dira, adinekoentzako ikastaro bereziak, autoikaskuntza ikastaroak, ikastaro trinkoak, maila prestatzeko ikastaroak… Gainera, Euskara Sailetik euskara modu informalagoan praktikatzeko hainbat berriketa talde antolatu ditu, aurten bizkaiera barne».

Familia Eskola, Zainduz Programa, eta Nagusi Aretoa eta Nagusin etxeko ekintzak

Gizarte Ekintza Sailarekin jarraituz, Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotziak azaldu du adin ezberdineko seme-alabak dituzten familia zornotzarrei zuzendutako tailerrak eta hitzaldiak izango direla, guztiak Familia Eskola ekimenaren baitan antolatuak: «biek bilatzen dute hezkuntza emozionalak bizitzako lehen urteetan duen garrantzia azpimarratzea, hezkuntza positiboa azpimarratuz eta etxeko komunikazioa landuz».

Halaber, Bilbaok adierazi duenez, «lau hilabete hauetan ere ez dira faltako Nagusi Aretoak adinekoentzat antolatutako jarduerak, hala nola, bisita gidatuak, tailerrak, ikastaroak, ibilaldiak eta hitzaldiak. Zainduz programaren bidez, laguntza behar duten pertsonen zaintzaileei zuzendutako ekimenak ere izango dira, hala nola, hitzaldiak, tailerrak eta bisita gidatuak; beren burua zaintzea izango dute helburu. Eta amaitzeko, Nagusien Etxeak bere bingo saioekin jarraituko du urritik maiatzera bitarteko larunbatetan; eta dantzaldiekin larunbatero ekainera arte».

 Kirolaren eta kulturaren arloko jarduerak eta ikastaroak

‘Zornotzan’ gidaren edizio berriak Larrea Kiroldegiak antolatutako ikastaroak ere jasotzen ditu: «adin guztientzako ikastaroak emango dira, mantenu gimnasia, GAP, Pilates, helduentzako igeriketa… Era berean, gidak Ibiliaz Ezagutu programaren barruan Durangaldeko txoko ezkutuetatik egingo diren irteerak ere jasotzen ditu; natura eta kultura-ingurunea ezagutzeko lau ibilbide gidatu dira, euskaraz. Andres Espinosa zornotzarraren omenez antolatutako ibilbidea ere islatzen da edizio berri honetan: urriaren 1ean ospatuko da eta, ohi bezala, bi ibilbide izango ditu.

Zubiaur Musika Eskolako ikasturte berriari dagokionez, ikastetxeak eskaintzen dituen musika eta dantza ikastaroak jasotzen dira gida berrian.

Bestalde, Udal Liburutegiak ere leku propioa du, adin ezberdinetako publikoari zuzendutako jarduera guztien gida bat. Haurrek hainbat jardueraz gozatu ahal izango dute: ipuin kontalariak, Liburuen poltsa, Kontuten edo Kontu-leku; gazteentzat Ekofestibala programaren aurreneko edizioa antolatu da, gizarte ekonomiako lehen sormen jaialdia; eta helduek, irakurketa kluba, ipuingintza, sormenezko idazmena eta irakurketa txokoa izango dituzte».

Zelaieta Zentroa eta Zornotza Aretoa

Gainera, Koldo Bilbaok gogorarazi duenez, ‘Zornotzan’ gidak Zelaieta Zentroak eta Zornotza Aretoak datozen hilabeteetarako, urtarriletik urrira, antolatu duten programazio osoa biltzen du: «interesa duten pertsonek Zelaieta Zentroan publiko ezberdinarentzat antolatutako ikastaro zehatzak zein urtekoak kontsultatu ahal izango dituzte. Era berean, datozen hilabeteetako haur eta gazteentzako jarduerak ere jasotzen dira, bai aldizkakoak, Ludoteka bere bertsio desberdinetan, Erdu Olgetan edo Gauero esaterako; bai unean unekoak, hala nola, Gabonetan Jai. Zornotza Aretoaren programazioari dagokionez, gidak Amorebieta-Etxanoko eraikin enblematiko honetan egingo diren antzezlanak edo kontzertuak jasotzen ditu. Halaber, Musika Gertu programaren baitan antolatutako kontzertuak, Zine Klubaren baldintzak edo Zelaietako erakusketa aretoan edo eraikinaren lehenengo solairuan egongo diren erakusketak kontsultatu ahal izango dira bertan».

Eleizetan, Mangamore eta Ondarearen Europako Jardunaldiak

Azkenik, Koldo Bilbaok azaldu du ‘Zornotzan’ gidak herritarren esku ere jartzen duela udalerrian finkatuta dauden ekimenei eta programei buruzko informazioa. Ekimen eta programa horiek Udaleko sail ezberdinak antolatuak dira, hala nola, Eleizetan programa, Mangamore eta Ondarearen Europako Jardunaldiak «.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu