Larunbata,
2024ko Uztailak27

MugaKultura

loader-image
Durango
4:34 am,
temperature icon 18°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Musikaz eta ekimenez beteta datoz ‘Ferixa Nausikoak’

Urtero bezala Elorrioko Udalarekin eta jai batzordearekin elkarlanean jardun dute askotariko eragileek, jaietako egitarau oparoa osatzeko: Arriola Kultur Aretoa, Iturrizoro elkartea, Kainabera GKE, kirol elkarteak, danborrada eta txosnagunea, Txintxirri Ikastola, herriko txistulariak, Fanfarrixo fanfarrea, Bizidun nagusien elkartea… “Adin eta gustu guztiak asetzeko ahalegina egin dugu”, adierazi du Itsaso Basauri Jaietako zinegotziak.

Guztira, 170.000 euro erabili dira jaiak antolatzeko. Ohiko ekintzak izango dira (azoka, danborradak, herri bazkariak…) eta baita tradizioz egin diren beste hainbat ere (bertso-saioa, herri kirolak, kirol txapelketak…). Eta nola ez, musika eta kontzertuek ere garrantzi berezia izango dute: Xabi Aburruzaga eta Kai Nakai izango dira oholtzan, besteak beste. “Musika estilo ugari izango dira, herritar guztion gustuak asetzeko. Gainera, txosnagunean ere askotariko kontuak egingo dira: kontzertuak, bazkariak, txapelketak, DJak, umeentzako olinpiadak, pintxo-potea, mus txapelketa…”, azaldu du Basaurik.

Kai Nakai.

Egitarauko izarra azoka izaten da. Aurten 45 postu jarriko dituzte nekazariek eta ekoizle txikienek eta bi postu izango dira bertakoak eta ekologikoak. Artisauen postuak, berriz, 20 izango dira; Tanger tabernaren paretik, Guriako aparkalekura bitartean jarriko dira artisauak aurten. Horrez gain, inguru horretan taloen bi postu egongo dira.

Adin tarteei erreparatuta, jubilatuentzako eguna ere ospatuko da: mendi ibilbidea, hildakoen omenezko meza, luntxa, dantzaldia eta kontzertu lirikoa egingo dira. Nerabeentzako eskaintzari dagokionez, bigarren urtez, beraiei egokitutako gune berezi bat egongo da: Ganondo parkean bizikleta birakariak, ohe elastikoak eta emozioen laborategia jarriko dira, besteak beste.

Umeentzako, aldiz, buruhandiak, bitsaren festak, txutxu trena, jolasak eta barrakak izango dira.

Txupinazoa bi elkarteren eskutik

Aurten 50 urte betetzen dituzten bi elkarte izango dira txupina jaurtitzeaz arduratuko direnak: Erdella mendizale taldea eta Berrio-Otxoa Orfeoia. “Guretzat ohorea da jaiak beraien eskutik hastea, eta mende erdi honetan egin duten lana ere txalotu nahi dugu horrela”, azpimarratu du Jaietako zinegotziak.

Erasorik gabeko jaiak

Julene Lazkano alkateak gogorarazi nahi izan du jaiak “guztienak eta guztientzako” direla; hau da, jaiez gozatzea “pertsona guztien eskubidea” dela. “Ez dugu eraso matxista, homofobiko eta transfoborik onartuko; ezta beste motatako erasorik ere. Ahalegin handia egin nahi izan dugu mezu hau zabaltzen eta prebentziorako baliabideak jartzen”, azaldu du irmo.

Irailaren 1ean informazio gune bat jarriko da; indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko tresnak eskura jartzea da helburua. Bestetik, beste urte batez, erasoen kontrako protokoloa landu da. Telefono zenbaki bat egongo da informazioa eskatu edo erasoak salatzeko: 688 86 52 94.

Egitaraua osoa hemen.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu