Durangoko Emakumeen Kartzelako biktimak omenduko dituzte larunbat honetan
Emakumeok MUGAn
Durangoko Udalak, elkarte memorialista eta feministekin batera, omenaldia egingo die larunbat honetan gaur egun Nevers ikastetxean kokatuta zegoen emakumeen kartzelako errepresaliatuei. Omenaldia 13:00etan izango da, kartzela zaharraren kokalekuan, 1939tik 1940ra bitartean 1.000 emakume inguruk jasan zuten errepresioa aitortzeko helburuarekin.
Emakumeentzako Bizkaiko lau espetxeetako bat izan zen Durangokoa, eta, zenbait iturriren arabera, bost preso eta sei haur hil ziren. Omenaldia aurkezteko asmoz, udal bozeramaileek Andereak eta Gerediaga elkarteetako ordezkariak izan dituzte ondoan.
Beharrezkoa
Ima Garrastatxu alkatearen eta Julian Rios alkateordearen ustez, “beharrezkoa da Durangoko emakumeen espetxe hartan errepresio faxista jasan behar izan zuten emakume guztiak gogoratzea. Gaur egun normaltasun osoz ibiltzen gara hortik, askotan emakumeen aurkako errepresio zentro bat izan zela konturatu gabe. Horregatik, Durangoko Udaletik gogora ekarri nahi ditugu, besteak beste, Dolores Castillo, Guadalupe Gargallo, Eugenia Hinojosa, Nieves Martín, Eustaquia Pérez, hil ziren sei haurrak eta frankismoak errepresaliatutako emakume guztiak”.
Ekimen honetarako Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren dirulaguntza jaso du Udalak. 2010ean espetxe zaharraren aurrean landatu zen haritzaren inguruan egingo da ekitaldia, eta bertan izango dira, besteak beste, Maria Gorosarri kazetaria, Leire Vargas idazlea –Joseba Sarrionandiaren bertso batzuk errezitatuko dituena– eta «dantzariak», azpimarratu du Marisa Barrenak. Gainera, plaka bat jarriko da espetxe horretan hil ziren emakumeen eta adingabeen izen abizenekin.