Osteguna,
2024ko Apirilak18

MugaKultura

loader-image
Durango
2:11 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 86 %
Ráfagas de viento: 15 Km/h

Zornotza Aretoan musika, antzerki, zinema eta dantza ikuskizun bikainak izango dira, urtarriletik ekainera

2023 urtea hasita, Amorebieta-Etxanoko Udalak Zornotza Aretoko musika, antzerki, zinema eta dantza ikuskizunen egitaraua argitaratu du. Kultur eskaintza zabalari esker, adin guztietako zornotzarrek ikuskizun ezberdinez gozatzeko aukera izango dute herrian bertan, urtarriletik ekainera.

José Sacristán.

Programazio berri hau gaur hasten da, ‘Hendrik Röver & los miticos GTs’ taldearen kontzertuarekin. Ikuskizuna Musika gertu Zelaietan ekimenaren parte da, eta Honky Tonk, Rockandrol, Blues eta Rhythm and Blues estiloak uztartuko dituzte emanaldian. Hau izango da urtarriletik ekainera bitartean egingo diren zazpi kontzertuetako lehena. Otsailaren 2an, ‘Johnny Bigstone & Sweet Marta’ bikote akustikoak blues eta amerikar musika tradizionaleko kontzertua eskainiko du. Denboraldiko hirugarren kontzertua zornotzar gazteentzat izango da: ‘Go!azen 9.0 denboraldi berria!’; aurten ere, musika eta dantzaren bidez, Basokabiko ikasleek euren istorioak kontatuko dituzte. Otsailaren 18an izango da eta joan nahi dutenek urtarrilaren 23tik 27ra bitartean eman beharko dute izena zozketan parte hartu ahal izateko. Kontzertuekin jarraituz, martxoaren 9an ‘The Cyborgs’ bikoteak emanaldi ikusgarria eskainiko du Zelaietan, Italiako eta Europako eszenan zozo zuri bat antzeztuz; gaur egun aurkitzen zailak diren trebetasunak, pasioa, dibertsioa, energia eta ironia uztartzen ditu taldeak.

Zornotzako Musika Bandaren kontzertuek ere leku propioa izango dute seihileko honetan. Otsailaren 25ean, ‘Pianoa atzo eta gaur’ izenburupean, pianoaren doinu klasikoetatik gaur egunera arteko bidaia egingo du taldeak; Ander Manzana pianista bilbotarra izango da gonbidatu berezia. Apirilaren 1ean Bandak joko du berriro, kasu honetan ‘Banda atzotik gaur arte’ bandarako errepertorio klasikoarekin. Azkenik, ekainaren 10ean, Haizetara ekimenaren atarian, ‘Atzoko aldapeko, gaur’ kontzertua eskainiko du Euskal Herriko jazzaren ezagutza eta eragina Amorebieta-Etxanora gerturatuz.

Antzezlanak, programazioan nagusi

Guztira hamabost antzezlanek eskegiko dute kartela seihileko honetan Zornotza Aretoaren sarreran, eta horietatik sei familia osoari zuzendutakoak izango dira. Denboraldi berriari hasiera emanez lehen antzezlana urtarrilaren 13an izango da ikusgai, ostirala, Vaiven taldearen eskutik: ‘Redada familiar’ filmak Delitu Informatikoen Unitatearen sarekada bat jasaten ari den familia baten istorioa kontatzen du. Bestetik, Titzina produkzio etxearen ‘Buho’ antzezlana Zornotza Aretoan izango da urtarrilaren 27an: bertan, Pablo antropologo forentseak iktus bat izan ondoren bere memoria berreskuratzeko ahalegina egingo du.

Hilabete geroago, otsailaren 24an, Artedrama + Axut-en eskutik, ‘Hondamendia’ antzezlanak helburu izango du 2020ko otsailean Zaldibarren bi langile lurperatuta utzi zituen zabortegi baten erorketa irudikatzea.

Martxoan, Emakumeen Nazioarteko Eguneko programazioaren barruan, Ste Xeito ekoiztetxea Amorebieta-Etxanon izango da; hilaren 9an hain zuzen ere ‘Feminissimas’ lanarekin. Bertan, duela urte batzuk elkar ikusten ez duten nerabezaroko hiru lagunen gorabeherak azalduko dira, bat egingo baitute Vigoko biltzar feminista batean. Hau izango da hilabete honetarako programatutako hiru obretatik lehena. Bigarrenak, K producciones-en ‘El nadador de aguas abiertas’ antzezlanak, Niloren bilakaera pertsonala kontatuko du, igeriketaren bidez bere bizitzako ikasgairik garrantzitsuena jasoko duen erdipurdiko aktorearena; martxoaren 17an Zornotza Aretoan izango da. Hirugarrenak, Tartean taldearen ‘Alderray’ izenekoak, istorio kontalari baten eta honen ikasle gazte baten bizipenak plazaratuko ditu.

Apirilean bi antzerki ikuskizun izango dira. Batetik, hilaren 21ean, Txaloren ‘Ixilik hobe’ lanak azalduko du edozein gairi buruz gaur egungo gizarteak duen iritzia emateko eta eztabaida sortzeko beharraz. Eta bestetik, 28an Pentación ekoiztetxea izango Amorebieta-Etxanon, José Sacristanek interpretatutako ‘Señora de rojo sobre fondo gris’ lanarekin.


Eta publiko orokorrari zuzendutako lanekin amaitzeko, Artez hobe ekoiztetxe zornotzarra etxean izango da (El)BION(m)BO(A) obrarekin. Bertan, Angelek, 70 urteko gizon batek, bere desio, gustu musikal, gorputz eta benetako joera sexualaz gozatuko du.

Familia osoari zuzendutako antzezlanei dagokienez, ‘Iratxoen kantu sekretuak’ ikuskizunarekin hasiko da seihilekoa, urtarrilaren 21ean, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Bertan, Pintxo, 3D avatar interaktiboak bere unibertsoaren sekretuak kontatuko ditu abesti, hitz eta koreografien bidez.

Otsailerako bi ikuskizun programatu dira. Hilaren 11n La Baldufa ekoiztetxea Amorebieta-Etxanon izango da ‘Urtxintxaren fabula’ antzezlanarekin. Bertan, triku aberats batek bere egunerokotasuna hankaz gora jarriko duen katagorri baten bisita jasoko du. Hilaren 17an, Porrotx eta Marimotots Zornotza Aretoko oholtzara igoko dira ‘Urteak bete, abenturak bizi’ ikuskizunarekin. Sarreren zozketan parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 23tik 27ra eman beharko dute izena Zelaietan.

Martxoan, familia osoari zuzendutako antzezlana Mar-Mar teatroren eskutik iritsiko da Zornotza Aretora, ‘Arrainak bihotzean’ lanarekin; hilaren 4an, Marti, antzezlaneko protagonista, uretara botako du ekaitz batek. Ezustean harrapatuko du eta itsas hondotik bidaia behartua hasi beharko du. Antzezlana 3 urtetik gorako umeei zuzenduta dago.

Apirilean, hilaren 22an, Xirriquiteularen ‘Laika’ lanak 1957. urtera eramango ditu Zornotza Aretoan elkartutakoak. Moskun, Gerra Hotzaren erdian eta espazio-lasterketan murgilduta dagoen hirian, Laika txakurtxoak kale hotzetan biziraungo du. Lana 4 urtetik gorako zornotzarrei zuzenduta dago.

Azkenik, maiatzaren 20an, Gorakada ekoiztetxea Amorebieta-Etxanon izango da 4 urtetik gorako publikoari zuzendutako ‘Kelonia eta itsasoa’ lanarekin. Bertan, hondartzan ilargirik gabeko gau batean jaiotzen den dortoka txiki baten istorioa kontatzen da. Kelonia adiskidetasun eta biziraupen istorio bat da.

Kukairen ‘Yarin’ dantza ikuskizuna

Dantzari dagokionez, Kukai Dantza Taldea Amorebieta-Etxanora itzuliko da ‘Yarin’ ikuskizunarekin. Datorren maiatzaren 5ean, dantzaren bidez, Andres Marin eta Jon Maya dantzariek elkarrekin marraztuko dute etorkizuna, ondokoaren begiradara garamatzan leihoa, sustraietatik abiatu eta etengabeko elkarrizketak argitzen duena.

2023 zinekluba

Azkenik, Zornotza Aretoaren programazioari amaiera emateko, Amorebieta-Etxanoko Udalak film bat programatuko du urtarriletik martxora, astearteetan, 20:15ean, Zinekluba ekimenaren baitan. Urtarrilean ‘Cose’, ‘Cerdita’ eta ‘EO’ filmak proiektatuko dira; otsailean, ‘Costa Brava, Libano’, ‘Secaderos’ eta ‘Suro’; eta martxoan ‘Noizko basoa’ eta ‘Pelikula baten bila’.

Sarrerak salgai

Aurretik aipatutako ikuskizunetarako sarrerak erosi nahi dituzten zornotzarrek www.zornotzaaretoa.eus webgunearen bidez edo aurrez aurre Zelaieta Zentroan eta Zornotza Aretoan eskuratu ahal izango dituzte. Era berean, bazkide izan eta Ametx txartela duten herritarrek hainbat abantaila izango dituzte, hala nola, sarrerak erreserbatzea.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu