Ostirala,
2024ko Maiatzak10

MugaKultura

loader-image
Durango
5:37 am,
temperature icon 13°C
Humidity 74 %
Ráfagas de viento: 9 Km/h

IKER OLABEGOIA: “Marlow filtro barik sortzeko eta buruan ditudan kezkak kaleratzeko proiektu pertsonala da”

Jon Baraja

Iker Olabegoia Gonzalez, 25 urteko berriztarra, Durangaldeko Etsipen, Batu eta Dube bezalako taldeetako gitarjole ohia, bakarkako proiektu baten murgildu da: Marlow. “Filtro barik sortzeko gogoa neukan”, nabarmentzen du. Orain dela egun batzuk sei abestiz osaturiko EP bat argitaratu du, musika plataforma guztietan entzun daitekeena. Gainera, urte honetan beste lan bat kaleratzeko asmoa du, erritmo dantzagarriagoa izango duten melodiekin.

 

Iker Olabegoia Durangoko Sorginola gaztetxean.

10 urte zituela, bere eskolako lagunekin batera, musika talde bat sortzeko idea piztu zitzaion. Azkenean ilusio bat izan zen bakarrik, inoiz ez zutelako entsegurik egin. Dena den, berak baxua ikasten hasi zuen. Horrela sartu zen Iker Olabegoia Gonzalez berriztarra musika munduan. Handik hilabete batzuetara gitarra jotzen hasi zen ere, bere lagun baten aitak notak leku berberean daudela azaldu ziolako. Azkenean, gitarra, baxua baino gehiago gustatu zitzaion eta Durangaldeko hainbat taldeetan aritu da. Haien artean Batu -musikari senegaldarrekin batera- edota Etsipen -Plateruenak antolatutako Lokaletik At! lehiaketa irabazi zuena-. Duela gutxi arte Dubeko kide izan da ere.

“Filtro barik sortzeko gogoa neukan, abestiak genero konkretu eta estilo definitu bat gabe egitea nahi nuen”, azaldu dio Olabegoiak MUGAri. Hori dela eta, Marlow proiektua sortu berri du. “Buruan ditudan kezkak askatzeko espazio txiki eta pertsonal bat da”, azpimarratzen du Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan jazz interpretazioa ikasten duen 25 urteko gazteak. “Hori beste arrazoi bat izan da bakarkako proiektu bat abiatzeko. Iruñean denbora gehiago egon nahi dut, independentzia gehiagorekin, eta horrela Durangaldera hainbeste joan-etorri egin behar ez izateko musikaz gozatzeko”, onartzen du.

Orain dela egun batzuk EP txiki bat argitaratu du, plataforma guztietan entzun ahal dena. Sei abesti laburrez osatuta dago, bakoitzak minutu bat inguruko iraupenarekin. “16-19 urte nituenean sortutako abestiak dira, baina orain errekopilatu eta kaleratu ditut. Erritmo lasaiak dira, sokekin asko jolastu dut. Erlaxazio momentuan entzuteko melodiak dira batez ere”, dio erreferente oso zehatzik ez duen musikariak. Dena den, gitarrista bat aukeratu behar badu, hori Red Hot Chili Peppers bandako John Frusciante da.

Etorkizunari begira, urte honetan beste EP bat ateratzeko asmoa du. “Ez daukat epe zehatz bat ezarrita, baina uda aldean izan daiteke”, aurreratu dio komunikabide honi. Duela gutxi argitaratutakoarekiko, berrikuntza ugari edukiko ditu. “Hiru abestiz osatuta egongo da. Luzeagoak dira, bakoitzak 4 minutu iraungo du gutxi gorabehera. Gainera,  estiloa ere nahiko desberdina edukiko du, dantzagarriagoa izango da. Nahastuko ditut base elektronikoak, gitarra funkyak, biolinak, sokak, haize-instrumentuak…”, azaltzen du pasa den otsailaren 8an Gitarra Euskeraz YouTube kanaleko Gitarrizketak atalean elkarrizketatu zuten musikari berriztarrak.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu