Osteguna,
2024ko Martxoak28

MugaKultura

loader-image
Durango
9:55 pm,
temperature icon 15°C
Humidity 59 %
Ráfagas de viento: 69 Km/h

III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria jaso du Amurizak

Jon Baraja

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak aitormen honen bitartez omendu dute Etxanon jaiotako eta Berrizen bizi den bertsolari, idazle, itzultzaile eta ikertzailea, Bergarako Seminarixoan atzo, hilak 16, burututako ekitaldi batean.

Xabier Amuriza Zarraonandiak (Etxano, 1941) badu bere etxean III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzeko 2021ean sortutako ekimena. Zornotzarrak Bergarako Seminarixoan jaso du saria, bertsoz eta kantuz betetako ekitaldi polit batean.

Konkretuki, olio-pintura eta arte digitala uztartzen dituen Iker Serrano artista iruindarraren ‘Haitz_erroa’ artelana eman diote Gorka Artolak, Bergarako alkateak, eta Iratxe Esnaolak, Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak. Besteak beste, Bergarako Kopla Barik bertso eskolako kideek eta Maialen Lujanbio Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako azken irabazleak parte hartu dute ekitaldian. Oholtzara Korrontzi taldeko Agus Barandiaran ere igo da. Amurizak, saria eskertu ostean, hainbat kopla abestu ditu bertaratu diren ikusleen gozamenerako.

Ekarpen oparoa

“Xabier Amurizak bizi osoko ekarpen oparoa egin dio Euskal Herria, euskal kultura eta euskarari. Etxanoko Torreburu baserrian jaio zen 1941 urtean eta 6 urterekin, aitarekin, Etxanoko Azutzaganeko tabernan egin zituen lehen bertsoak jende aurrean. Bertsolaritza eta kopla arloan Amurizak egindako ekarpenak hizkuntza biziberritzen laguntzea ez ezik, berauen zabalkundean ere nabari eragin du”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Sari hau Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak 2021ean sinatu zuten hitzarmenaren emaitzetako bat da, dorrera bisita gidatuak egiteko aukerarekin batera. 2021eko martxoaren 9an 40 urte bete ziren Telesforo Monzon hil zenetik, eta urteurren horren testuinguruan sortu zen ekimena. Beraz, hau hirugarrena izan da. Lehen saritua Libe Goñi izan zen, Seaskako (Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa) lehen andereñoa izan zena. Pasa den urtean Jose Luis Elkoro -Bergarako alkate izandakoa- eta Mari Karmen Ayastuy izan ziren sarituak, Euskal Herrian egindako lan oparoagatik. Hori dela eta, Amuriza da omenaldi hau jaso duen Durangaldeko lehen euskaltzalea.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu