Osteguna,
2024ko Abenduak26

MugaKultura

loader-image
Durango
2:18 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 71 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

MIREN LARREA: “Aurten lan berri bat estreinatuko dugu, gerra garaiko andereñoei omenaldia izango da”

Jon Baraja
🟣 Emakumeok MUGAn

Miren Larrea Murgoitio zornotzarra ia bi hamarkada daramatza txotxongiloen munduan bete-betean murgilduta. 2005ean, Valentina Raposo txiletarrarekin batera, erreferente bihurtu den Anita Maravillas konpainia sortu zuen. Une honetan euren zortzigarren ikuskizuna prestatzen ari dira, uda ostean estreinatuko den Andereño lana, Errepublikako andereñoei omenaldi bat izango dena. Hala ere, emanaldiak eskaintzen jarraitzen dute eta otsailaren 17an Iurretan egongo dira umeei zuzendutako Pintto Pintto obrarekin.

Larrea, Pintto eta Raposo. TXELU ANGOITIA

“Antzerkia txikitatik izan dut oso gustoko, baina zaila zen ogibide bezala ikustea. Klaseak ematen institutuan hasi nuen, Markeliñeko Iñakirekin, eta hor gogo hau piztu zitzaidan. Ipuin kontalari bezala hasi nintzen eta horren bidez heldu nintzen titereen mundura, Elgoibarreko Taupada taldearekin. Hor konturatu nintzen bazegoela ofizio bat eta 20 urterekin Bartzelonara joatea erabaki nuen, txotxongiloen munduan gehiago sakontzeko”. Hitz horiekin erantzuten du Miren Larreak ogibide honetan nola hasi zen galdetzean.

2005ean Valentina Raposorekin batera Anita Maravillas proiektua sortu zuenetik zazpi antzezlan garatu ditu eta ehunka emanaldi eskaini ditu Estatuan zehar. Bere azken lana, Kotondarrak, ehungintzan lan egiten zuten emakumeek XX. mendearen hasieran burutu zuten borrokan inspiratuta, oso arrakastatsua izan zen.  Horren erakusgarri da 2021ean txotxongilo ikuskizun onenaren FETEN saria eskuratu zuela Gijonen eta 2022an Max ospetsuetako finalista izan zela Menorcan. “Sorpresa handia izan zen eta ospakizun bat izan zen guretzako”, azaldu dio zornotzarrak MugaKulturari.

Raposo eta Larrea ‘Kotondarrak’ obran. IBAN GORRITI

Etorkizunari begira, uda ostean obra berri bat estreinatuko dute. “Sortze-prozesuan murgilduta gaude eta urrian, Zornotza Aretoan, Andereño deituriko lana estreinatuko dugu”, aurreratu dio komunikabide honi. “Izenburuak dioen bezala, andereño baten istorioa kontatzen du. Gerra garaiko andereñoei omenaldi bat egin nahi diegu. Fabula ipuinetan oinarritutako estetika sortu diogu, bere ikasleak animaliak dira eta. Protagonistak zaintzan eta askatasunean oinarritutako eskola polit bat eraikiko du, baina nagusiek gerra bat hasten dute eta hainbeste amestutako eskola hori atzean utzi beharko dute bidai luze bat abiatzeko”, gehitzen du Larreak.

«Aktore batek bere gorputza dauka, baina titerea eraiki egin behar dugu»

Obra baten sortze-prozesuak urte eta erdi inguru irauten du. “Lehenengo eta behin zer kontantu nahi dugun argi izan behar dugu. Titere profesionalak eraikitzea prozesu geldoa da, aztertu egin behar da bakoitzak zer behar duen. Aktore batek bere gorputza dauka, baina titerea eraiki egin behar dugu”, azaltzen du bere tailerra daukan Anita Maravillas konpainiako kideak.

Obraren une bat. TXELU ANGOITIA

Hala ere, datozen hilabeteetan agertokietara igotzen jarraituko dute Kotondarrak arrakastatsuarekin eta umee txikiagoentzako zuzenduta dagoen Pintto Pintto ikuskizunekin. “Hurrengo asteetan Katalunia aldetik ibiliko gara eta gero Iparraldera, Ibizara edota Santanderrera joango gara”, nabarmentzen du Larreak. Gainera, laster egongo dira Durangaldean txakurkumearen istorio ederrarekin. Konkretuki, Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean izango dira otsailaren 17an, 17:00etan, Antzerkia Bultzatuz programaren barnean.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu