Ostirala,
2024ko Apirilak19

MugaKultura

loader-image
Durango
8:26 am,
temperature icon 6°C
Humidity 92 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

Bi bizipista berrik jarraipena emango diote Amorebieta-Etxano eta Iurreta artean egiten ari denari

Foru Aldundiak bizikleta-azpiegitura berriak garatzen jarraitzen du eguneroko joan-etorrietan pertsonek bizikleta erabil dezaten errazteko, eta bi bizipista berri egiteko proiektua onartu du, Erletxeta eta Boroa artean eta Erletxeta eta Larrabetzu artean. Azpiegitura horietan 20,6 milioi euro inbertituko ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak Erletxeta (Galdakao) eta Larrabetzu artean eta Erletxeta eta Boroa (Amorebieta-Etxano) artean egingo diren bi bizipista berriren trazadura-proiektuak onartu ditu. Bi bideak elkarren artean lotuta egongo dira, guztira 7,9 kilometroko ibilbidea osatuz. Bizipisten bi zatiak 2024rako eraikita egotea aurreikusten da eta 20,6 milioi euroko inbertsioa beharko da.

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, nabarmendu duenez, bi bizipista berri hauek jarraipena emango diote Amorebieta eta Iurreta lotuko dituenari. Bizipista horren lanak joan den abenduan hasi ziren eta 2023ko martxoan amaitzea aurreikusten da. Aldundiak 12,7 milioiko inbertsioa egingo du 7,5 kilometroko luzera duen ibilbide horretan.

Pradalesek esan duenez, Durangaldean eta Txorierrin bizikleta-azpiegitura berriak garatzeak Foru Aldundia mugikortasun jasangarria sustatzeko garatzen ari den beste proiektu batzuekin bat egiten du, herritarrei bizikletaren erabilera erraztuz ibilbide laburreko eguneroko joan-etorrietarako auto pribatuaren ordez. Proiektu horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Bizkaiko metropoli-ingurunean egiten direnak; eskuinaldeko Bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia; eta bizikleta elektrikoak maileguan uzteko Bizkaibizi sistema publikoaren garapena.

Boroa – Erletxeta bizipista

Boroa eta Erletxeta arteko zatia Ibaizabaleko Bizipistaren proiektuaren barruan dago, eta Amorebieta eta Iurreta artean egiten ari dena ere horren barruan sartzen da. Proiektatutako trazadurak 4,5 kilometroko luzera du, eta A-8 autobidea hartzen du erreferentziatzat, Boroako industrialdearen eta Erletxetakoaren artean. Tarte hau egiteko 11,6 milioi euroko inbertsioa zenbatetsi da, eta hamabost hilabeteko epea.

Erletxeta – Larrabetzu bizipista

Erletxeta eta Larrabetzu arteko zatia Txorierriko Bizipistaren proiektuaren parte da, eta 3,4 kilometroko luzera du. Proiektatutako trazadurak BI-30 errepidea (Txorierriko korridorea) hartzen du ardatz moduan Erletxetako poligonoaren (aurreko zatiarekin bertan lotzen da) eta Larrabetzuko poligonoaren artean. Aurreikusitako beharrezko inbertsioa 9,0 milioi eurokoa da, eta obrak egiteko epea hamabost hilabetekoa.

Bizipistei dagokienez

Bizipista izendapenak hiriarteko bizikleta-bideak definitzen ditu, eta euren ezaugarri nagusiak segurtasuna eta erosotasuna dira, motordun trafikotik bereizita doazelako, malda leunak dituztelako eta sekzio zabala dutelako. Bi bizipista berriek lau metroko zabalera izango dute bizikletentzat, eta bi metrokoa oinezkoentzat, behar bezala bereizitako espazioetan. Gainera, trazadura-proiektuek sei zubi eraikitzea aurreikusten dute bizikleten eta oinezkoen ibilbideari jarraipena emateko eta errepideekiko eta, beraz, motordun trafikoarekiko elkarguneak saihesteko.

Bizipisten beste ezaugarri bereizgarri bat da haien trazadurak gaitasun handiko bide bat hartzen duela erreferentziatzat, kasu honetan AP-8 autobidea eta BI-30 errepidea (Txorierriko korridorea) eta horrek erraztu egiten du eskari-zentroekin lotzea, hala nola industrialdeekin eta hiriguneekin. Edukiera handiko bideetatik zirkulatzen duen motordun trafikoaren inpaktu akustikoa eta bisuala minimizatzeko bizipistek gutxienez bi metroko altuerako pantailak izango dituzte.

Era berean, azpimarratu behar da bizipisten eraikuntzan Aldundiak azpiegituren ingurumen-inpaktua murrizteko neurriak ezartzen dituela, adibidez siderurgia-industriako hondakinak berrerabiltzea, eguzki-energiaz elikatutako LED argiztapen-sistemak instalatzea edo pantailetarako harri naturala erabiltzea, funtzio horretarako erabili ohi diren plastikoen ordez.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu