JOSU BINGEN FERNÁNDEZ ALCALDE · “Nire liburuak gaur egungo gizarteari kritika soziologikoa egiteko erabiltzen ditut”
Jon Baraja
MUGA KULTURA
Josu Bingen Fernández Alcaldek, duela lau hamarkadatik Berrizen bizi den eibartarrak, hiru liburu berri argitaratu ditu: ‘La Patria Prometida’, ‘El Segundo Cerebro’ eta ‘Un Latido Menos’. “Hirurak gai desberdinak dituzten arren, atzealde berbera dute. Hirurek kritika soziologikoa egiten diete botereei”, dio unibertsitateko irakasle gisa lan egin ondoren erretiratuta dagoen Soziologiako doktore honek.
Hiru. Horiek dira Josu Bingen Fernández Alcaldek argitaratu berri dituen liburuak. “Argitaletxe bat atzeratu egin da eta beste bat aurreratu da. Beraz, hiru liburu argitaratu ditut ia aldi berean. Bat pasa den urteko amaieran argitaratzeko asmoa nuen, beste bat orain eta beste bat datorren udazkenean, baina azkenean denak ia batera atera dira”, azaldu dio egileak MUGA-ri. “Nire liburuak gaur egungo gizarteari kritika soziologikoa egiteko erabiltzen ditut, guk eraiki nahi genuenarekin alderatuta guztiz desberdina delako”, aitortzen du gazteleraz idazten duen berriztarrak.
‘La Tierra Prometida’ lanak 750 orrialde ditu. Autofikzioa duen thriller historikoa da. Bere gaztetasuna erakusten du, Trantsizio garaiko borroka antifrankista. “Nire lagun onenetako bat hil ondoren hasi nintzen lan hau idazten. 1982an armak uztea erabaki zuen polimili bat izan zen. Ikuspegi independente bat da. Nik ez dut inoiz inongo erakunde edo alderdi politikotan parte hartu. Eleberri edo saiakera guztiak erakunde edo korronteetara atxikitako pertsonek idazten dituzte beti, eta ikuspegi independente baten falta sumatzen nuen” azaltzen du Fernández Alcaldek. “Frankismoarekin bukatzeko lehen lerroan borrokatu zuen pertsona baten ikuspegia da. Benetako gertaeretan oinarrituta dago. Polimilietako kide izateagatik atxilotu zituzten lagunekin trukatutako gutunak barneratu ditut”, gehitzen du egileak.
Inteligentzia
‘El Segundo Cerebro’ zientzia fikzioko liburua da. “Ideia duela urte batzuk DNAren zati batek ingurunetik ikasten duela ikusi zelako sortu zen. Gai da organismoa egoera berrietara egokitzeko, baita egoera sozialetara ere”, azpimarratzen du Fernández Alcaldek. Liburuan, “Inteligentziaren Euskal Agentzia munduko beste ikerketa-zentro batzuekin lehiatzen du giza gorputzaren sekretua lortzeko, interesatzen zaiona fabrikatzeko gai den bigarren burmuinaren sekretua”, azaltzen du egileak.
Bestalde, ‘Un latido menos’ liburuaren istorioa Mexikoko komunitate indigena baten dago girotuta. Bertara Euskadiko kooperazio misio bat heltzen da. “Protagonista nagusiak bertara bidaiatzen duen irakasle bat eta maien komunitate bateko burua den emakume bat dira. Bi ikuspegiek aurre egiten dute. Alde batetik Mendebaldeko ikuspegi globalista, merkantilista eta arrazionala. Eta bestetik, naturarekin lotura handiagoa duen sinesmenekin bizirauten saiatzen den mundu bat. Drama sentimental bat da eta borroka hori du oinarri gisa”, dio aste honetan bere hiru lan berriak Durangoko Hitz liburu-dendan aurkeztu dituen idazleak.
Dagoeneko zortzi liburu argitaratu dituen egileak 11 urterekin idatzi zuen bere lehen eleberria. “Nire aitak Marcial Lafuente Estefaniaren nobelak irakurtzen zituenez, nik mota horretako western bat idatzi nion aitari”, gogoratzen du saiakera soziologiko ugari idatzi dituen berriztarrak. “Antzerki-idazletzat daukat neure burua, baina oso zaila da antzerkian argitaratzea. Independentea izaten jarraitzen dut, eta prezio bat ordaintzen da. Idazketa eta liburu-aurkezpenak erabiltzen ari naiz nire ahotsa entzun dadin. Alderdi politiko batean afiliatuko banintz, ateak zabalago izango nituzke”, onartu dio komunikabide honi.
Frankismoaren aurkako erresistentzia
Etorkizunari begira, bi proiektu ditu buruan. “La Patria Prometida zuzendu egin behar dut. Orain arte ez nituen dokumentuak sartu behar ditut. Frankismoaren aurkako erresistentzia antolatuena, inteligenteagoena, eta ez hainbeste trintxerako borrokan oinarritutakoa. Ez dakit sekuela bat egingo dudan edo edizio hau handituko dudan”, aurreratzen du Fernández Alcaldek.
Horretaz gain, kezka handia sortzen dion gai bat islatu nahi du beste liburu batean. “Gaur egungo gizartearen arazo handienetako bat alderdi politikoen erabateko esku sartzea da, polizia soziala dira. Herri bakoitzean, zinegotziek eta alderdi batzarrek gehiegi dakite gutaz, Ogasunak baino gehiago”, nabarmentzen du idazleak.