10 JOKO BERRI · Mallabiak jolas berriak dituen Elizosteko haur parkea zabaldu du
Mallabiak jolas berriak dituen Elizoste haur-parkea estreinatu du. Guztira 10 jolas ditu, 12 urte arteko haurrei zuzenduak, eta aniztasun funtzionala duten haurrek erabiltzeko guztiz edo partzialki egokitu daitezkeen ekipoak dituzte.
Jolasak bi gunetan daude: alde batetik, aurretik zegoen parkearen leku berean, baina azalera handixeagoa hartuz, orain inguratzen duen lorategiaren mugaraino iristen baita; eta, bestetik, Elizaren eraikinaren ondoan dagoen berdegunearen zati txikian, non oreka-jolasak jarri diren belar gainean, horrela jolas-gunea eta Elizalde plazara igotzeko ezpondan dagoen txirrista handia lotuz.
Lehenengo guneak 6 jolas berri ditu orain, eta eremu berrian 4 oreka-elementu instalatu dira belar gainean, guztiak 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Gozamenerako
Igor Agirre herriko alkateak azaldu duen bezala, “parkeko haurrentzako gunea berritzeko orduan gure helburua zen espazioa haurren gozamenerako baliagarria izatea, adin bakoitzerako jolas egokiekin, segurtasunez eta inklusiboa izatea, Mallabiko haur guztiak bertan jolastu ahal izateko”.
Jokoak urtarrilean hasi ziren instalatzen, eta horren kostua 62.661,06 eurokoa izan da (BEZa barne).