Ostirala,
2024ko Martxoak29

MugaKultura

loader-image
Durango
3:49 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 94 %
Ráfagas de viento: 11 Km/h

IRUNE ARRONDO: “Santa Ageda koplak abesteko gogoa duten guztiak etor daitezela zapatuan Herriaren kalejirara”

Jon Baraja

🟣 EMAKUMEOK MUGAn

Pandemiak behartutako bi urteko etenaldiaren ostean, larunbat honetan, otsailak 4, Santa Ageda egunaren bezperan, koplak abestera irtengo dira Durangoko Herria elkarteko kideak. Ibilbidea 19:00etan hasiko da Aramotzeko 12 eta 13 zenbakietatik. “Kantatzeko gogoa daukaten guztiak etor daitezela, baldintza bakarra makila ekartzea da”, gonbidatzen du Irune Arrondo Mendiolagaraik, duela ia mende erdi sortutako elkarte izugarri aktibo honen presidenteordea den durangarra.

Irune Arrondo Santa Ageda koplak abesteko prest dago. IBAN GORRITI

Tradizioari eutsiz, Durangaldeko hainbat tokitan koplak abestera irtengo dira Santa Ageda egunaren bezperan, hau da, datorren larunbatean, otsailak 4. Durangoko Herria Auzo Elkarteak ekimenarekin bat egin nahi duten pertsona guztiak gonbidatu ditu 19:00etan Aramotzeko 12 eta 13 zenbakien aurrean abiatuko den kalejirara. “Zirkuitua gure auzotik izaten da eta normalean ordu eta erdi egoten gara. Joaten garenok zeozer eramaten dugu eta bukatu ostean afari-merienda egiten dugu”, azaldu dio MUGA-ri Herriako presidenteordeak, Irune Arrondok.

Familia argazkia, HERRIA

“Aurreko urteetan 25 edo 40 pertsona inguru batu gara. Aurten larunbata denez, umeekin jendea animatu eta elkartuko dela uste dut. Parte-hartzeko baldintza bakarra makila ekartzea da, guk paperak eramaten ditugu letrekin koplak ez dakiten pertsonek abesteko aukera izan dezaten. Beraz, makila eta gogoa ekarri behar dira bakarrik”, azaltzen du Arrondok. Giroa alaitzeko, Txiri Txiri trikitilarien eta pandero ikasleen laguntza izango dute. “Tenperatura freskoa egongo dela dirudi, baina txaloegaz eta makilagaz eskuak berotuko ditugu. Barrukoa apur bat berotuko dugu ere eta jo ta fuego ibiliko gara”, gehitzen du 80ko hamarkadatik Herriako kidea den durangarrak.

Herria, elkarte aktiboa

Tradizioak agintzen duen bezala, kausa solidario baterako dirua bilduko dute ekimen honen bidez. Izara bat eramango dute goiko pisuetatik botatzen dituzten txanponak jasotzeko. “Beste elkarte bati emateko batzen dugu dirua. Ez da gehiegi izaten, gaur egun ez dagoelako ohitura asko. Gainera, zapatua izanda, seguruenik ez dugu jende asko etxeetan harrapatuko. Behintzat ohitura mantentzea da helburua, apur bat galduta baitago Durangon”,  onartzen du Arrondok. “Larunbat honetakoari datorren asteburuan txitxiburduntziarekin lortzen dugun dirua gehituko diogu eta helburu solidario bat duen elkarte bati emango diogu, baina oraindik ez dago erabakita nori izango den”, azaltzen du ofizialki 1977an fundatu zen auzo elkarteko presidenteordeak. Orain dela gutxira arte presidentea izan da Arrondo, baina kargu hori ia hamarkada batez bete ondoren lekukoa beste auzotar bati, Txema Bilbaori, pasatu zion azken batzarrean.

Arrondo. IBAN GORRITI

Herria euren inguruko arazoak konpontzen saiatzeko sortu zen 70ko hamarkadan, baina laster kultur jarduerak antolatzeari ekin zioten ere. Gaur egun, oso elkarte aktiboa da Durangon. Besteak beste, Santa Agedako koplen kalejiraz aparte, urtean zehar txitxiburduntzia, maiatzaren 1eko jaialdia, San Juan sua edota abuztuko San Roke eguneko jaia bezalako ekintza ugari antolatzen dituzte.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu