Ostirala,
2024ko Maiatzak17

MugaKultura

loader-image
Durango
6:56 pm,
temperature icon 15°C
Humidity 75 %
Ráfagas de viento: 11 Km/h

Udalak ‘Zornotzan’ gidaren edizio berri bat argitaratu du, otsailetik ekainera bitartean programatutako jarduerekin

Amorebieta-Etxanoko Udalak Zornotzan, herritarrentzako jarduerak gidaren edizio berri bat argitaratu du, ikasturteko bigarren zatirako aurreikusitako programazioarekin, otsailetik ekainerakoa. Irailean azaldu zen bezala, gida honen helburua da dokumentu bakar batean biltzea Udaleko kirol, gizarte eta  kultura arloko prestakuntza-eskaintza, eta, horrela, sinergiak lantzea, zornotzarrei informazio zuzena eskaintzea eta kostuak aurreztea. Hori horrela, zornotzarrek etxean jasoko dute 2023ko ekainera arteko udal programazio osoaren gida, eta, beraz, berau gordetzea gomendatzen da. Era berean, gida udalaren webgunean ere egongo da eskuragarri.

Yarin. KUKAI

Emakumeen ahalduntzea eta auto-zaintza helburu

Gidan jasotako jarduerei dagokienez, Berdintasun Sailak antolatutako tailer, ikastaro eta hitzaldiekin hasten da. Tailer, ikastaro eta hitzaldi horiek guztiak emakumeak ahalduntzera eta beren burua zaintzera bideratuta daude. Horrela, Jabekuntza Programako ikastaroei esker, emakumeek hainbat gairi buruzko prestakuntza jaso ahal izango dute: jendaurrean hitz egitea, filmak zuzentzea, coaching-a, elikadura eta risoterapia, besteak beste. Gaztea eta Feminismoa programatik abiatuta, bi ikastaro programatu dira: bata, ‘Booty dance’ ikastaroa, non emakumeen gorputzaren autokontzientzia, sororitatea eta boterea sustatuko diren; eta bestea, ‘Feminismoa guztiontzat’, non feminismoaren kontzeptu sinpleak landuko diren, modu parte-hartzaile eta ulergarrian. Erakusketa bat ere egongo da, Jabekuntza eta erantzukidetasuna esparruan. ‘Gizonak berdintasunerantz eta maskulinitate berriak. Jendarte berri baten aldeko irudi berriak’ erakusketan maskulinitate tradizionalari ez dagozkion rolak eta portaerak erakutsiko dira. Horrez gain, maskulinitate berriei buruzko hausnarketa-jarduerak eta jaioberrien masaje-ikastaroa izango dira. Eta amaitzeko, Aholkularitza Sexologikorako Zerbitzutik, neska eta mutil gazteei zuzendutako arreta eta aholkularitza zerbitzua egongo da Zelaietan, ostiralero, 18:30etatik 20:30etara.

Euskara ikasteko eta praktikatzeko ikastaro eta taldeak

Zornotzarrek euskara ikasi, hobetu edo praktikatzeko aukera izango dute Zornotzako Udal Euskaltegiak antolatutako ikastaroen bidez: ikastaro bat trinkoa da eta besteak iraileko maila azterketa du helburu. Gainera, Euskara Sailetik hainbat berba-talde antolatu dira euskara modu informalagoan praktikatzeko.

Familien eskola, Zainduz, programa eta Nagusi Aretoa eta Jubilatuen egoitzak antolatutako ekimenak,
Gizarte Ekintzatik

Gizarte Ekintza Sailarekin jarraituz, adin ezberdinetan seme-alabak dituzten familia zornotzarrei zuzendutako tailerrak eta hitzaldiak izango dira, guztiak Familien Eskola ekimenaren baitan antolatuak. Halaber, ez dira faltako Nagusi Aretoak adineko pertsonentzako programatutako jarduerak, hala nola, bisita gidatuak, tailerrak, ikastaroak, ibilaldiak eta hitzaldiak. Zainduz programaren bidez, pertsonen zaintzaileei laguntzen jarraituko da, eta haientzat hitzaldiak, tailerrak eta bisita gidatuak antolatuko dira, beren burua zaintzeko. Amaitzeko, Jubilatuen Etxeak bingo eta dantza saioekin jarraituko du, larunbatero, maiatza amaitu bitartean.

Kirolaren eta kulturaren arloko jarduerak eta ikastaroak

Amorebieta-Etxanoko herritarren artean osasuna eta kirola sustatzeko eta hainbat kultur jarduera bultzatzeko helburuarekin, Zornotzan gidaren edizio berriak hainbat aukera batzen ditu ikasturtearen bigarren lauhilekoari begira. Larrea kiroldegian adin guztietarako ikastaroak emango dira, hala nola, mantentze gimnasia, egokitze fisikoa, GAZ, xunba, pilates, spinbike, kombigym, aquagym edo helduentzako igeriketa ikastaroak; eta gimnasia erritmikoa, igeriketa ikastaroak, igeriketa hobekuntza dibertigarria edo haurrentzako igeriketa eskola, txikienentzat. Halaber, udaberrian Arratiako txoko ezkutuetatik egingo diren irteerak ere jasotzen ditu gidak, Ibiliaz ezagutu programaren barruan. Era berean, Zornotzan gidan Zubiaur Musika Eskolak antolatutako ikastaroek ere beren leku propioa dute. Udal Liburutegiari dagokionez, gidak ekainera arte antolatutako jarduera guztiak zehazten ditu: ipuin-kontaketa haurrentzat, Amorebieta-Etxanoko eskoletan gazteekin egingo den kaligramen lehiaketa bat, edo helduentzako programazioa, irakurketa-kluba edo ipuin-tailerra kasu.

Zelaieta Zentroko eta Zornotza Aretoko programazioa

Gainera, Zornotzan gidak Zelaieta Zentroak eta Zornotza Aretoak datozen hilabeteetarako antolatu duten programazio osoa jasotzen du. Horrela, interesa duten zornotzarrek Zelaieta Zentroan publiko ezberdinarentzat urtero antolatzen diren ikastaro zehatzak eta puntualak kontsultatu ahal izango dituzte. Era berean, datozen hilabeteetako haur eta gazteentzako jarduerak ere jasotzen dira, bai finkoak, ludoteka, Erdu Olgetan edo Gauero bezalakoak; eta baita unean unekoak ere, hala nola kontzertuak, antzezlanak edo Porrotx eta Marimototsen edo Go!Azen 9.0 ikuskizunak. Halaber, Musika Gertu programaren baitan antolatutako kontzertuak, Zine Klubeko astearteetan proiektatuko diren filmak edo Zelaietako erakustaretoan edo eraikinaren lehenengo solairuan egingo diren erakusketak kontsultatu ahal izango dira. Bestalde, gidak Zornotza Aretoaren programazioa ere jasotzen du, antzezlanak, kontzertuak eta Amorebieta-Etxanoko eraikin enblematiko honetan egingo diren ikuskizunak barne.

Inauteriak, Haizetara, Jan Alai eta Amorebono

Azkenik, Amorebieta-Etxanoko herritarrek eskura izango dute, gidari esker, udalerrian finkatuta dauden ekimen eta programei buruzko informazioa. Ekimen eta programa horiek hainbat sailek antolatu dituzte, hala nola 2023ko Inauterietako programa, Haizetara ekimenaren edizio berriaren datak, Jan Alai pintxo lehiaketaren X. edizioa edo Amorebono kanpaina berria.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu