Asteartea,
2024ko Maiatzak07

MugaKultura

loader-image
Durango
8:49 pm,
temperature icon 14°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 10 Km/h

Eneko Sagardoy zuzendari gisa estreinatuko da ‘Betiko gaua’ film laburrarekin: “Hilabete honetan zehar grabatuko dugu”

Jon Baraja

Eneko Sagardoy Mujika durangarra albiste da hainbat arrazoiengatik. Pasa den azaroan Udalak eman zituen Durango Sarien lehen edizioan Sari Berezia jaso zuen aktoreak Betiko gaua film laburrarekin egingo du aurten bere debuta zuzendari gisa. Gainera, otsailean iritsiko da zinema-aretoetara Irati pelikula, non protagonista nagusienetako bat da. Hori gutxi balitz, bere etorkizuneko proiektuen artean atzerrian telesail bat grabatzea dago.

Eneko Sagardoy. © CONTANDO OVEJAS

Hilabete honetan zehar filmatuko da, Araban, Eneko Sagardoy Mujikak (Durango, 1994) zuzenduko duen lehen laburmetraia: Betiko gaua. “Momentuz ezer gutxi aurreratu ahal dut. Errepidean bi emakume batuko dira eta bata bestearen atzetik ibiliko dira”, azaldu dio Sagardoyk MugaKulturari. Gidoia Nerea Ibarzabal markinarrarekin batera idatzi du eta aktore moduan Miren Gaztañaga eta Elena Irureta egongo dira. Musika Maite Arroitajauregik eta Aran Callejak jarriko dute. “Kriston taldea osatu dugu. Zorte handia da haiek moduko profesionalak taldean edukitzea, ondo babestuta noa”, nabarmentzen du durangarrak.

Proiektua aspaldi hasi zen sortzen. “Nerea eta biok idatzitako ipuin labur bat zen eta zinerako moldaketa konfinamendu garaian egin nuen, baina orain arte ez nuen tarterik topatzen honetan buru-belarri egoteko, etenaldi handi bat suposatzen zidalako aktore moduan. Prestaketa bi edo hiru hilabetekoa izan da eta urtarrilean zehar grabatuko dugu”, onartzen du Sagardoyk. Betiko gaua laburmetraia aurten estreinatuko da eta festibaletan ibilbidea izatea espero du bere zuzendariak.

Goya sarietarako bost izendapen ditu ‘Irati’ filmak

Beste alde batetik, otsailaren 24an Irati pelikula helduko da zinema-aretoetara. Paul Urkijok zuzenduta eta VIII. mendeko Piriniotan girotuta, Goya sarietarako bost izendapen ditu. Gala ospetsu honetako 2018ko edizioan Handia filmean egindako lanagatik aktore berri onenaren saria lortu zuen durangarrak nobleziako gazte bat interpretatu du oraingo honetan. “Pelikula ikaragarria da. Jendea asko harrituko dela uste dut, filme epikoa, historikoa, mitologikoa da. Hiru festibaletan publikoaren saria lortu du, haien artean Sitgesekoan, beldurrezko festibalik prestigiotsuenean”, dio Sagardoyk.

‘Irati’ filmean. © IRATI

Bere pertsonaiak haraneko liderra izateko balioa erakutsi beharko du, lehenago bere aitak eta aitonak egin zuten bezala. Horretarako, antzinako kondaira mitologikoz beteriko mundu bitxi eta misteriotsu batean murgilduko da, Irati izeneko neska gazte pagano baten laguntzarekin.  Jendea zinema-aretoera joatera animatu nahi du “flipatuko dutelako”. “Gure herriko historiaren pasarte bat kontatzen du, gure mitologiaren mundua darama pantaila handira. Soinu eta efektu berezien aldetik ikaragarria da pantaila handian ikustea eta entzutea”, azaltzen du durangarrak.

‘Una ballena’

Etorkizuneko proeiktuei begira, laster ekingo dio Pablo Hernando gasteiztarraren Una ballena pelikularen filmazioari, non Ingrid García-Jonssonekin eta Ramon Barearekin egingo du lan. Gainera, atzerrian telesail bat grabatzeko aukera atera zaio. “Oraindik ezin dut gehiegi esan, ingelesez izango dela bakarrik”, aurreratu dio komunikabide honi.

Orain dela bi hilabete bere herriko Udalak Durango Sariak ekimenaren lehen edizioa antolatu zuen. Bertan, une honetan Bilbon bizi den durangarrak Sari Berezia jaso zuen. “Herrian kontuan hartzen zaituztela ikustea eta maitasun hori sentitzea oso garrantzitsua izan zen eta eskertzekoa da. Oso harro eta pozik nago”, azpimarratzen du Sagardoyk.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu