Osteguna,
2024ko Abenduak26

MugaKultura

loader-image
Durango
4:00 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 77 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

EGOITZ CARPENTER · “Desde Otro Prisma-ko finalista izatea lanean jarraitzeko bultzada bat da”

Jon Baraja

MUGA KULTURA

Egoitz Carpenter zinema gidoilari, zuzendari eta ekoizle durangarraren proiektu bat, ‘Al final del túnel’, La Fabrica enpresak eta Netflix plataformak talentu berria sustatzeko eta gizartearen aniztasuna irudikatzen duten istorioak kontatzeko antolatu duten ‘Desde Otro Prisma’ lehiaketako 20 finalisten artean sartu da. “Oso pozik nago, proiektua saltzeko aukera bat da”, dio 23 urteko gazteak. Zientzia Politikoak ikasi ostean, orain dela bi urte zinemaren munduan murgiltzea erabaki zuen bere bizitzari bira bat emateko.

Egoitz Carpenter.

Egoitz Carpenter (Durango, 1999) zinemaren munduan hasten eta hazten ari da. Maiatzaren 25ean 24 urte beteko dituen gazteak berri oso on bat jaso du, bultzada itzela lanean gogotsu jarraitzeko. Bere proiektu bat, ‘Al final del túnel’ deiturikoa, kultur ekimen garaikideak garatzen dituen La Fabrica enpresak eta Netflix plataformak  Notodofilmfest jaialdi ospetsuaren barnean bigarren aldiz antolatu duten ‘Desde Otro Prisma’ lehiaketako 20 finalisten artean dago. Guztira, 412 proiektu aurkeztu ziren deialdi honetara, talentu berria bultzatu nahi duena, ikus-entzunezko sektore anitzagoa, irisgarriagoa eta talentu pluralari irekiagoa eraikiz, gure gizartearen aniztasuna irudikatzen duten istorioak kontatzeko.

“Oso pozik nago, bi proiektu bidali nituen eta gutxien espero nuena aukeratu dute. Proiektua saltzeko aukera paregabea da. Hobetzeko klaseak emango dizkigute eta maiatzaren 27an ekitaldi bat izango da Madrilen, non ekoizleak egongo dira. Lanean jarraitzeko bultzada bat da”, nabarmendu dio Carpenterrek MUGA-ri. Durangarrak proiektua azaltzen zuen txosten bat eta gidoiaren zati txiki bat aurkeztu zituen. ‘Al final del túnel ‘ genero dramatikoko film luzea da, ukitu erromantikoekin. “Mutil bati, bere ametsetako mutila ezagutzen duen egunean, albiste txar bat ematen diote: pixkanaka itsu geratuko da. Filmean zainketen beharra aztertu nahi dut eta gure ahuleziak onartzea ona dela islatu”, aurreratzen du egileak.

Master bat, Malagan

Carpenterrek Zientzia Politikoak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, baina bere bizitzari bira bat ematea erabaki zuen. “Apur bat erreta amaitu nuen karrera. Aldaketa bat behar nuen, etxetik atera. Beti izan dut zinemarekiko interesa eta Malagara joan nintzen gai honi buruzko master bat ikastera. Iaz amaitu nuen. Ordutik, Malagan bizi naiz zinemarekin zerikusia duten proiektuetan lan egiten. Oraindik ez dit ematen bizitzeko behar den adina diru, baina gero eta gauza gehiago egiten ari naiz eta pozik nago”, azaltzen du durangarrak.

“Gidoigiletzat dut neure burua, nik bakarrik lan egiteko errazena delako. Baina hainbat laburmetraietan (Desahogo, Botón Rojo, Los Refugiados) produkzioko zuzendari gisa lan egin dut eta azkenaldian batez ere artearen zuzendaritzan ari naiz buru-belarri (Enchufes, Cristo, Polednice La bruja del mediodía eta La hora del té laburmetraietan)”, dio Carpeneterrek. Etorkizunari begira, “nire lehen film laburra zuzendu nahi dut: Dani&Billy. Dena den, laguntza handirik gabe zaila da. Beraz, epe luzerako izango da. ‘Desde Otro Prisma’-n finalista izatearen bultzadarekin, film luzearen gidoian murgiltzen ari naiz. Ekoizle handi batek lagundu ezean, zaila da honelako proiektu bat aurrera ateratzea, baina saiatuko naiz”, azpimarratzen du durangar gazteak.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu