Doinuzahar sortu zeneko 40. urteurrena ospatzeko kontzertua Durangoko San Frantzisko elizan igandean
Apirilaren 2an, igandean, 19:00etan, Doinuzahar Kamara Abesbatzak bere berrogeigarren urteurrena ospatzeko bigarren kontzertua eskainiko du Durangoko San Frantzisko elizan.
Oraingo honetan abesbatzak «A lo divino» erlijio-musikako programa aurkeztuko du. Egitarauak, abesbatzaren errepertorioan ohikoak diren konpositoreen lanak eta koru-musikako beste proposamen garaikide batzuk biltzen ditu.
Doinuzahar Kamara Abesbatza 1982an sortu zen. 1985 eta 2014 artean José Luis Ormazabal izan zen zuzendaria, eta haren atzetik etorri ziren Jesús Egiguren konpositorea eta Laura Nardi irakaslea. 2018tik abesbatza Urko Sangronizen zuzendaritzapean dago.
Abesbatzaren hasiera Errenazimentuko polifonia interpretatzera bideratu zen batez ere. Harrezkero, bere errepertorioa musika koral barroko, garaikide eta folklorikora hedatu da.