Asteazkena,
2024ko Abenduak25

MugaKultura

loader-image
Durango
4:06 am,
temperature icon 11°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

ALDUNDIAK 60.000 EURO EMANGO DITU · Abadiñok bizikletentzako aparkaleku segurua izango du

Abadiñok “Bizipark” bizikletentzako aparkaleku segurua izango du datorren urtean Traña-Matienako tren geltokiaren ondoan eta Bizkaibusen hainbat geltokitatik hurbil.  Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Bizkaiko Foru Aldundiarekin bizikleta erabiliz udalerrian mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzeko estrategiaren esparruan; estrategia horrek hiriko ingurumena eta pertsonen osasuna eta segurtasuna hobetzen lagunduko du. 

Horrela Bizkaiko Foru Aldundiak 60.000 euroko dirulaguntza emango du bizikletentzako aparkaleku segurua egokitu eta ekipatzeko lanetarako eta BiziPark-Abadiño zerbitzu publikoa abian jarri aurretik egin beharreko lanak burutzeko; jarduketa horietan irisgarritasuna bermatzeko neurri guztiak bete beharko dira. Bere aldetik Udalak konpromisoa hartu du ekipamendua datorren urtean zehar martxan jartzeko eta instalazioaren kudeaketa integrala bere gain hartzeko.

Ekipamenduak gutxienez 24 bizikletarentzako aparkalekua izango du eta besteak beste ezaugarri hauek  izango ditu: sarbideak kontrolatzeko sistema eta kudeaketarako softwarea -internet bidezko konexioa barne-; barneko argiztapen iraunkorra; banakako hargune elektrikoa izango duten suaren aurkako segurtasun-armairuak; eta Udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuarekin konektatutako kameren bidezko zaintza-sistema.

BiziPark-Abadiñoren erabilera- eta funtzionamendu-araubidea adostu ondoren, Udalak bere gain hartuko du esparruaren kudeaketa eta mantentzea. Era berean, aparkalekuaren kudeaketa ekonomikoa Udalaren erantzukizuna izango da. “Erakundeen arteko lankidetzak, berriz ere, beharrezko ekipamendu berri hau izatea ahalbidetuko digu. Abadiñon bizikleta erabiltzeko kultura daukagu, baina administrazioei dagokigu azpiegiturak eta segurtasuna eskaintzea. BiziParka tren geltokiaren ondoan egongo da eta horrela bizikleta eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea ahalbidetuko du”, azaldu du Mikel Garaizabalek,  Abadiñoko alkateak.

“Esperientziak erakusten digunez mugikortasun aktiboa sustatzeko helburuan aurrera egiteko modu ona da ibilgailu pribatuaren kaltetan bizikletaren erabilera errazten duten eta beste garraiobide publiko batzuekiko intermodalitatea ahalbidetzen duten horrelako ekipamenduak eraikitzen tokiko erakundeei zuzenean laguntzea”, adierazi du Miguel Ángel Gómez Viarrek,  Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak.

Bizikletaren aldeko apustua 

Duela urte bat baino gehiagotik Udala obrak egiten ari da udalerriko hainbat tokitan lehendik zeuden bidegorri-zatiak lotzeko eta, horrela, bizikletaz ibiltzeko trazadura segurua eta jarraitua osatzeko, Muntsaratz, Zelaieta eta Traña-Matiena artean lanerako, ikasketetarako edo aisialdirako egin ohi diren joan-etorrietan bizikletaz mugitzea bultzatzeko. Bidegorrien sareaz gain udalerrian bizikletak garbitzeko bi puntu daude eta bizikleten aparkalekuak areagotu dira. Jarduketa hauek guztiak Abadiñoko Udalaren bizikletaren eta mugikortasun aktibo eta jasangarriaren aldeko estrategiaren barruan kokatzen dira.

360.000 euro Bizkaian sei aparkaleku seguru egiteko 

Ekimen hau Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Foru Sailak abian jarritako planaren parte da, Bizkaian herritarrentzako garraio publikoaren modu osagarri gisa bizikletaren, hala bera bakarrik nola adibidez  Bizkaibus edo EuskoTren bezalako beste modu batzuekin konbinatuta, erabilera errazteko bizikletentzako aparkaleku seguruen sare bat lurralde osora zabaltzeko. Eta horretarako 360.000 euro bideratu ditu guztira eta Bizkaiko sei udalekin akordioak lortu ditu beste horrenbeste aparkaleku jartzeko.

Abadiñoz gain ekimen honekin bat egin duten gainerako udalak Barakaldo, Gueñes, Derio, Bermeo eta Zalla dira. Ermuan uztailean inauguratutakoarekin batera, aparkaleku seguruen foru sareak 7 BiziPark izango ditu.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu