Asteartea,
2024ko Abenduak24

MugaKultura

loader-image
Durango
2:00 pm,
temperature icon 11°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Arratiako txoko ezkutuak ezagutzeko lau ibilaldi izango dira udaberrian, ‘Ibiliaz Ezagutu’ egitasmoan

Amorebieta-Etxanoko Udalak Ibiliaz Ezagutu ekimenaren beste edizio bat antolatu du udaberrian, Arratiako txoko ezkutuak ezagutzea helburu izango duena. Izan ere, Arratia bertatik bertara dugun eskualdea bada ere, ezaguna bezain ezezaguna da askorentzat. Hala, Udalak udaberrirako antolatutako lau ibilbideek bertako zeinbat sekretu ezagutzeko aukera emango diete parte-hartzaileei: Belatxikieta ingurua, Gorbeiaren handitasuna, inguruko mendi tontorrak, ur jauziak, eta bide ezkutu eta bakartiak. Irteera guztiak goizeko 08:00etan abiatuko dira Nafarroa parkinetik. Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute ibilbideak azken unean moldatu daitezkeela, hauek egokiagoak edo ederragoak izate aldera.

Gorbeia. www.gorbeiaeuskadi.com/

Aurreneko ibilaldia martxoaren 18an egingo da, Amorebieta-Etxano eta Igorre artean. Zailtasun ertaineko 14 kilometro izango dira, eta Belatxikieta ingurua igaroko dute parte-hartzaileek, Arratiara iritsi aurretik.

Bigarren ibilbidea erraza izango da, hamabost kilometrokoa, Igorretik Zeanurira joango dena. Parte-hartzaileak Arratiako hiriburutik abiatuko dira, eta hegoalderantz egin ondoren, Gorbeiaren handitasunaz eta inguruaren edertasunaz gozatzeko aukera izango dute. Martxoaren 25ean izango da hori.

Apirileko atsedenaldiaren ostean, hirugarren irteera maiatzaren 6an izango da, zailtasun ertaineko 14 kilometro Zeanuri eta Artea artean. Ibilbidean zehar parte-hartzaileek basoak, landak eta ur jauziak zeharkatu eta ikusiko dituzte, guztia, gurutzearen begiradapean. Hala, mendi inguruetako bide ezkutu eta bakartietan barrena emango dute goiza.

Azkenik, ekimen honetako laugarren ibilaldian etxera buelta egingo dute  parte-hartzaileek: zailtasun ertain-zaileko 16 kilometro, Igorre eta Amorebieta-Etxano artean. Mendi tontor esanguratsuenak zapaldu eta gero, Amorebieta-Etxanora buelta egingo dute parte-hartzaileek.

Izen-ematea, zabalik

Irteera hauetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, Zelaieta Zentroan, horretarako azken eguna irteera bakoitzaren aurreko osteguna izanik. Prezioa 8 euroko da irteera bakoitzeko eta beharrezkoa da Ametx txartela izatea.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu