Igandea,
2024ko Maiatzak19

MugaKultura

loader-image
Durango
2:28 am,
temperature icon 13°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 1 Km/h

Garaiko Udalak toponimia mapa berritu du

Testua · Garaiko Udala

Garaiko Udalak toponimia mapa berritu du.

Argazkia. © GARAIKO UDALA

Aurrekariak:

  • Lehenengo mapa 2008. urtean argitaratu zen.
  • Udalak herriko toponimia ikertzeko erabakia 2020an hartu zuen eta urte horretan argitaratu zuen beka deialdia. Jon Ander Ramos ikertzaileak eskuratu zuen beka.
  • Ikerketa aurrera ateratzeko, Garaiko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu zuten, Akademiak ikerketan lagundu eta leku izenen idazkera egokia finka zezan.
  • Horrezaz gain, mapa argitaratu ahal izateko, Garaiko Udalak 9.000 euro jaso zituen Eusko Jaurlaritzatik. Datuak mapan kokatzeko ardura Geograma enpresak izan du.
Ikerketaren ezaugarriak eta azalpena

Ikerketak bi zati izan ditu: idatzitako testigantzak aztertzea eta arakatzea eta, herritarren parte hartzearen bidez, ahozko lekukotzak jasotzea. Hori horrela, iturri idatziak aztertu ziren hainbat artxibotan, bereziki udalaren artxiboan, nahiz eta beste artxibo batzuetan ere arakatu den. Horren ondorioz, etxe eta etxeen lurrak jasotzen dituen artxibotik 370 izen jaso ziren. Era berean, basoetako udal dokumentazioa aztertu ostean, beste 363 leku-, etxe- eta soro-izen jaso dira. Bestelako iturrietatik 1.433 lekukotza jaso dira.

Iturri nagusiak hauexek izan dira:

  • 1704, 1745 eta 1796 urteetan, zerga kobratzeko jasota zeuden baserriak (fogerazioak deritzona).
  • 1825eko Polizia Errolda.
  • Durangoko Jabetza Erregistroa (1863-1955).

Idatzizko testigantzak aztertu ostean, ahozko bilketa gauzatu zen. Ahozko bilketaren bidez, beste 724 izen bildu eta kokatu ziren mapetan. Geroago, Euskaltzaindiaren laguntzaz, izenen idazkera egokia ezarri zen. Kontu horrek garrantzi dauka,  ahozkotik idatzira jauzi egin behar delako eta idazkera zaintzea garrantzitsua delako.

Lanaren emaitzaz, 2.860 leku-izen jaso dira guztira. Horietako hainbat errepikaturik ageri dira, zenbaitetan, urteen puruz idazkera desberdinez azaltzen baitira. Edozein gisaz, lekukotza guztiak jaso eta Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzaren datu baseetan jaso dira. Mapari dagokionez, jasotako toponimo guztiak mapan azaltzerik ez dagoenez, esanguratsuenak aukeratu dira; guztira, 515 toponimo jaso ditu mapa berriak, 2008ko mapan ageri ziren toponimoen bikoitza, hain zuzen. Horrezaz gain, toponimoak, bereziki, etxe zein baserri guztiak, georreferentziatu dira, bai eta koloreztatu ere Garaiko zein auzotan kokatzen diren modu erraz batean aurkitu ahal izateko.

Mapa berrian, 2008. urtean argitara emandako etxe izenetan aldaketa gutxi batzuk ageri dira. Izan ere, lan hori Deustuko Unibertsitateko Deiker institutuak paratu baitzuen Euskaltzaindiaren laguntzarekin. Oraingoan, ordea, gehitu diren beste 278 izen arautu behar izan ditu Euskaltzaindiak.

Ikerketa berriak emanikoaren zenbait adibide:

 

  • Aldatza > Aldatsa. Bizkaian ez da ts ahoskatzen eta bere ordez tz erabiltzen da. Horregatik, 1860an Aldatza ageri da. Baina Saratza-rekin gertatzen den bezala <ts> behar du.
  • Aurreko mapan Aranerreketa. Orain, Arnagaerreketa. Ikerketak frogatu du Arnaga egon zela bertan. Erori, izena itxuraldatu eta Anerketa bihurtu zen. Orduan, pentsatu zen Aranaerreketa zela, baina ez da horrela. 1888an, erdarara erdi itzulita: caserío Barrincu-Arnaya ageri da.
  • Arroitabeiti > Arroitabeitia: 1722 Arroitabeitia, 1745 la caseria de Arroyta Veytia, 1796 la casa de Arroitaveitia eta 1825 Arroitaveitia.
  • Tromoite > Tromoita: 1704 la casa de Tromoyta; 1720 Tromoita.

Aurreko mapako leku-izenetan egindako zenbait aldaketa:  Agiño (lehen, Agimiño), Arluzeaga (Arluziaga), Illuntzar (Ilunzar), Mallubitza (Mallabitza), Otatzagarai (Otazagarai) eta abar.

Udalak herriko mapa toponimokoa egitea erabaki zuenean, bi helburu bete nahi izan zituen. Herriko ondarea biltzea eta herriko zein kanpoko jendearentzat lagungarria den tresna bat eskaintzea. Toki izenak berreskuratzearekin batera, gure nagusien aho-ezpainetatik jasotako ondarea balioan jarri nahi zuen udalak, omenaldia egin nahi zien, bai eta eskertu ere ondare hori jaso eta transmititzen ahalegindu direlako. Inguruabar horretan, udalak esker ona agertu nahi die lekukotzak jasotzen lagundu duten guztiei, bai eta haien testigantzak eman dituztenei ere.

Toponimoek, leku-izenek, gure ondarea osatzen dute eta udalaren lana da babestea, jasotzea eta hedatzea. Hau ez da garrantzirik gabeko kontu bat. Aspaldi, Nazio Batuen Erakundeak erabaki zuen leku-izenak ere Gizateriaren Ondare badirela eta herri-erakundeen lana dela horiek biltzea, ikertzea eta babestea. Ildo horretako urrats esanguratsua egin berri du Garaiko Udalak, betiere guztion ekarpen eta iruzkinoi  zabalik.

GARAIKO TOPONIMIA · Izena duena bada (Lo que tiene nombre, existe)

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu