Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
3:02 am,
temperature icon 19°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

JAI PAREKIDEAK · Musikaz eta ekimenez beteta datoz Elorrioko Ferixa Nausikoak

Urtero bezala Elorrioko Udalarekin eta jai batzordearekin elkarlanean jardun dute askotariko eragileek, jaietako egitarau oparoa osatzeko: Arriola Kultur Aretoa, Iturrizoro elkartea, Kainabera GKE, kirol elkarteak, danborrada eta txosnagunea, Txintxirri Ikastola, herriko txistulariak, Fanfarrixo fanfarrea, Bizidun nagusien elkartea… “Adin eta gustu guztiak asetzeko ahalegina egin dugu”, adierazi du Itsaso Basauri Jaietako zinegotziak.

Guztira, 170.000 euro erabili dira jaiak antolatzeko. Ohiko ekintzak izango dira (azoka, danborradak, herri bazkariak…) eta baita tradizioz egin diren beste hainbat ere (bertso-saioa, herri kirolak, kirol txapelketak…). Eta nola ez, musika eta kontzertuek ere garrantzi berezia izango dute: Xabi Aburruzaga eta Kai Nakai izango dira oholtzan, besteak beste. “Musika estilo ugari izango dira, herritar guztion gustuak asetzeko. Gainera, txosnagunean ere askotariko kontuak egingo dira: kontzertuak, bazkariak, txapelketak, DJak, umeentzako olinpiadak, pintxo-potea, mus txapelketa…”, azaldu du Basaurik.

Egitarauko izarra azoka izaten da. Aurten 45 postu jarriko dituzte nekazariek eta ekoizle txikienek eta bi postu izango dira bertakoak eta ekologikoak. Artisauen postuak, berriz, 20 izango dira; Tanger tabernaren paretik, Guriako aparkalekura bitartean jarriko dira artisauak aurten. Horrez gain, inguru horretan taloen bi postu egongo dira.

Adin tarteei erreparatuta, jubilatuentzako eguna ere ospatuko da: mendi ibilbidea, hildakoen omenezko meza, luntxa, dantzaldia eta kontzertu lirikoa egingo dira. Nerabeentzako eskaintzari dagokionez, bigarren urtez, beraiei egokitutako gune berezi bat egongo da: Ganondo parkean bizikleta birakariak, ohe elastikoak eta emozioen laborategia jarriko dira, besteak beste.

Umeentzako, aldiz, buruhandiak, bitsaren festak, txutxu trena, jolasak eta barrakak izango dira.

Txupinazoa bi elkarteren eskutik

Aurten 50 urte betetzen dituzten bi elkarte izango dira txupina jaurtitzeaz arduratuko direnak: Erdella mendizale taldea eta Berrio-Otxoa Orfeoia. “Guretzat ohorea da jaiak beraien eskutik hastea, eta mende erdi honetan egin duten lana ere txalotu nahi dugu horrela”, azpimarratu du Jaietako zinegotziak.

Erasorik gabeko jaiak

Julene Lazkano alkateak gogorarazi nahi izan du jaiak “guztienak eta guztientzako” direla; hau da, jaiez gozatzea “pertsona guztien eskubidea” dela. “Ez dugu eraso matxista, homofobiko eta transfoborik onartuko; ezta beste motatako erasorik ere. Ahalegin handia egin nahi izan dugu mezu hau zabaltzen eta prebentziorako baliabideak jartzen”, azaldu du irmo.

Irailaren 1ean informazio gune bat jarriko da; indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko tresnak eskura jartzea da helburua. Bestetik, beste urte batez, erasoen kontrako protokoloa landu da. Telefono zenbaki bat egongo da informazioa eskatu edo erasoak salatzeko: 688 86 52 94.

Jai parekideez gozatu ahal izateko informazio gunea jarriko da ostiralean plazan

Elorrioko Udalak urtero egiten du jai parekideen aldeko apustua; hau da, sexu erasorik, eraso sexistarik eta homofobiarik eta transfobiarik gabeko jaiak lortzea du helburu. Horretarako, lanketa egiten da urtean zehar hainbat erreminta jartzen dira elorriar guztien eskura.

Alde batetik, jai parekideak lortzeko bidean, prebentzioan jartzen da arreta. Horretarako, aurten informazio gune bat jarriko da irailaren 1ean, plazan, 18:00etatik 21:00etara. Erasoen kontra egiteko materiala eta informazioa egongo da herritar guztien eskura. Bestetik, Udaleko Berdintasun Sailak kartelak, kalkomaniak eta bestelakoak banatuko ditu.

Prebentzioaz gain, erasoei aurre egiteko baliabideak jarri ditu Elorrioko Udalak beste urte batez. Alde batetik, telefono zenbaki bat egongo da, behar izanez gero, bertara deitzeko: 688 86 52 94. Horrez gain, protokoloa ere badago –mugimendu feministarekin batera landutakoa– pertsona orok nola jokatu jakiteko.

Erasoez jardutean, Udalak argi utzi nahi izan du herritar guztien ardura dela jai parekideak lortzea: “Gizonezko guztiei, adinekoei, gazteei, zein nerabeei, eskatzen diegu ez daitezela izan emakumeen, nesken eta neskatoen aurkako erasoen partaide. Gogorarazten dugu besteak onartzen ez dituen sexu-jokabideak erasoak direla. “Baboseoa”, tematzea, ukituak eta jazarpena ere indarkeria matxistaren barruan kokatzen dira. Ozenki eta gogor salatzen dugu emakumeen eta pertsona ez binarioen aurka erabilitako edozein indarkeria-adierazpen”.

Era berean, tabernetan lan egiten duten pertsonei dei egiten zaie jokabide matxistak detektatzen lagun dezaten eta beren establezimenduak eraso matxistarik, LGTBI+fobikorik edo xenofoborik gabeko gune bihur ditzaten. Udalak modu pertsonalizatuan ere egin die eskaera eta laguntzeko baliabide oro jarriko du beraien esku, beharrezkoa izanez gero.

Bestetik, aurtengo jaietan, Udalak zaintza-lanetan aritzen diren pertsona guztiengan jarri nahi du arreta; zehazki, etengabe zaintzen, sendatzen, babesten, garbitzen, laztantzen, elikatzen eta animatzen jarduten duten pertsona horiengan. “Argi eta garbi dugu mendekotasuna pairatzen duten pertsonen zaintzak ez duela atsedenik, eta garbi dugu oinarrizkoa dela bizitza sostengatzeko. Jai hauetan etxeetan, osasun zentroetan edo egoitzetan aritzen diren zaintzaileak eta egiten duten lana aitortu eta goraipatu gura dugu. Horregatik guztiagatik, espazio publikoetan gure buruak modu kolektiboan elkar zainduz, jai zoriontsuak eta osasuntsuak opa dizkizuegu”, adierazi du Elorrioko Udalak.

​​GOGORATU:

  • Sexu-harremanak izateko, adostasun aske eta argia egon behar da, drogen, alkoholaren, presioaren eta edozein motatako manipulazioaren eraginik gabe.
  • ​​Isiltasuna ez da baimena.
  • ​​Zurekin dagoen pertsona ez badago %100ean kontziente, EZETZA da!
  • Kontzientea izan zer gertatzen den uneoro. Gozatu!
  • Edozein unetan, iritzia alda daiteke. Zerbait adostua izan dadin, elkarrekin daudenek ados egon behar dute denbora guztian. Iritzia aldatzen baduzu, zure eskubidea da.

Baimenik gabe, edozein sexu-jarduera (ahoko sexua, barneratzea, genitalak ukitzea) sexu-erasoa edo bortxaketa da.

EGITARAU OSOA HEMEN

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu