DURANGOKO ‘WIKILARIAK’: “Martxoaren 8rako emakumeen 3.000 biografietara heltzea da gure hurrengo erronka”
Jon Baraja
Emakumeok
Orain dela hiru urte eginkizun honekin hasi zirenetik, Durangoko wikilariek emakumeen 2.700 biografia sortu edo itzuli dituzte. “Martxoaren 8rako 3.000ra heltzea da gure hurrengo erronka”, dio talde honetako partaide den Marisa Barrenak. Musu-truk burutzen ari diren lanari esker, Euskal Wikipediak izugarri murritztu du bere genero arrakala azkenaldian eta emakumearen presentzia nabarmena da mundu osoko beste Wikipedia askorekin alderatuta. Dena den, diferentzia handia dago oraindik, aurkitu ahal diren biografien hiru laurdenak gizonezkoenak baitira. Horregatik, gogor eta gogotsu jarraituko dute berdintasunaren eta, bide batez, euskararen alde. Izan ere, soilik Euskal Wikipediarako emakumeen biografiak gauzatzen hasi zen lehen taldea da Durangokoa.
Gaur egun hamar pertsona inguruk osatzen duten Durangoko wikilarien taldea 2020ko urtarrilean jaio zen, Mentxu Ramilok emandako formakuntza ikastaro baten ostean. Harrezkero, pandemiak behartutako parentesian izan ezik, ostiraletan elkartzen dira 16:00etatik 18:00etara Andragunean emakumeen biografiak sortzeko eta itzultzeko. “Bakoitzak bere erritmoan eta bere denboraren arabera etxetik jarraitzen du astean zehar. Ostiraletako bilerak zalantzak argitzeko edo daukagun informazioa trukatzeko izaten dira batez ere”, zehaztu dio MugaKulturari Marisa Barrenak, emakume eta gizonez osatutako taldean hasieratik dagoen partaideetako bat. “Talde irekia izatea erabaki genuen, gizonak konplizeak deitzen ditugu”.
Argi dauzkate euren helburuak. “Beste arlo askotan bezala, Wikipedian dagoen genero arrakala handia da eta murriztu egin nahi dugu”, dio wikilariak. Datuek erakusten dute bide onetik doazela: 2017an emakumeen biografia kopurua %13koa zen Euskal Wikipedian eta orain %24ra heldu da. Hobetzeko dago oraindik, baina beste herrialde batzuekiko alderaketak lan handia egiten ari direla erakusten du. Izan ere, Espainia (%22,8), Frantzia (%19), Alemania (%17), Italia (%16,3) edo Errusiako (%15,6) Wikipediek, besteak beste, portzentaje txikiagoa dute.
«Munduan 300 bat Wikipedia daude eta une honetan euskarazkoa ondo kokatuta dagoela esan daiteke»
“Emakumeak bistaratzeaz gain, gure helburua euskera bultzatzea da. Munduan 300 bat Wikipedia daude eta une honetan euskarazkoa ondo kokatuta dagoela esan daiteke boluntario askok ilusio handiarekin egiten ari garen lanari esker”, azpimarratzen du Barrenak. Durangoko talde hau aitzindaritzat jo daiteke. Izan ere, beste udalerri batzuetan, hala nola Gasteizen, Leioan edo Etxebarrin, baziren lehenago biografiak sortzeko biltzen ziren taldeak, baina gaztelaniaz zein euskaraz egiten zituzten. Durangokoak, ordea, Euskal Wikipedia baino ez du elikatzen. Ondoren, beste talde batzuk sortu dira soilik euskarazko sarrerak gauzatzen dituztenak Arraitan eta Oiartzunen.
Jende gehiago animatu nahi dute taldean sartzera: “Wikipedia elikatzean norbera ere aberasten da, emakume oso interesgarriak ezagutzeko aukera ematen duelako. Emakume horiek bistaratzea oso aberasgarria da eta barne poztasuna sortzen du”. Biografiak sortzerakoan inguruko emakumeenak izaten dira normalean, baina mundu osokoak itzultzen dituzte: “Durangokoekin hasi ginen, gero Duralgaldekoak, Euskal Herrikoak… Eta hortik mundura”.