Astola Podcast egitasmoa aurkezteko ikuskizuna bihar izango da Abadiñoko Gerediagako foru-zelaian
Urteko egunik luzeena amaitzeko, Gerediaga Elkarteak abian ipintako Astola Podcast egitasmoaren aurkezpen irekia izango da. Ekitaldiak ikuskizun formatua izango du. Horretarako, Karrika antzerki taldeak Astola aldizkariko ikerketetako baten kontakizun antzeztua egingo du. Felix Arkarazok eta Gehi Zazpi biolontxelo taldeak, bestetik, aurten ekoizteko asmoa dagoen istorio baten irakurtaldi musikatua eskeiniko dute. Iluntzea girotzeko, eusko label produktuak dastatzeko aukera egongo da.
2007tik, Gerediaga Elkarteak, urtero, Durangaldeko historia eta ikerketa lanak jasotzen dituen aldizkaria argitaratzen du. Argitaratuta dauden 16 zanbakietan jasotako lanetako batzuk entzuteko formatuan moldatu ditugu orain. Dagoeneko zazpi dira podcast formatuan egokitutako ikerketa lanak, eta elkartearen webgunean daude entzungai.
Iurretako Santa Apolonian lur hartu zuen hegazkinari buruzko pasartea, Anboto Damari buruzko teoria ezberdinak, Mikeldiko txerriari buruzko misterioa, Garaiko San Juan Momoition egindako aurkikuntzak, Durango kotxearen abentura, Elorrion izan zen eskola esperimentala eta Durangaldeko leinuen gerrak dira podcast formatuan moldatutako lanak. Guztiak, Edorta Barruetabeña durangarrak egokitu ditu modu erakargarrian entzungai egiteko eta Durangaldeko zazpi pertsona ezagunek jarri dute ahotsa: Felix Arkarago, Tere
Eguzkiza, Maite Berriozabal, Maite Lopez, Iñaki Guridi, Andoni Aizpuru eta Esti Gonzalez. Podcast sarreretako ahotsa, bestetik, Bizkaia Irratiko Miren Ezkurra esatariarena da.
Durangoko Udalaren laguntza izan dute
Alde teknikoari dagokionez, Liher Larrañaga elorriarrak egin du edizio lana, eta grabazioak Durango Irratian eta Berrizko Lorentzo Records grabazio estudioan egin dira. Ekoiztutako lehen zazpi podcastak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren eta Durangoko Udalaren laguntza izan dute. Momoitioko aurkikuntzei buruzko podcastak, gainera, Garaiko Udalaren laguntza ere izan du.
Gerediaga Elkartearen helburua 2023an beste hiru ikerketa podcast formatura egokitzea da, eta formatu horretan espezializatutako sare sozialetan ere zabalkundea egingo du aurrerago.