Astelehena,
2024ko Maiatzak13

MugaKultura

loader-image
Durango
7:18 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 17 Km/h

Ostiralean abiatuko du Plateruena Kultur Aterpeak bere ibilbide berria, ‘Piztu Argiak!’ ekitaldiarekin

2020 bukaeran Plateruena kudeatzen zuen kooperatibak berau desegitea erabaki ondoren, eta azken hilabeteetan gogoeta zein zehaztapen prozesu batzuen ostean, ostiral honetan, martxoaren 3an, hasiko du Plateruena Kultur Aterpeak bere ibilbide berria. ‘Piztu Argiak!’ ekitaldiarekin.

Arratsaldeko zortzietan hasiko den ekitaldian Durangoko zein Euskal Herriko artisten arteko kolaborazioetaz gozatu ahalko da. Leire Vargas idazle durangarrak gidatuko duen saioan, besteak beste, Anari Alberdi musikari azkoitiarrak Peru Magdalena idazle durangarrarekin egingo duen kolaborazioaz edota Ødei Barroso Iparraldeko rap abeslariaren eta Aitor Bizkarra bertsolari abadiñarraren arteko kolaborazioaz gozatu ahalko da. Horietaz gain, Durangoko Mocker’s musika taldeak, Garazi Abraldes dantzariak edota Durangoko Bertso Eskolako zein Bartolome Ertzilla Musika Eskolako ikasleek parte hartuko dute, beste hainbat sorpresarekin.

Kultur mahaia

‘Piztu, Poztu, Puztu’ hiru printzipioen gainean egingo du lan Plateruena Kultur Aterpeak. Proiektu berri honen gidaritza komunitarioa izateko, Durangoko elkarte, eragile eta norbanakoak ‘Kultur Mahaia’ izeneko plataformara gehitzeko saio ezberdinak antolatu dira azken asteetan. Besteak beste, Gerediaga Elkarteak, AEK-k, Jaizale Txistulari Elkarteak, Berbarok, Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE), Durangaldeko Berbalagunek edota kulturgintzan interesa daukaten durangar ezberdinek osatuko dute aipatutako Kultur Mahaia.

“Kultur Mahaiaren helburua Plateruena Kultur Aterpearen helburuak, lan lerroak eta ideiak lantzeko bilgunea bihurtzea izango da. Durangoko zein Euskal Herriko kulturgintzarako aterpe izango den proiektua eraiki nahi dugu, eta hor Durangoko eragileen beharra izango dugu”, adierazi du Maider Larrañaga Plateruenako koordinatzaile berriak.

Kudeaketa publikoa eta komunitarioa

Aurreko kudeatzaileek Plateruena ixtea erabaki ostean, eraikina Durangoko Udalarena izatera igaro zen, eta urte bukaeran Udalak Plateruenaren kudeaketa bere gain hartuko zuela iragarri zuen, kudeaketa eredu publikoaren alde eginez eta berau enpresa pribatuen eskuetan ez uztea erabakiz.

“Plateruenaren itxierak hutsune handi bat utzi zigun euskaltzale eta kulturzaleoi, beraz argi geneukan Durangoko Udalaren erantzuna maila berean egon behar zela”, aipatu zuten 2022 bukaeran Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza zinegotziek.

Zentzu horretan, Plateruena berriak hiru printzipio edo oinarriren gainean lan egingo zuela adierazi zuten bi ordezkariek: Durangoren euskalduntzean laguntzea, herriko elkarte eta eragileei aterpea eskaintzea eta euskal kulturgintzako sortzaileen plaza garrantzitsua izatea.

«Eraikin honi behinola izandako disdira itzuli nahi diogu»

Plateruenak bete beharko dituen funtzioen inguruan, 2021ean abiatutako partehartze prozesuan bost funtzio nagusi zehaztu ziren: sorkuntza, harrobia, topagunea, esperimentazio gunea eta erakusleihoa. Azken asteetako tailerretan, berriz, horien garapena nondik joan behar den hausnartu da. Guztira, ia 70 pertsona eta eragilek parte hartu dute.

“Durangok eta Euskal Herriak Plateruena indartsu bat merezi dugu, herriko elkarte eta eragileei zein Euskal Herriko zein nazioarteko sortzaileei aterpe emango diena. Lan nekeza daukagu aurretik, eta apustua handia da ere, baina iparrorratza norabide egokian daukagu. Eraikin honi behinola izandako disdira itzuli nahi diogu”, gaineratu du Larrañaga koordinatzaile berriak.

Helburu hori lortzeko lehen urratsa ostiral honetan izango da, ‘Piztu Argiak!’ ekitaldiaz gain, hurrengo hilabeteetarako programazioa aurkeztuko baita.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu