Igandea,
2024ko Abenduak01

MugaKultura

loader-image
Durango
9:11 pm,
temperature icon 14°C
Humidity 71 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

Amorebieta-Etxanoko Udalak ehun maillotetik gorako erakusketa aparta antolatu du Zelaieta Zentroan

Geroz eta gutxiago falta da Frantziako Tourra hasteko eta Amorebieta-Etxanoko Udalak mailloten erakusketa antolatu du motorrak berotzen joateko. Erakusketa ekainaren 30ean iritsiko da Amorebieta-Etxanora eta uztailaren 8ra arte egongo da ikusgai Zelaieta Zentroan: astelehenetik ostiralera, 8:30etik 21:30era eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Erakusketa Bilbon (Zabalgune eraikina) eta Gasteizen (Ignacio Aldecoa kultur etxea) ere bisitatu daiteke hilabete honetan.

Adrián Jiménez Rubio asturiarra Zelaieta Zentroan.

Euskal txirrindularitzarekin eta Frantziako Tourrarekin lotutako 100 maillot baino gehiagoz osatutako erakusketa gozatu ahalko da eta bi ataletan antolatuta dago. Alde batetik, euskal txirrindulari eta taldeen eta Itzuliko maillotak (eta erlojupeko buzoak) eta, bestetik, Frantziako Tourreko sari nagusietako jertseak (maillot horiak, berdeak, motadunak eta zuriak), proba honetan parte hartu duten zenbait talderen edizio bereziekin batera. Gainera, Santinik, Tourraren babesle ofizialak, 2023ko edizioko zortzi maillot ofizial utziko ditu, sari bakoitzeko bi. Horrela, ekainaren 1etik 15era bitartean, Tourreko arropak Bilboko Zabalgune eraikinean egongo dira ikusgai, eta Euskadiko hiriburuan, aldiz, euskal txirrindularitzarekin lotutako gainerakoak. Epe horien ondoren, bi hiriburuen arteko trukea egingo da, eta ekainaren 16etik 25era bitartean, Bilbok Euskadiko arropak erakutsiko ditu, eta Gasteizek, 16tik 29ra bitartean, Tourrekoak. Erakusketa, osoa, Amorebieta-Etxanon egongo da ikusgai ekainaren 30etik uztailaren 8ra bitartean, Zelaieta zentroan. Txirrindularitzaren zale amorratu den Adrián Jimenez Rubio asturiarraren bilduma honek, txirrindularitzako zaleei, eta gizarteari oro har, euskal txirrindularitzaren eta Frantziako Tourraren ikuspegi berri eta aberasgarriaz gozatzeko aukera emango die.

 

Bilduma ikusgarria

Taldeen (KAS, Euskaltel Euskadi, SKY, Movistar, Astana, Quick Step…) eta txirrindulari berriagoen eta ezagunagoen (Mikel Landa, Omar Fraile, Pello Bilbao, Izagirre anaiak edo Gonzalez de Galdeano, Joseba Beloki, Abraham Olano, Mikel Nieve, Haimar Zubeldia, Juanma Garate, Bingen Fernández, Julian Gorospe…) elastikoez gain, benetako bitxiak ere ikusi ahal izango dira, hala nola, Igor Astarloa Cofidis taldearekin munduko txapeldun izan zeneko maillota, Javier Mauleonen Mapei GB 1996 mitikoko jertseak eta Jon Unzagaren ‘Italiako Giroa’ bertsioa, Javier Otxoa zenduaren 2000. urteko Kelme Halcon Viajes taldekoa, taldeko guztien sinadurekin, ‘Gemeaz Cusin Zor’ Espainiako txapeldunarena, Jesús Ibáñez Loyo arabarraren ‘Italia’ edizioa, Txomin Perurena eta Miguel Mari Lasa bezalako historikoen janzkiak… Itzuliko liderraren maillotak ere barne hartzen ditu, hala nola, Vingegaard, Roglic eta Alejandro Valverderenak, besteak beste.

Frantziako Tourreko onenak bereizten dituzten ekipazioei dagokienez, Tadej Pogačar edo Chris Froome eta jada txirrindulari ohi diren Miguel Indurain, Bernard Hinault, Eddy Merckx, Alberto Contador, Carlos Sastre eta Luis Ocaña bezalako txirrindularien maillot horiak ikusi ahal izango dira. Erregulartasunari dagozkien berde kolorekoen artean, Peter Sagan, Erik Zabel eta Oscar Freirerenak egongo dira, eta mota gorrietako beste batzuk ere izango dira, besteak beste, Samuel Sanchez, Tony Rominger, Julian Alaphilippe eta mendiko saria gehien, zazpi aldiz, irabazi duen Richard Virenque txirrindulariarenak. Azkenik, Frantziako lasterketako gazterik onena bereizten duten zurien artean Egan Bernal, Nairo Quintana, Andy Schleck eta 45 urterekin oraindik jardunean dagoen Oscar Sevilla txirrindulariarenak aurkezten dira. Santini markako maillot ofizialak ere erakutsiko dira, 2023ko edizioari dagozkionak, Grand Départ Pays Basqueri, hain zuzen ere.

‘Tour’ bloke honen barruan, ‘Grande Boucle’-rentzat egindako edizio esklusiboak ere ikusi ahal izango dira. 1994ko Mercatone Uno taldeko kamiseta, ONCEko arropa beltzak eta arrosak, La Vie Claire Tour 1986ko maillota, 2016ko Tinkoff La Datcha taldearen jertsea, 1999ko Saeco Cannondale taldearen maillota eta 2004ko Domina Vancanze taldearen elastikoa eta txalekoa, biak Mario Cipollini esprinter handiaren taldeak, edo Wout Van Aertentzat esklusiboki egindako «masterpiece» modeloa, dira jantzi ikusgarrienetako batzuk, baita Marino Lejarretak, urte berean Millaun etapa bat irabazi zuenak, sinatutako ONCE taldeko 1990eko Frantziako Tourreko edizio berezia ere.  Xehetasunik ez galtzeko eta erakusketa ikusgarri honetaz ahalik eta gehien gozatzeko, jantzi bakoitzak deskribapen labur bat eramango du, txirrindularia identifikatu eta ezagutzeko eta eraman zuen urtea adierazteko.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu