Asteazkena,
2024ko Urriak16

MugaKultura

loader-image
Durango
8:43 am,
temperature icon 19°C
Humidity 93 %
Ráfagas de viento: 52 Km/h

EÑAUT AIARTZAGUENA: “Bizipoza elkarteko bildumako marrazkiak egitea benetan aberasgarria izan da”

Jon Baraja

MUGA KULTURA

Eñaut Aiartzaguena iurretarra umetatik izan duen pasioaz gozatzen ari da: marraztea. Azken boladan proiektu oso polit batean murgiltzeko aukera izan du. Bizipoza elkarteak, izaera bereziko gaiak lantzen dituzten eta haurren eta familien ongizatea helburu duten 36 elkarte desberdinez osatuta, ‘Mundu berri bat guztiontzat’ abesti eta bideoklip bilduma argitaratu berri du. Horrekin batera ateratako liburuaren ilustrazioak Aiartzaguenak egin ditu. “Bizipozaren mezua mundua guztiontzako izan beharko lukeela da eta pertsonalki oso lan aberasgarria izan da, elkarte horiek ezagutzeko aukera izan dudalako”, dio marrazkilariak.

Eñaut Aiartzaguena.

Eñaut Aiartzaguena Bravo (Iurreta, 1988) ilustratzaile, komikigile eta diseinatzailea behar bereziak dituzten haur eta familien 36 elkartek osatzen duten Bizipozako boluntarioa da duela urte batzuetatik hona. Egitasmo honek ‘Mundu berri bat guztiontzat’ lana burutu du, abesti eta bideoklipen bidez elkarte horien lana ezagutzera emateko asmoz. Gainera, liburuxka formatuan, elkarte bakoitzaren deskribapena eta aurkezpen testua topatu ahal da. Elkarte bakoitzeko ilustrazio bat ere agertzen da. Marrazki horiek egiteaz Aiartzaguena arduratu da.

“Bizipozaren mezua mundua guztiontzako izan beharko lukeela da. Elkarte bakoitzak egiten duen lanari buruz informatu behar izan naiz, euren ekarpenak jaso… Benetan aberasgarria izan da elkarte hauek ezagutzea”, onartu dio Aiartzaguenak MUGA-ri. Iurretako marrazkilaria ez da proiektuan parte hartu duen Durangaldeko pertsona bakarra. Izan ere, Iñaki Etxezarraga ‘Etxe’ abeslari berriztarrak, Igor Elortza bertsolari durangarrak edota Durangon bizi den Leire Bilbao idazle ondarrutarrak ere elkarte bakoitzaren mezua gizarteratzea helburu duen ekimen honetan parte hartu dute.

Aiartzaguenak, bere lana www.irribarrez.info webgunean erakusten duenak,  betidanik nahi izan du marrazkilari izatea. Txikitatik. Institutuan Batxilergo artistikoa burutu zuen, Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi zituen eta diseinuko master bat dauka. “Ikasketak amaitu eta gero beste lan batzuetan ibili nintzen eta orain dela 6 edo 7 urte hasi nintzen ofizialki marrazkilari moduan lan egiten autonomo bezala”, nabarmentzen du iurretarrak, behin baino gehiagotan bere herriko jaietako kartel-lehiaketa irabazi duenak. Azkena iazkoa izan zen.  “Aurten, oraindik ez dakit aurkeztuko naizen”, aitortzen du.

Eskoletan tailerrak eta hitzaldiak ematen ditu, batez ere marrazketa eta komikiaren inguruan. Dena den, azkenaldian akuarela tailerrak ere eman ditu. Normalean, umeak dira jarduera hauetan parte hartzen dutenak. “Nagusientzako irekita daude beti, baina lotsa gehiago ematen die. Ni helduei ere erakusten saiatzen naiz eta tailerretara gonbidatzen ditut”, azpimarratzen du Aiartzaguenak.

Komiki berri bat sortzen

Iurretarra erronka berri bat du esku artean. Izan ere, Udalbiltzak euskarazko kultur sortzaileen lana bultzatzeko antolatzen duen Geuretik Sortuak sormen-bekako irabazleetako bat izan da. Aurten bost komikigileri eman dizkiete komikiak gauzatzeko diru-laguntzak eta haien artean dago Aiartzaguena. “Hurrengo udazkenerako 20 bat orrialdeko komiki bat sortzeko lanetan nabil. Irailerako aurkeztu beharko dut. Gero ez dakit noiz argitaratuko den, baina suposatzen dut Azokarako prest egongo dela”, aurreratu dio komunikabide honi.

“Deialdirako proiektu bat aurkeztu behar genuen eta nirearen gaia baso kudeaketaren inguruan izan zen. Monolaborantzak eragiten duen kaltea landu nahi dut, umeei zuzenduta”, azaltzen du. Beka honen bereizgarri bat sortzaile bakoitzari herri bat ematen diotela eta bere lana herri horretara egokitu behar dutela da. Aiartzaguenari Amasa-Villabona tokatu zaio. “Hiru aste egon naiz han komikia herri horretan kokatu behar dudalako”, gehitzen du Iurretako marrazkigileak.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu