Ostirala,
2024ko Abenduak27

MugaKultura

loader-image
Durango
3:50 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 63 %
Ráfagas de viento: 15 Km/h

LEIRE VARGAS: “Poesia idazten nahiko inkontzienteki hasi nintzen, sentitzen nuena kanporatzeko bide moduan”

Jon Baraja
🟣 EMAKUMEOK MUGAn

Olerkigintza, bertsolaritza, literatura, antzerkia… Leire Vargas Nieto (Durango, 2002) kultur arloko hainbat saltsatan bete-betean murgilduta dago. ‘Dena ametsa den irudipena’ liburu arrakastatsuaren egilea biran dabil ‘eRRe. Aldarri bat bertsoz’ deituriko ikuskizunarekin, Euskadiko beste hiru gazterekin batera. Gainera, etorkizunari begira, oraingoz asko ez aurreratzea nahiago duen arren, proiektu berri bat prestatzen ari da. Eta hori guztia ikasketekin jarraitzen duen bitartean, Itzulpengintza eta Interpretazio karrerarako 3. Mailan baitago Euskal Herriko Unibertsitatean.  

Leire Vargas bere liburuarekin. LEIRE VARGAS

Pasa den larunbatean, hilak 21, Durangoko Udalak, elkarte memorialista eta feministekin batera, omenaldia egin zien gaur egun Nevers ikastetxea dagoen lekuan zegoen Emakumeen Kartzelako errepresaliatuei. Bertan, Leire Vargasek Joseba Sarrionandiaren bertso batzuk kantatu zituen. “Ekitaldi polita izan zen, norberak norberarena ematetik egindakoa. Omenaldi txikia, baina jantzita”, adierazi dio 20 urteko gazteak MUGAri.

Leire, omenaldian. IBAN GORRITI

Orain dela egun batzuk, 2021eko amaieran  Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi ondoren argitaratu zuen  Dena ametsa den irudipena olerki-liburuaren hirugarren edizioa atera dute. “Oraindik jendeak nire lan horri bere tartea ematen jarraitzen duela ikusteak asko pozten nau. Pertsona batzuek irakurketagaz gozatu dutela helarazi didate, sortzaile batentzako ez dago ezer pozgarriagorik”, onartzen du Vargasek.

Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso zuenean.

Lanak 40 olerki bueltan jasotzen ditu. “Kontzientzia hartze prozesu bat kontatzen du, eta horren baitan beste hainbat kontzientzia hartze txikiagoak. Gaztarotik helduarora igarotzeko fase horrekin lotzen dut, non konturatzen garen  zein leku hartzen dugu gizartean eta munduan, besteek zelako eragina daukaten gugan, gure ekintzek ondorioak dituztela…”, azaltzen du. “Txikitatik izan dut interesa literaturarekiko eta poesia idazten 14 edo 15 urterekin hasi nintzen. Hasieran nahiko  inkontzienteki, sentitzen nuena kanporatzeko bide moduan, eguneroko bat bezala”, gogoratzen du sortzaileak.

Martxoan, Bilboko Loraldian

Beste alde batetik, une honetan eRRe. Aldarri bat bertsoz ikuskizunarekin biratzen dabil. Beste hiru gaztekin batera -hirurak Gipuzkoakoak-, bertsolariza, antzerkia, musika eta poesia uztartzen dituen lan honekin eszenatoki ugaritara igo da azken hilabeteetan. Ekainera arte emanaldi gehiago dituzte programatuta. “Besteak beste, martxoan Bilbon izango gara Loraldia festibalaren barnean”, aurreratu dio komunikabide honi Itzulpengintza eta Interpretazio karrera ikasten dabilen gazteak.

eRRe. Aldarri bat bertsoz.

Gero eta emakume gehiago dira bertsolaritzaren munduan protagonista direnak. Oso albiste ona. “Bazen ordua. Uste dut gaur egun gehienok kontziente garela identitate eta subjektibitate guztiek merezi dutela plazan leku bat, bozgorailua edukitzea, sorkuntzaren parte izatea”, hausnartzen du 2020ko Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan bigarren postua lortu zuen durangarrak.

Nondik ateratzen du hainbeste gauzatarako denbora? “Zortea daukat eta sorkuntzarekin zerikusia duten gaietarako energia dezente daukan pertsona bat naiz eta ez dut aparteko atsedenik behar. Azkenean, proiektuak etortzen dira eta gogoz hartzen dira, ahal den moduan kudeatzen da”, dio Vargasek. Etorkizunari begira, proiektu berri bati ekingo diola onartu dio MUGAri. “Ez dut askorik zehaztu gura, azkenean sorkuntzan horrela izaten da, saiatzen zara eta azkenean agian ez da aurrera irtetzen. Baina bai, banabil proiektu batekin”, azaltzen du. Hala ere, pista bat eman digu: “Literaturarekiko interesak hor jarraitzen du”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu